2024-12-22
HomeUncategorizedEAEko Heziketa Bereziko langileek lanpostuen zerrenda eguneratzea eta hitzarmen berria eskatu dituzte...

EAEko Heziketa Bereziko langileek lanpostuen zerrenda eguneratzea eta hitzarmen berria eskatu dituzte Lakuan


Beste behin ere, legegintzaldia bukatzera doalarik, orain lau urte ginen leku berean aurkitzen gara Heziketa Bereziko langileak. Kolektibo hau espezialista, fisioterapeuta, lan-terapeuta, zeinu-hizkuntzako interpreteek eta logopedek osatzen dugu. 2004tik eguneratu gabe dagoen Lan Hitzarmen zaharkitu baten aurrean gaude, funtzio publikoko zaharrena, eta 2011ean Administrazioak eta sindikatu guztiok, hainbeste lan egin ondoren, adostu eta sinatu genuen aurreakordio batekin, baina Administrazioaren aldetik ez dago ausardiarik berriro heldu eta gauzatzeko.

Hezkuntza Sailak borondate eta hitz on asko ditu, baina, krisiaren aitzakian, Espainiatik datozen dekretuak eta aginduak aintzat hartu eta muturreraino aplikatzeko inolako zalantzarik gabe.

Hainbeste murrizketen ondorioz, Heziketa Bereziko langileon lan baldintzak prekarietate bidean jarri dituzte eta behar bereziak dituzten ikasleekiko lan kalitatea nabarmen kaltetu da.

Funtzio geroz eta asistentzialagoetara bueltatu gara, Europa mailan hainbat urtetan eredu izan garenean, atzera pausoak ari dira ematen, benetako eskola inklusibo baten kaltetan.

Borondate ona eta hitz itxaropentsuak jaso genituen baina horretan soilik geratu dira Administrazio honen ekintzak. Ezerezean, haizeak daramatzan hitzak bezala.

Konpromiso bakarra hartu zuen Administrazio honek, Lanpostuen Zerrenda eguneratzea. 2006tik eguneratu gabe dago hau, ondorioz, langile, zentro eta ikastetxe eta ikasleekiko ez egonkortasuna onartu da. Bi urteko bidea egin ondoren, Administrazio honek hori ere ez du lortu. Sail batetik bestera dabil gure lan zerrendaren proposamena bataren eta bestearen adostasuna eta aldeko informeak lortu nahian, linboan.

Beste kurtso bat langileek ezingo dutela lekualdatze duin batean parte hartu. Beste kurtso bat zentro terapeutikoek ez dutela langileen egonkortasunik izango ez baitira inongo lan zerrendetan azaltzen, Zeinu Hizkuntzako Interpreteei gertatzen zaien bezala. Beste urte bat non langile finkoek kilometro pila egin beharko dituzten dagozkien lantokietara iristeko… Honek guztiak ikasleekiko lan kalitateari zuzenean eragiten dio.

Administrazio honek Heziketa Bereziarekiko begirada berezia duela entzun izan dugu behin eta berriz, baina, beste behin ere, haizeak daramatzan hitzak baino ez dira. Heziketa Bereziko kolektiboa osatzen dugun langileekiko utzikeria nabaria da.

13 urte lan hitzarmen berririk gabe, 10 urte lanpostuen zerrenda eguneratu gabe, fisioterapeuten eta lan terapeuten homologaziorik gabe… Hori al da begirada berezia Administrazio honentzat?

LABek lanean jarraituko du heziketa bereziko langileok eskubidez merezi dugun guztia lortu arte, galdutakoak berreskuratu eta etorkizunari begira Euskal Herriak behar duen Hezkuntza propio baten alde tinko lan eginez.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...