2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEAEko sektore publikoaren euskalduntzeari 15 urteko epemuga jartzeko adostasuna aurkeztu dugu

EAEko sektore publikoaren euskalduntzeari 15 urteko epemuga jartzeko adostasuna aurkeztu dugu

Agerraldi bateratu bat egin dugu, Kontseilua eta ELA sindikatuarekin batera, EAEko administrazio publikoaren euskalduntzea arautuko duen dekretuaren inguruko eztabaida abiatu berri den honetan gure proposamena plazaratzeko.

Proposamenaren aurkezpenari ekin aurretik, hiru eragileok gaitzetsi duguaste honetan Gasteizko Administrazio Auzitegiak udaltzainen lan poltsaren sarbiderako euskarazko B2 maila egiaztatu behar izatearen aurkako ebazpena, bai eta Auzitegi Gorenak iaz Irungo Udalak udaltzainei hizkuntza-eskakizuna eskatzea atzera bota izanari aurkeztutako kasazio helegitea tramiterako onartu ez izana ere. Berriro ere, botere judizialaren eskuhartze larritzat jotzen dugu sententzia, eta epaileek euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketen aurkako hizkuntza politika egiten jarraitzen dutela salatzen dugu hiru eragileok. Halaber, horrelako epaiek agerian uzte dute araugintza sendoa behar dela, zirrikiturik gabekoa, eta, beraz, onartu beharreko dekretuak ausarta eta erabakigarria izan behar du.

Gaurkoan, EAEko administrazio publikoaren euskalduntzea arautuko duen dekretuaren inguruko eztabaida abiatu berri den honetan, LABek, ELAk eta Euskalgintzaren Kontseiluak administrazio-zerbitzu horiek euskalduntzea helburu duten oinarrizko proposamenak aurkeztu ditugu. LABen izenean, Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusia izan da agerraldian.

Egungo egoeratik aurrerapauso garrantzitsuak egiteko ordua dela uste dugu hiru eragileok, eta oinarrizko proposamena adostu dugu, sektore publikoa euskalduntzeko nahikoa oinarri eta neurri sendoak jasotzen dituena.

Eta, ezer baino lehen, bada azpimarratu nahiko genukeen elementua: lankidetza-bide honek bakoitzak egingo lukeen proposamenetik urrunago joatea eskatu digu. Izan ere, gehiengo sindikalak eta euskalgintzaren bilgune garrantzitsuenak mahai gainean jartzen dugun oinarrizko adostasuna da honako hau. Horrela, zeinek bere proposamen propioak egin baditu ere, gai izan gara hiruron arteko ekarpen bat publikoki aurkezteko eta defendatzeko.

Bigarrenik, bada hiru eragileon proposamenak duen beste ezaugarri nagusirik: administrazioaren euskalduntzeari epe zehatza jarri diogula, hamabost urtekoa, auzi honi determinazio osoz eta atzerapenik gabe erantzuteko garaia dela uste dugulako. Izan ere, kontuan izan behar dugu datozen urteotan langile publikoen erdiak hartuko duela erretiroa, eta belaunaldi aldaketa hori abagune aparta da administrazioa euskalduntzeko langile guztiei erreparatuko dien trantsiziorako prozesu batekin.

Esan bezala, edukiaren filosofiari lotzen bagatzaizkio, hamabost urtetan administrazioan, lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea nahi dugu, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea, gaztelaniadunek bezalaxe. Eta, era berean, horrela bakarrik bermatuko da langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea. Hartara, bide hau eskubideen bermea erdiestekoa da, ez inoren kontra eraikitzen, prozesu guztian egun administrazioetan lanean ari diren eta euskarazko ezagutzarik ez duten langile publikoentzat euskararen ezagutza jasotzeko bide eta baliabideak aurreikusi dira, edota salbuespenak bide hori, adin edo bestelako arrazoiengatik, egin ezin dutenentzat.

Azkenik, administrazioa euskalduntzea eta langileen eskubideak bateragarriak direla erakusten duen proposamena da honakoa, administrazioaren aldetik borondatea badago langileen eta administrazioaren arteko esfortzu partekatuaren bitartez eskubide guztiak bateragarriak izango dira.

Hiru eragileok aurkeztutako proposamena bederatzi multzotan banatu da: helburu eta epe zehatzak ezartzea, langileen beharrezko hizkuntza gaitasuna, euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea, derrigortasun indizearen sistema gainditzea, langileak euskalduntzeko formazio programa sendoa (formaziorako baliabideak eta liberazioak), lan-poltsa eta deialdi berriak, langileen mugikortasunari buruzko irizpideak, hizkuntza-erabilera irizpideak, eta, azkenik, derrigortasun-data ez betetzearen ondorioak eta salbuespenetarako aukera.

Egutegia eta baliabideak

Multzo horiek laburbilduko ditugu jarraian. Baina berriro azpimarratu nahi dugu proposamen honek egutegi bat eta baliabideak eskaintzen dituela langile guztiak kontuan hartuta: euskaraz dakitenak eta ez dakitenak. Eta horretarako lan baldintza duinak ere beharrezkoak izango dira: behin-behinekotasuna euskararentzat oztopo delako administrazioaren euskalduntzeko prozesuak aurrera eramateko, are gehiago Hego Euskal Herriko administrazioetan behin-behinekotasuna %40koa denean.

