2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEAEko Hezkuntza Legea egiteko prozesu demokratiko bat egitea eskatu dugu

EAEko Hezkuntza Legea egiteko prozesu demokratiko bat egitea eskatu dugu

Agerraldia egin dugu Bilbon, beste hainbat sindikatu eta eragilerekin batera, Euskal Hezkuntza Legearen inguruan adostutako manifestua aurkezteko. Maider Izagirre LABeko Irakaskuntzako arduradunak parte hartu du bertan, EAEko Hezkuntza Legea egiteko prozesu berri eta demokratikoa eskatuz.

Agerraldian irakurritako adierazpenaren sinatzaileak honako hauek dira: LAB, EHIGE, CCOO, UGT, ELA, STEILAS, HEIZE, Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforma, Zubiak Eraikiz, Ikasle Frontea eta Bilboko Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforma. 

Hauxe da irakurritako testua:

2017ko irailean, Eusko Jaurlaritzak balizko hezkuntza lege baten oinarri izan nahi zuen Hezkuntza Akordio zabal bat lortzeko prozesu bat iragarri zuen. Gaur hemen gauden eragile guztiak kritiko agertu gara prozesu honekin. Lehenik eta behin, Hezkuntza Sailak, daukan arduratik, ez duelako argitu zein den bere hezkuntza eredua eta zein diren bere asmoak, hau da, ez du argitu hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izateko pausuak emateko prest dagoen edo egungo sare banaketa kontsolidatu nahi duen. Bizi dugun egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren aldetik, justizia soziala bermatuz eta eskola publikoa indartuz. Bigarrenik, prozedurari dagokionean, oinarrizko parte-hartze demokratikoaren aurkakoa izan da erabat, berak erabaki baititu bai edukiak, bai lantaldeen osaketa (zein eragilek, eta eragile bakoitzeko zein pertsonak zein lantaldetan parte hartu behar zuen, ordezkaritza kontutan hartu gabe). Eta azkenik, edukiei dagokionez, hezkuntza sistemari eragiten dioten oinarrizko hainbat gai kanpoan utzi ditu. Bereziki esanguratsua da segregazioa eta finantziazio ereduaren inguruan aipamenik ez egotea.

Prozesu horren ondorio izan da “Hezkuntzaren aldeko akordioa” deritzona, eta dokumentu honetan eta LOMCEri lotuta dagoen Heziberrin oinarrituta Euskal Hezkuntza Legea egitea adostu du Eusko Legebiltzarrak. Gaur hemen bildu garen eragileok ozen salatu nahi dugu hori ezin dela izan hezkuntza lege berri baten oinarri. Legeak adostasun zabalak behar ditu, etorkizuneko hezkuntza-sistema eta ondorioz jendartea bera ere nolakoa izango den baldintzatuko bait du. Horregatik, oinarrizko parte hartze demokratikoa bermatuko duen prozesu berri bat abiatzea eskatzen dugu guztiok adostutako gaiekin.

Gaur hemen bildu garen eragileen ustetan Lege berriak, gutxienez, hurrengo puntuetan oinarritutakoa izan beharko luke:

1. Egungo sistemaren diagnostikoa jasotzen duena.

2. Egungo sare banaketa zalantzan jarri, ituntze unibertsal politika eten eta eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko konpromezua izango duena.

3. Eskola publikoa lehenetsi eta aukera berdintasuna bermatuko duen administrazioaren planifikatzeko ardura ezarriko duena.

4. Europako bataz besteko hezkuntza inbertsioa bermatuko duena, ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz.

5. Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea, hezkidetzailea, laikoa eta doakoa. Aukera berdintasuna, ekitatea, kohesio soziala eta kalitatea oinarri izango dituena. Egun bizi dugun segregazio egoerei aurre egingo diena.

6. Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duena.

7. Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen murgiltze eredua ardatz duen hezkuntza eredu bakarra ezarriko duena.

8. Hezkuntza jendartearen zerbitzura jarriko duena eta ez merkatuen zerbitzura.

9. Hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa izango duena.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...