2024-12-22
HomeEkintza SindikalaDonostiako Udaleko suhiltzaileen zerbitzua baliabide egokiz hornitzea premiazkoa da

Donostiako Udaleko suhiltzaileen zerbitzua baliabide egokiz hornitzea premiazkoa da

Langileen batzordeak agerraldia egin du azkenaldian bizi duten egoeraren berri eman eta berehalako konponbideak eskatzeko. Antolamenduaren aldetik kaosa bizi dutela adierazi dute, prebentzio lan ona aurrera eramatea ezinezko delarik eta murrizketa operatibo larria bizi dutelarik. Inbertsioa handitzea behar-beharrezkotzat dute, bai giza-baliabideei dagokienez, baita baliabide materialei dagokienez ere.

Langileek adierazi dutenez, gaur egun Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua “norabiderik gabekoa” da, lanaldi bakoitza amaitu eta aurreko eguneko arazo edo matxurak konpontzera mugatzen dena. Hala, epe labur, ertain eta luzerako helburuak eta horiek erdiesteko beharrezko materialak antolatuko dituen plan baten beharra larria da. Baina, langileek zehaztu duten moduan, “ezinezkoa da hori egitea kargu gorenek hilabeteak daramatzatenean hutsik”.

Prebentzioaren arloari, esaterako, nabarmen eragiten dio egoera horrek. aliabide faltak eragotzi egiten du halako eginkizunak behar bezala eta herritarren zoritxarrak saihesteko moduan egitea. Pertsona bakar batek ezin ditu Prebentzioaren eta Dibulgazioaren arloari esleitutako funtzio guztiak bete. Espedienteak gainbegiratzeko lana, esaterako, modu prekarioan egiten da, bakoitzak eskatzen duen denbora hartu ahal izan gabe eta oporraldietan herritarrei zuzenean eragiten dieten etenaldi eta atzerapenak izanez. Gainera, baimendutako jardueren babes-neurrien aldizkako ikuskapenak bazter uzten dira.

Dibulgazioari dagokionez, ikastetxeak parkera bisita gutxi batzuk egiten dituzte, baina hori baino ez. Babes Zibilaren arloan, hiriko ekitaldi kopuru handiak ez du denborarik uzten Larrialdietarako Udal Plana eta beste jarduera-protokolo batzuk eguneratzeko edo berriak garatzeko.

Hori guztia aintzat hartuta, langileek nabarmendu duten bezala, gaur egun lanpostuak betetzen dituzten pertsonekiko mendekotasuna muturrekoa da. Izan ere, lanotarako prestakuntza eta esperientzia handia behar da, eta gaur egun ez dago trantsizio ordenatua bermatuko duen laguntza-langilerik.

Horrez gain, baina, murrizketa operatiboa nabarmena da langile hauen egunerokoan. Txanda bakoitzeko gutxienez 11 suhiltzaile egotea ez da nahikoa. Izan ere, esaterako, esku-hartze larrietarako prozeduretan (industria sute bat, adibidez) 11 pertsona baino gehiagoko taldea behar da soilik esku-hartze horretarako.

Egun, baina, batzuetan, esku-hartzeetara prozedurak jasotzen dituenak baino suhiltzaile gutxiago ateratzen dira. Horrek, noski, arriskua dakar herritarren eta langileen segurtasunari dagokionez. Bestalde, txanda askotan komunikazio-operadore bakarra egoteak larrialdiei aurre egiteko azkartasunari eraginte dio. Hala, hainbat larrialdi aldi berean artatzen badira, ezin da horien jarraipen egokirik egin.

Donostiako suhiltzaileen parkean bizi duten beste arazo handi bat materialarena da, baliabide zaharkituak baitira nagusi: ibilgailuak, esaterako. Hala, teknologia ez dago gaur egungo beharrizanetara egokituta, eta konponketetarako denborak ere asko luzatzen dira. Azkenik, segurtasuna murrizten da langileentzat eta bideen gainerako erabiltzaileentzat. Adibide esanguratsu gisa, nabarmentzekoa da kamioietako batek segurtasun uhalik ere ez duela.

Salatutako arazo horiek guztiak are ulergaitzagoak dira kontuan hartuta, UNESPAk, aseguratzaileen elkarteak ia milioi bat euro ematen dizkiola udalari urtean, suhiltzaileen zerbitzua hobetzeko inbertsiorako. Aldiz, udalak ez du horretarako erabiltzen. 2023an, adibidez, jasotako diru horretatik 0 euro inbertitu ditu.

Eskakizun zehatzak

Goian aipatutako guztiak aintzat hartuta, Donostiako Udaleko suhiltzaileen zerbitzuko beharginek eskatu dute antolamendu-kasoa lehenbailehen konpontzea. Hau da, hutsik dauden lanpostuak berehala betetzea eta, horrez gain, diagnostiko sakon bat egitea, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren lehenengo Plan Estrategikoa idazteko, abian jartzeko eta ezartzeko erreferentzia izan dadin.

Bigarrenik, prebentzio arloko ezintasunak konpontzeko eskaria ere egin dute, zehaztuz Prebentzio eta Dibulgazio arloan gutxienez pertsona bat gehiago egon beharko litzatekeela, eta Babes Zibilekoan, berriz, gutxienez bi pertsona gehiago.

Murrizketa operatiboaren arazoari dagokionez, plantilla operatiboa birdimentsionatu beharko litzateke, herritarren eta langileen segurtasuna bermatuko duen gutxieneko ratio bat izateko. Hala, Gipuzkoako edo Bilboko gainerako lurraldeetako ratioak berdintzeko (1/12000 biztanle), gutxienez 22 suhiltzaile egon beharko lirateke txanda bakoitzean.

Operadoreen plantillari dagokionez ere taldea handitzeko beharra dago, txanda guztietan 2 komunikazio-operadore egon daitezen.

Azkenik, UNESPAtik datorren dirua oso-osorik zerbitzuaren aurrekontuko inbertsioen kapitulura bideratzea, funtsezkoa izatez gain, udalaren legezko betebeharra dela gogorarazi dute langileek, Auzitegi Gorenaren 3722/2020 epaiak ezarritako jurisprudentziari jarraikiz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...