2024-12-22
HomeEkintza SozialaDSBE jasotzen duten pertsonen etxez etxeko ikuskapenak salatzen ditugu, pobrezia estigmatizatzen eta...

DSBE jasotzen duten pertsonen etxez etxeko ikuskapenak salatzen ditugu, pobrezia estigmatizatzen eta kriminalizatzen dutenak

Berriki, EAEko erakunde eta plataforma sozialek salatu dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen aurkako polizia-abusua eta jazarpena. Honen erakusgarri dago poliziak jasotzaileak bizi diren auzoetara joatea, auzokideen artean ikertzeko zer ordutegi dituzten, non lan egiten duten edo seme-alabak zein eskolatara joaten diren, edota pertsonen etxeetara sartzea informazio hau lortzeko.

LAB sindikatutik Administrazio Publikoak eta bere ordezkariek egindako edozein motatako botere-abusuak arbuiatzen ditugu. Onartezina da sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek sortzen duen egiturazko pobretzearen aurrean Administrazio Publikoak lehentasuna ematea DSBEa jasotzen duten eta pobrezia egoeran dauden pertsonak kontrolatzeari, egoera hauen ondorioei eta, batez ere, sortzen dituzten kausei heldu beharrean. Izan ere, ez-nahikoak diren kopuruak, prestazio hau eskuratzeko oztopoak eta jasotzen duten pertsonen kontrol eta kriminalizazio neurriak gogortzea dira DSBEaren erreforma onartu berriaren oinarriak.

Bereziki larritzat jotzen dugu DSBEa jasotzen duten pertsonak kontrolatzeko etxebizitzetara sartzeak dakarren abusua eta eskubide-urraketa, are larriagoa “ikuskapen” horiek gorputz polizialek eginak izateagatik. Izan ere, etxeen ikuskapen hauek ez dira administrazio-ekintza hutsa, pertsonek beren intimitatea eta eguneroko bizitza garatzen duten tokian ematen baitira. DSBEari buruzko legearen eztabaida parlamentarioan zalantzaz salatu genuen jada Lanbideko langileek ikuskapen mota hori egiteko izan dezaketen prestakuntza.

Egun, ikusten dugu nola indar polizialak burutzen ari diren etxeko ikuskapenak kontrol mekanismo, estigma eta jazarpen iturri bihurtzen ari diren; ikuskapenak egiteko adostasun askea hertsatzen dute ikuskapen hauek, zeren eta hauek “oztopatzea” edota “laguntzeari uko egitea” arau-hauste larritzat jotzen da eta horrek prestazioa etetea ekar dezake.

Azken batean, salatzen ari diren botere-abusuak Eusko Jaurlaritzaren politiken isla dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak pobretzeari aurre egitea baino, ez-nahikoa den sistema bat eustea du helburu, non bazterkeria-egoeran dauden pertsonen herenak ez duen gizarte-babeseko sistemara sarbiderik, eta pobrezia egoeran dauden pertsonen iruditeria faltsua elikatzen du, mehatxu, kostu eta gastu defizitario gisa (iruzurra ez denean prestazioen % 0,5era ere iristen).

Horren aurrean, LABek polizia-abusu horiek berehala etetea eskatzen du, eta horien aurrean DSBE jasotzen duten pertsonentzako bermeak eta babesa ezartzea. Baita ere, berehala har daitezela bizi duinerako oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko neurriak aldarrikatzen dugu, besteak beste, DSBEren kopuruak handitzea edota pentsioak 1.080 eurotaraino osagarritzea.

Gainera, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela Euskal Herrian nahi ditugun politika publiko eta sozialei buruzko eztabaida integrala, intersekzionala eta parte-hartzailea. LABen enpleguaren, zainketen eta aberastasunaren bidezko banaketaren aldeko apustua egiten dugu, bidegabea eta desorekatua den egungo eredu sozioekonomikoa eraldatzeko.

DSBE arautzen duen lege berriari buruzko gure azterketa osoa:

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...