2025-03-17
HomeEkintza PolitikoaEAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen bigarren aldaketaren lege-aurreproiektuak sektore feminizatuen prekarizazioa...

EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen bigarren aldaketaren lege-aurreproiektuak sektore feminizatuen prekarizazioa kronifikatzen du

Berdintasun legearen aldaketa hauen aurrean bi hausnarketa orokor egin ditu LABek, Gasteizko Parlamentuan egindako agerraldian, Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. Lehenengoa, Legebiltzarraren agindua indarkeria matxistaren aurkako lege bat egitea izanik, LABe adierazi du beharrezkoa dela indarkeria matxistari buruzko lege espezifiko bat egitea, zeharkakoa izango dena eta berdintasunari buruzko legearekin bat etorriko dena. Bestetik, legearen aldaketa berdintasunaren bidean urrats kualitatibo bat bezala saldu digute, bitartean Emakunde lehendakaritzatik ateratzean dutenean argi dago zein den gobernu honen konpromisoa.

Baina gure agerraldia bi gai nagusitan kokatu nahi izan dugu. Alde batetik, sektore feminizatuen egoeran; eta bestetik, zaintzaren proposamenean. Lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsua ez da aurreproiektuan zalantzan jartzen eta horrela, betikotu egiten da emakumeon prekarizazio egoera. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langileen %8,3ak ez ditu inoiz bere lan baldintzak lan hitzarmen bidez arautu. Horietatik, %75a emakumezkoa da. Arautze eza prekarietatearekin lotu beharra daukagu.

Aipagarria da erakunde publikoek gehienbat emakumezkoek egiten ditugun lan asko pribatizatzen eta azpikontratatzen ari direla: egoitzak, jantokiak, garbiketa, etxez etxeko laguntza… hori ez da kolokan jartzen legean eta horrekin bukatzeko mekanismorik ere ez da aipatzen.

Bestetik zaintzaren atalean berriro ere ardatza eremu pribatua da. Ez da zaintza sistema publiko eta komunitarioaren inguruan ezer proposatzen. Zergatik ez zaintzarekin lotutako zerbitzu eta enpleguen azpikontratazio eta pribatizazioa debekatzea? Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna lan merkatuan dauden eta zaintzeko astirik ez duten bikoteen arazo indibidual/pertsonal/familiar gisa tratatzen dira (familia-eredu nuklearrean oinarrituta). Guk uste dugu jendarte osoari dagokion gai bezala landu behar dela.

Indarkeriaren atalean egindako aldaketei dagokienez, nabarmendu behar da ez dela jasotzen identitate ez- normatiboen aurkako indarkeria (sexu-aniztasun generikoa), eta errealitate bat dela, eta beharrezkoa dela horiek kontuan hartzea indarkeria matxista guztien aurkako borrokan eragin ahal izateko.

Bukatzeko, esan behar da zaila dela lege eraldatzaile batek behar dituen erronkei heltzea, aipatutako gaiei buruzko erantzukizun politiko eta ekonomikoei buruzko hausnarketa seriorik egin gabe (soldata-arrakala, prekarietatearen feminizazioa, emakumeen pobrezia, zaintza-zerbitzuen pribatizazioa…).

Beraz ezin ditugu babestu proposamen orokor eta boluntaristetan oinarritutako berdintasun-politikak; horiek gauzatzeko baliabideen (pertsonalak eta ekonomikoak) bermerik gabeko politikak. Ez dira handikerien garaiak, koherentziaren garaiak eta egiturazko eraldaketarako konpromisoen garaiak dira, politika feministen garaiak dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.