Derrigorrezko aldian 600 ikastetxeren ardura hartu behar da erkidego osoan. 27.000 langileren gaineko ardura hartu behar da. Aipatu kopurua handiagoa izan ohi da batzuetan, behin-behineko kontratazioen gora-beherengatik. Honakoek osatzen dute Hezkuntza Sailaren berezko prebentzio zerbitzuan lan egiten duten langile taldea: segurtasun teknikari 1, higiene-teknikari 1, alor psikosozialean adituak diren 7 teknikari, 7 mediku, eta sanitarioak. Egoerak bereziki kezkatzen gaitu, benetako eta kalitatezkoa izango den prebentzioa galarazten duelako; helburutzat arriskuak ezabatzea eta lanpostu osasungarria izatea izango duen prebentzioa.
Ezintasun honek zorigaiztoko ondorioak dakartza, laneko gaixotasunak ez dira aitortzen (2014an lau aitortu dira hezkuntza esparruan), osasunaren zaintza kaskarra, erritmo eskasean egiten diren ebaluazioak (psikosozialenak urtero 7, epe luzera zaharkituak geratzen dira), istripuak ez dira ikertzen, lanpostuak ez dira egokitzen eta abar luzea.
LABek, joan de urrian eskatu zuen OSALANen esku hartze teknikoa egoeraren egiazko analisia egiteko eta errealitateari egokitutako neurriak proposatzeko. OSALANekin eta Lan Ikuskaritzarekin elkartu ginen gure zalantzak adierazteko. OSALANek Hezkuntza Sailari informazio-eskaera egitea erabaki genuen.
OSALANek prebentzio zerbitzuaren auditoretza egitea eskatu zion Sailari. Laneko Arriskuen Prebentzio Legean ezinbestean bete behar diren puntuetako bat dugu, prebentzio jarduerak non asmatu eta non hutsegiten duen antzematen laguntzen du.
Zentzuzko denboraldia igaro ostean, kontuak aurrera egiten ez zuenez (bost hilabete igaro dira), berriro jarri gara OSALANekin harremanetan. Guztiz harrituta geratu gara. Aitortu digu birritan eskatu duela auditoretza eta ez duela arrakastarik izan. Berriro isiltasuna, itsua, mutua eta gorra den Sail honen aldetik.
LABek oraindik ez du ulertzen Hezkuntza Sailaren jarrera zertan den, arriskuen prebentzioari dagokionez. Ez dugu ulertzen nolatan ez diren kezkatzen gai honetaz, gero, behin eta berriz abstentismoa erabiltzen dutenean gaixoen aurkako arma gisa, honek diru-galera eragiten duela adieraziz, eta gaixoak soilik egiten dituztenean aipatu galeraren erantzule.
Sailak bere gain hartu beharko ditu ardurak osasun alorrean. Benetako jarduerak abiarazi behar ditu, gaixotasun arrunten tasak, istripu tasak, lanbide gaixotasun tasak,… urritu daitezen. Lanpostuak egokitzeak izan behar du jarduera horien helburuak. Hitz batez, Legea betetzeari ekin behar dio, haren bermatzailea delako.
LABek susmoa du Hezkuntza Sailak ez duela komunikazioa zaintzen. Ez dago, eta ez dago haren arrastorik. Uzten dizkiguten zirrikituak erabil ditzakegu bakarrik, etengabeko salaketa eta ekintza sindikala. Hori dela eta, oraingo honetan berriro joko dugu Laneko Ikuskaritzara dagokion salaketa egitera eta protesta dinamikak abiaraziko ditugu.