2024-11-21
HomeEkintza PolitikoaDonostiako San Martin merkatalgunearen inguruan banatu dugu Gazteontzako Lan Eskubideen Gida, gazte...

Donostiako San Martin merkatalgunearen inguruan banatu dugu Gazteontzako Lan Eskubideen Gida, gazte prekarizazioari aurre egiteko Ernai-rekin batera osatutako borrokarako tresna berria

ERNAI eta LAB-eko kideak Donostiako San Martin merkatalgunean batu gara, apirila amaieran kaleratu genuen Gazteontzako Lan Eskubideen Gida jendarteratzeko. Gazte prekarizazioaren aurrean borrokarako tresna izateko asmoa du eta, horregatik, hain zuzen ere, merkatalgune honetan zabaldu nahi izan dugu. Izan ere, Inditex, Fnac eta tankerako enpresetan aurkitzen dugun gazte langileen egoerak larritzen gaitu.

Errealitatea bat da, erabili eta botatzeko langile bihurtzen gaituzte horrelako merkatalguneek. Zer esanik ez data hauetan; beherapenak, udako kanpainak, turismoa…aitzakia hartuta, lanaldi mugatuko eta baldintza kaskarreko kontratuak eguneroko ogia dira gazteontzat.

Baina gazteok egun bizi dugun egoera prekario hori ez da inondik inora kasualitatea. Gazteria kolektibo bereziki zapaldua gara, eskulan merkea eta merkantzia erraza garelako. Eta pandemiak bizi dugun krisi anizkoitza azkartu baino ez du egin. Herri langilearen eskubideen murrizketei ekin dio etengabe kapitalaren metaketa helburu duen sistemak eta krisi egoera hau ere horretarako baliatu nahi izan du.

Prekaritatea zer den oso ondo ezagutzen dugu gazteok. Hego Euskal Herrian 25 urtetatik beherako 16.196 gazte daude langabezian, 3 gaztetik 1. Aurreko urtetik hona, %37 egin du gora gazte langabeziak.

Emakumezkoek* eta emakume* gazteok pairatzen dugu prekaritatea oraindik sakonagoa da.Emakumezkoen* kasuan: 25 urtetik beherakoen emakumezkoen* langabezia tasa nabarmenki altuagoa da EAEn: %41,76koa izanik, orokorra baino ia 6 puntu altuagoa. Nafarroa Garaian, aldiz, 20-29 urte bitarteko langabeen %55 emakumezkoa* da.  

Gazte langileon esplotazioa emankorra da, beraz. Esperientzia ezaren izenean edo praktika kontratu amaigabeei esker gure eskulanaz are gehiago aprobetxatzen dira. Ezin dugu, beraz, prekaritatea elementu koiuntural gisa kokatu, gazte-prekaritatea egiturazkoa da.

Hego Euskal Herriko instituzioetatik, ordea, gazte prekaritatearekin amaitzea ez da inoiz agendan kokatu eta, gazte prekaritatearekin amaitzeko inolako determinaziorik egotetik urrun, instituzioek gazteon esplotaziorako tresnak eskaintzen dizkiote kapitalari eta enpresariei.

Kapitalaren ofentsiba berri honen aurrean, egoeraren larritasunak gazteon interesak nahiz klase interesak borrokatzeko dugun beharrak ERNAI eta LABen arteko aliantza birpentsatzera eta egokitzera eraman gaitu. Euskal langile klasea osatzen dugun gazte, jatorri anitzetako langile, langabe, ikasle, emakumeok*… denok gaude kapitalaren ofentsiba berri honen jopuntuan eta denok batera borrokatzeko tresnak behar ditugu.

Horren aurrean, borroka tresna bat izan nahi du Gazteontzako Lan Eskubideen Gidak. Borroka egiteko lehen urratsa, gure eskubideak zeintzuk diren ezagutzea baita; eta horretarako abiapuntu bat aurkituko du edonork gidan.  Euskarri fisikoan izango da eskuragarri, baita ernai.eus webgunean ere. BIZILAN.EUS atarian,  gainera, eduki gehigarria topatuko duzue.

Gazteok lan merkatuan “bakarrik” sartzen garela sinestarazi digute. Horrela sentitu gara. Bada, beraz, egoera honi buelta emateko garaia. Bestelako eredu laborala eraikitzeko, egungo ereduan gure eskubideak borrokatu behar ditugu. Eta borroka hau irabaztekotan kolektiboa izatea ezinbestekoa dugu. Borroka da dugun bide bakarra. Aurrez ere borrokaz lortu ditugu orain ezabatu nahi dizkiguten eskubideak, eta soilik antolatuz, borroka kolektiboz eta borroka sindikalez lortuko dugu lan merkatua irauli eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu sozioekonomikoa eraikitzea.

Euskal Estatu Sozialista, Feminista eta Euskalduna eraikitzeko haututa egin dugu, eta langile eta gazte borrokaz lortuko dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.