2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaEAEko Hezkuntza Legea: langileen eskaerak jorratzeko bide-orria eskatu dugu

EAEko Hezkuntza Legea: langileen eskaerak jorratzeko bide-orria eskatu dugu

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak adostutako dokumentuaren azterketa egin dugu, eta azterketa horren ondorioen berri eman dute Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarrek.

Hasierako zirriborroarekin alderatuta hainbat aurrerapauso eman dira; hala ere, gabeziak ere baditu, eta  gai batzuetan sakontasun handiagoa eskatzen dugu. Langileen lan baldintzei dagozkion gaiak langileekin adostu daitezen, hezkuntza legean eragiten eta mobilizatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu dugu. Proposamen zehatz bat ere egin dugu horretarako: hezkuntza langileen eskaerak jorratzeko bide-orria zehaztea.

Hezkuntza Batzordearen testu berria eta LABek aurkeztutako dekalogoa alderatu ditugu (ikusi atxikitutako taula). Honako hauek dira ondorio nagusiak:

  • Testuan ez da eskumenen eta lurraldetasunaren gaia jorratzen. LABen ustez, Euskal Herriko hezkuntza-sistema propio eta burujabea eraiki bidean, batetik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eskumen osoak eskuratu behar ditu; eta bestetik, lege berriak hezkuntza esparruan EAEk Euskal Herriko gainerako lurraldeekin izan beharreko harremana aintzat hartu beharko luke. Era berean, euskal curriculum propio bat garatzeko apustua garatu beharko litzateke; Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala berritzearekin batera, curriculum feminista, berdinzale eta antiarrazista baterako diseinua eginez. Bide batez, hezkuntza eskumen osoak eskuratzeak laikotasun osoa ezartzea ahalbidetuko luke, Estatu espainolak Konkordatuarekin duen akordioa gainditu eta eskola guztietatik erlijioa kanpo utziz.
  • Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea -bertako parte diren ikastetxeei eskubide berdinak emanez eta betebehar berberak eskatuz-, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea, urrats bat izango litzateke euskal eskola publiko komunitarioaren norabidean; baldin eta trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako eskenatoki gisa. Titularitate ezberdina duten eskolen arteko konfluentzia estrategikoa emateko, titularitate publikoa eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko duen euskal publikotasun eredu deszentralizatua sortzea defendatzen du LABek.
  • Derrigorrezko eskolaldiaren amaieran B2 euskarazko maila eskuratzeko helburua lortzea, eta horretarako eskola guztietan euskara ardatz gisa finkatzeari balio handia ematen diogu. Hori hala izateko, euskara irakaskuntza-hizkuntza izango dela bermatu beharra dago.Egungo hizkuntza-ereduak gainditu eta euskararen ikas-eredu bakar eta orokortua ezartzeko trantsizio tasatua beharrezkoa da, LABek hori lortzeko eragingo du. Aitzitik, Lanbide Heziketa euskaldundu eta ikas-eredu bakarrerako bidea egiteko neurri eta epeak premiazkotzat ditu. Hezkuntza iraultza oso bat abian jartzea beharrezkoa da helburu hori erdiesteko, non langileon euskalduntzea ezinbestekoa izango den. Langile guztiek euskarazko hizkuntza-gaitasun egokia lortzeko aldarrikapena egingo du LABek.
  • Eskola publikoari hasierako zirriborroan baino garrantzia handiagoa eman zaio. Halere, bertan egingo den inbertsioa kuantifikatzeko beharra ikusten dugu, hitzetatik ekintzetara igaro ahal izateko. Bidenabar, Eskola Publikorako Plan Estrategikoa urgentziazkoa dela uste du LABek, hezkuntza-lege berriaren aurretik egin beharrekoa; hezkuntza-komunitateak beharrezkoa du.
  • Segregazioari aurre egiteko adostu diren neurriak balioan jarri nahi ditugu, hasieran aipamenik ere ez zuen gaia. Neurri egokitzat ditugu: Hezkuntza Konplexutasun Indizea izaera publikoz arautzea eta ekitateari loturiko zuzentze-neurriak ezartzea, eskola plangintzaren araudia eguneratzea, ikasleak onartzeko prozedura bakarra,  ekitatea behatzeko ebaluaziorako lan-ildoa sortzea edota lanaldi zatitua finkatzea. Hala ere, kezkaz bizi dugu tokiko hezkuntza-kontseiluak erabakitzaileak ez izatea eta ez-lotesleak. Planifikazioa publikoa eta bateratua izan behar da, ko-gobernantzan eta deszentralizazioan sakonduz.
  • Garrantzia handia ematen dio LABek Haurreskolak Partzuergoko eskaintza publikoa, doakoa eta unibertsala adostu izanari. Hala ere, eremu publikoan Haur Hezkuntzako lehen zikloak (0-3) zatituta egoteari uzteko neurriak ezarri behar dira, bigarren zikloarekin (3-6) lotura eginez eta etapa osoaren aitortzan urratsak emanez. Ahal bezain azkar Haurreskola Partzuergoa indartzeko neurriak hartzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.
  • Positibotzat jotzen dugu kuoten desagerpena eta LABek eskatu zituen auditoria eta ikuskaritza kontrol mekanismoak ezartzea. Baina neurri hori betearazteko irmotasuna eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, orain arte beste alde batera begiratu baitu gai honi dagokionez. Gauza bera eskatzen dugu itunduetako eskolek bete beharreko irizpideei dagokionez, ikuskaritza zorrotza beharko dute eta gardenak izan.

