2025-03-22
HomeEkintza PolitikoaEAEko Goi Auzitegiaren ebazpena klasistatzat jotzen dugu eta Euskal Herri osoan antolatu...

EAEko Goi Auzitegiaren ebazpena klasistatzat jotzen dugu eta Euskal Herri osoan antolatu ditugun 34 mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei

EAEko Goi Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren irizpidea ontzat ematen du, alegia, sindikatuoi eskatzen digu Maiatzaren Leheneko Gasteiz, Bilbo eta Donostiako manifestazioetan itxiera perimetralaren neurriak bete daitezen bermatzea.
LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko Goi Auzitegiaren irizpidearen atzean klasismo nabarmena dago. Bistan da epaitegiak ez direla neutroak; klase gatazka areagotzen ari den honetan, euren ebazpenetan gehiegizko konfiantza jartzea arriskutsua da.

Klasismoaz mintzo gara, turismoa sustatzearren Kantabriako muga ospakizun artean ireki zuen edota pandemiaren lehen olatua amaitu gabe zegoela alde bakarrez hauteskundeak deitu zituen Jaurlaritzak berak mugatu nahi dituelako orain langileon oinarrizko eskubide zibil eta politikoak. Klasismoaz mintzo gara, pandemia hasi denetik ez delako egon enpresetan segurtasun neurriak bermatzeko inolako ekimenik Ertzaintzaren, Lan Ikuskaritzaren edota epaitegien aldetik. Egunero-egunero, milaka langile goaz lanera, ez nahikoa den garraio publikoan pilatuta kasu askotan, gure herrietan itxiera perimetrala egon ala ez. Eta joan-etorri horiek baino, kalean eta segurtasun neurri guztiekin egingo diren mobilizazioetarako joan-etorriak mugatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ematen du koronabirusa baino, mobilizazio soziala dela arazoa eurentzat.

Edozein kasutan ere, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako mobilizazioak ez dira LABek EAEn egingo dituen mobilizazio bakarrak, ezta gutxiago ere. Gainontzeko sindikatuak ez bezala, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak deszentralizatzearen alde egin du LABek, bai herritarren parte hartzea errazteko baita joan-etorriak murriztu eta jende pilaketak ekiditeko. Osotara 34 mobilizazio antolatu ditu Euskal Herri osoan zehar eta ondorioz langile gehien-gehienek izango dute aukera euren bizitokitik gertuko mobilizazio sindikal batean parte hartzeko. Mobilizazio hauek segurtasun neurri guztiekin egingo dira, azken urtean hamaika aldiz egin bezala.

Langileon eguna langileona da eta ez dago Jaurlaritzarik ez eta epaitegirik ebatsiko digunik. Bete ditzagun kaleak arduraz eta elkartasunez; ozen entzun dadila euskal langileon deiadarra: lan, pentsio, zaintza eta bizitza duina denontzat! Trantsizio ekosozialista eta feminista, orain!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.