2024-12-26
HomeEkintza SozialaEAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Jakina da aurrekontu proiektuak ez direla neutroak, modu desberdinean eragiten baitiete hainbat jendarte talderi edo herritarri. Erroko aldaketarik egon ezean, jendartean eta langilerian ematen diren zapalkuntzak eta pribilegioak mantentzen eta betikotzen dira. Gobernuek, urteroko ariketa honen bidez, politika publikoei eman nahi zaien norabidea zehazten dute. Horrela, inbertsioak non egin behar diren eztabaidatzearekin batera, inbertsio horien norabidea eta lehentasunak finkatzen dituzte.

LABen ustez oso garrantzitsuak dira aurrekontuak: batetik, politika publikoetan ikuspegi feminista, antirrazista eta klasekoan eragiteko baliatu behar direlako; eta bestetik, administrazioak diru publikoarekin egiten duen kudeaketa egokia eta eraginkorra zehaztu behar dutelako. Eraiki nahi den jendarte-eredua definitzen dute, baita herrialde baten aberastasunaren birbanaketa ere. Eta nola ez, diru inbertsioak bezain besteko arreta merezi du diru bilketa ereduak, kapital errenten pribilegioekin amaitzen hasteko abiapuntu izan behar denak.

Aurtengoak, Pradales buru duen gobernu berriaren lehen aurrekontuak dira EAEn. Urkulluren garaiarekiko urruntasuna adierazi nahi izan du Gobernu berriak eta, formetan bada ere, lehenago ukatzen zituen sakoneko arazoak aitortu eta proposamenak egin behar izan ditu; besteak beste, osasungintza publikoan, zaintzan edota etxebizitzan.

LABek adierazi nahi du Urkulluren gobernuak izandako jarrera zuzentzeko erabakia zuzena dela. Urkulluri patronalaren lehendakaria izateari uko egiteko eskaria egin izan zion sindikatu honek. Zoritxarrez, orain arte, Pradalesek, aldaketa estetikoez gain, norabidean ezer gutxi aldatu duela uste du LABek. Lehengo lepotik burua.

Erreforma fiskalaren iragarpenak izan ziren neurri estetikoetan lehenak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan diru bilketa nagusiki langileon bizkarrean zamatzen denez, eraldaketa sakona beharrezkoa dela sarritan adierazi izan dugu gehiengo sozial eta sindikalak. Enpresen irabazietan eta Sozietate Zergan benetan esku hartuta, egoera irauli eta progresiboa den zerga sistemari bide ematea lehentasunezkoa da LABentzat, soilik horrela erantzun dakiekeelako parez pare herri gisa ditugun erronkei.

Alta, fiskalitatean ez da proposatu erreformarik. Albiste bihurtu nahi izan duten neurrien zerrendak ez du sakoneko aldaketarik eragingo. Bada lifting fiskalaz hitz egin duenik ere; erretokeak eta itxurakeria. Josu Jon Imazek eta oro har patronalak pozik jarraitu dezakete EAJ eta PSEk adostu duten eta Aldundietara eramandako proposamenarekin.

Ibilbidean aurrera egin ahala, amerikar estiloan iragarritako gida-lerroen agerraldia izan da hurrengoa, jendarte zibilaren aurreko aurrekontuen aurkezpena. Eragile sindikal eta sozialik ez ordea. Horrela ulertzen omen du gobernu honek parte hartzea, norabide bakarreko espektakulu gisa. Ondoren, sailez sail egindako aurkezpenak. Kontseilari berriak ezagutarazteko asmotik gehiago izan dute aurrekontu prozesuan gardentasun eta zehaztasun ariketa egitetik baino.

Bada, aurrekontu proiektua esku artean duela, partida bakoitza zertara bideratu nahi den eta inbertsioak non egin nahi diren aztertzen ibili da LAB, aurrekontuetan eragin eta langileon aldeko politikak borrokatzeko. Era berean, aurrekontuen harira langileoi dagozkigun gaietan sindikatuokin negoziatzeko eskaria egiten dio LABek Jaurlaritzari.

Eta norabide horretan iragartzen du datorren astelehenean, azaroaren 25ean, langileon aldeko politikak bultzatzeko lehentasunezkotzat jotzen dituen diru-partiden proposamena aurkeztuko diola Noël D’Anjou Ogasun sailburuari EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean. Alta, hauxe da gobernu berriak erantzun beharreko galdera zehatza: Pradales Lehendakaria prest al dago aurrekontuen inguruan langileoi eragiten diguten gaiak sindikatuokin negoziatzeko?

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.