Hezkuntzako langileen lan baldintzei dagokionez, ezer gutxi jasotzen da testuan. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoetan garatzen ari den politika laborala ezagututa, kezkagarria iruditzen zaigu zehaztapen falta hori. LABen iritziz, premiazkoa da gai hau jorratzeko bide-orri bat ezartzea. Bide orri horretan, gutxienez, honako gai hauek jorratzeko egutegia zehaztu beharko litzateke:

Hezkuntza sistema osoari begira

  • Hezkuntza lan guztien eta langile-kolektibo guztien aitortza
  • Ratioen jaitsiera: ikasle-irakasle, ikasle-hezitzaile, sukaldari-ikasle, bazkalkide-hezitzaileen edota garbitzaileen metrajea.
  • Azpikontratazioari muga jarri: jangela, garraio, garbiketa, eskolaz kanpokoak eta digitalizazioan bereziki.
  • Etengabeko prestakuntza langile guztientzat
  • Langileon euskalduntzea
  • Publifikatzeko hautua egiten duten ikastetxeen kasuan, subrogazioa bermatzea.
  • Kontziliaziorako neurriak
  • Haur hezkuntzako lehen zikloa, 0-3a, eskola mapan txertatzea.
  • Jaiotze-tasaren jaitsierak enpleguan izan dezakeen eraginari aurre egiteko neurriak.

Eremu publikoari begira

  • Egonkortasun eta kontsolidazioa
  • EPE ereduaren aldaketa
  • Lan-hitzarmenak eguneratzea
  • 0-3a Hezkuntza Sailean integratzea

Itundutako eremuari begira

  • Lan-baldintzen homologazioa
  • Sarbidearen arauketa berdintasun, meritu eta gaitasun irizpideen arabera.

Eremu publikoan nahiz itunduan azpikontratatutako zerbitzuei begira

  • Lan baldintzak hobetu eta dagokion kasuetan homologatu.
  • Pleguetan edo kontratazio baldintzetan klausula sozialak txertatzea (subrogazioa, euskara, sarbidea…)
  • Zerbitzuen errebertsio kasuan, langileen subrogazioa.

Eusko Jaurlaritzari gai hauek jorratzeko egutegi eta metodologia zehatza aurkez dezan exijitzen diogu. Langileen lan baldintzei dagozkien gaiak langileekin adostea eskatuz.

Era berean, aipatutako helburuen alde elkarrekin lan egin eta mobilizatzea proposatzen die LABek intersindikaleko gainontzeko sindikatuei (ELA, STEILAS eta CCOO), grebak baztertu gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...