Hau esanda, beraz, proposamenaren lehen neurria helburu eta epe zehatzak ezartzea da. Sektore publikoaren euskalduntzeari begira ondorengo helburu orokorrak finkatu beharko lirateke: bost urtean herritarrekiko euskarazko harremana bermatzea, eta hamabost urtean sektore publikoak euskaraz jardutea.

Bigarren neurriak langileen beharrezko hizkuntza gaitasunari egiten dio erreferentzia. Herritarrekiko euskarazko zerbitzua bermatzeko, eta langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko, lanpostuz lanpostu herritarren eta lankideekin duten harremanaren arabera hizkuntza-gaitasun zehatza definitu beharko da, 15 urteko ikuspegian.

Hirugarrenik, proposamenak euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea jasotzen du. Lehengoen kasuan, herritarrak euskaraz artatzea bermatzeko, euskaraz jardungo duen zerbitzu-katea definitu beharko da. Bigarren kasuan, berriz, lan-jarduna euskaraz garatuko duten unitateei buruz ari gara. Horretarako, beraz, unitate horretako langileek euren lan-harremanak euskaraz garatzeko behar besteko gaitasuna izan beharko dute.

Laugarrenik, hiru eragileok egun ezarrita dagoen derrigortasun-indizearen sistema gainditzeko eskatzen dute. Gure ustez, sistema hori gainditzera jo behar da. Hala egin ezean, beti geratuko baita aukera sektore publikora beharrezko hizkuntza-gaitasunik ez duten langileak sartzeko. Eta langile horien euskalduntzeak gainkostua ekarriko du. Hori egikaritzeko neurri zehatzak jaso ditugu proposamenean.

Bestalde, hiru eragileon arabera azpimarra jarri behar da langileak euskalduntzeko formazio-programa sendoetan eta horri zuzendutako askotariko baliabideetan. Aurrez esandakoaren bidetik, sektore publikoa euskalduntzeko proposamen serio batek neurri zehatzak hartzea eta baliabideak ezartzea eskatzen du. Baliabideei dagokienez, langileen formaziorako programa sendoa garatzea beharrezkoa delakoan gaude. Hartara, hiru eragileok non begiratu badagoela adierazi dugu, hezkuntza-sektorean hain zuzen.

Belaunaldi elebidunena

Azken egunotan hizpide izan diren lan-poltsei dagokienez, bai eta deialdi berriei dagokienez ere, neurriak jaso dira. Kontuan hartuta gaur egun lan-mundura jauzia egingo duen belaunaldia aspaldiko belaunaldi elebidunena izango dela (%80tik gorako ezagutza-tasa), jauzia egiteko aukera eskaintzen digu. Horrela, ezinbestekoa da lanpostuek deialdi berri guztietan B2 hizkuntza-eskakizuna, gutxienez, ezarrita izatea, eta lanpostuaren funtzioari edo betekizunari lotutako proba bat, gutxienez, euskaraz izatea.

Langileen mugikortasunari buruzko irizpideak ere jaso ditu proposamenak, izan ere, langileen mugikortasun handiko sektorea dugu. Zentzu horretan, ulertzen dugu langileen egonkortasuna bultzatzea administrazioaren euskalduntzea bultzatzeko neurri egokia dela. Horrekin batera, langileen mugikortasunak administrazioaren euskalduntze-prozesuari ahal den neurrian laguntzeko eta, edozein kasutan, ez kaltetzeko irizpideak finkatu behar dira.

Horiekin guztiekin batera, kontuan hartu behar da hizkuntzaren erabilera-irizpideak arautu ezean, beti nagusituko dela hizkuntza-hegemonikoa. Hizkuntza hegemonikoa boterez eta baliabidez baita nagusi. Horregatik, hizkuntza-hegemonikoak gutxiagotutako hizkuntza lehenesteko irizpideak ezartzea ezinbestekoa da, honen erabilera normalizatuko bada. Izan ere, ezer gutxirako balio du hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeak eta dagokion gaitasuna duten langileak izateak, ondotik, langile horiek euren lan jarduna euskaraz garatzen ez badute.

Azkenik, derrigortasun-data ez betetzearen ondorioak eta salbuespenetarako aukerak jaso dira proposamenean. Proposamen honekin bat egiten dugun eragileok argi dugu administrazioko langileak euren lanpostuetan mantentzearen aldeko apustua egiten dugula.

Hiru eragileok berretsi nahi ditugu aurkeztutako proposamenaren bi balio nagusiak. Batetik, gehiengo zabal baten babesa duela; bestetik, epe zehatz eta egingarriak jartzen dizkiola administrazioaren euskalduntzeari. Gauzak horrela, zinez uste dugu Eusko Jaurlaritza jorratzen ari den dekretuak proposamen honetan jasotako neurriak bere egin behar dituela, baldin eta, dekretuak administrazioa euskalduntzeko eta herritarren zein langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskatzen dituen urrats eragingarriagoak egingo baditu.

Horregatik, honako proposamen hau ekarpen gisa sartuko dugu Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan eta alderdiei bidaliko diegu aintzat har dezaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...