2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaEAEko Hezkuntza Sailak adostasunik gabeko eta inprobisazioz beteriko proposamenak gaizki eta berandu...

EAEko Hezkuntza Sailak adostasunik gabeko eta inprobisazioz beteriko proposamenak gaizki eta berandu aurkeztu dituela salatzen dugu

Ikasturte berria hasteko bi aste geratzen direla, azken egunotan ezagutu ditugu Iruñeko eta Gasteizko gobernuen asmoak eskoletarako itzulerarako. Kasu bietan, aldebakarrez diseinaturiko proposamenak dira aurkeztutakoak, eta, okerragoa dena, azken uneko erabaki inprobisatuez beteak, zalantza eta hutsune asko agerian uzten dituztenak. EAEn, gainera, azken asteotan COVID19-ren berragertzea indartu denean, Hezkuntza Sailburua desagerturik egon da langile, eragile eta familiek zituzten kezken aurrean azalpenik eman gabe.

Ekainetik hona EAEko hezkuntza arduradunak ez dira langileen ordezkariekin bildu hartu beharreko neurriak negoziatu eta adosteko, eta ez da uda baliatu ikasturtearen diseinua lantzeko. Oporraldi aurretik, kontingentzia-planak eta jarraibide batzuk bidali zitzaizkien ikastetxeetara, baina, autonomiaren izenean, ez dira irizpide komunak ezarri LABetik exijitu dugun bezala. Prebentzio-koordinatzailearen figura aurreikusten da, gure iritziz guztiz beharrezkotzat jotzeaz gainera, argi dugu koordinazioa egingo duen pertsonari orduak eman beharko zaizkiola funtzio hori bete dezan, eta lan hori Hezkuntza Sailarekin koordinatua izan beharra dagoela.

Talde egonkorrak edo afinitate-taldeak eratzearen alde agertu gara hasieratik, baina neurri hau eraginkorra izan dadin ikasleen ratioak jaistea ezinbestekoa da. Eskoletako geletan ikasle gutxiago sartzeaz gainera, ratioak ere jaitsi behar dira 0-3 zikloan, heziketa bereziko espezialistek artatu behar duten ikasle-kopuruari dagokionez, jangeletan, garbitu beharreko metro-kopuruetan… Beharrezkoa balitz, gainera, udal instalazioak edo beste espazio publikoak egokitzeko eskatu genuen eta aurreikuspenik ez dela egin uste dugu. Kasuak kasu, eskoletan maiatzean, 15 ikasleko taldeak posible baziren ere, ez dugu ulertzen orain nola ratioak 23, 25 eta 30eko taldeetan jezartzen diren, ez bada irizpide ekonomizistak lehenesten direla, behar pedagogiko eta segurtasunekoen gainetik.

Kolektiboz kolektibo ratioak aztertzea eta jaisteak -eta, beraz, langile gehiago kontratatzea-, ez da hezkuntzan aurrezteko momentua, beharrezko giza-baliabide eta bitarteko materialez hornitzeko baizik; baita azken sei hileotan atzera egin den arlo pedagokikoa indartzeko ere. Arrakala digital eta sozialari aurre egitekoez gainera, euskara eta euskal kultura alorrean ikasle askok jasan duten hutsuneari aurre egiteko neurriak behar dira. Oraindik ez ditugu ezagutzen ikasleek arlo pedagogikoan eta psikoemozionaletan jasan dituzten ondorioei aurre egiteko hezkuntza sailek egiten duten proposamenik.

Hezkuntza-sistema agortua zegoela-eta, ekainaren amaieran, LABetik arlo pedagogikoa eta prebentzio arlotik landutako proposamena aurkeztu genuen 2020/21 ikasturterako. Bertan, ebaluazio hezitzailerantz urrats zehatzak egitea proposatzen genuen, baita konpetentzietan oinarrituriko metodologia eta, ratioak jaisteko beharra aprobetxatuz, hezkuntza kooperatiboa ere. Hori guztia, ikaslea ikas-prozesuaren subjektu anitza dela kontuan hartuta eta hezkidetza bermatuta. Pandemiak ere aukera ematen zuen zaintza, elikadura edo kontsumo jasangarria erdigunean jartzeko.

Nafarroako eta EAEko hezkuntza arduradunek, ordea, ez dute ezer ikasi, eta Europan dauden Italiako bezalako esperientziei muzin eginez, Madrilera begirako epe motzeko irtenbideak bilatzen ari dira, ahalik eta koste txikienean gainera, inorekin adostu gabe, eta berandu, oso berandu…

LABetik lehen bait lehen langile eta beste eragileekin ikasturte-hasiera segurua eta adostua planifikatzeko exijitzen diegu bi gobernuei, eta irailetik harago, prest gaude hezkuntza-komunitatea osatzen dugun eragile guztiokin euskal jendarteak merezi duen Euskal Eskola Publiko Komunitariorantzko urrats sendoak emateko lan egiten jarraitzeko, pandemiak agerian utzi baitu egungo hezkuntza-sistema agorturik dagoela eta aukera berria ematen digu birpentsatu eta eraldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...