2024-12-19
HomeEkintza SindikalaDomusVi eta Avanvida desgaitasun zentroetako langileek hitzarmenean jasotako 2022ko soldata igoera eskatu...

DomusVi eta Avanvida desgaitasun zentroetako langileek hitzarmenean jasotako 2022ko soldata igoera eskatu dute

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko DomusVi eta Avanvida enpresetako zentro itunduetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñean, Garapen eta Pertsonen Autonomiaren Nafarroako Agentziaren egoitzaren parean (GPANA), 2022. urteko soldatei dagozkien atzerapenak ordain diezazkieten eskatzeko. Kontzentrazioaren deialdia egin dugun sindikatuok —LAB, ELA, CCOO eta UGT— erantzunkide egiten dugu GPANA, bi enpresa horiek sortutako egoerarengatik.

Indarrean dagoen DomusVi eta Avanvida enpresen hitzarmena 2020ko abendutik dago sinatua eta urte bakoitzeko KPIaren igoera bermatzen du. Beraz, argi dago gai honek ez dituela ezustean hartzen bi enpresa horiek. Aurtengo ia bederatzi hilabete iragan dira, eta bi enpresa horietako langileek 2021eko soldatak kobratzen jarraitzen dute, hau da, KPIaren igoera aplikatu gabe (%6,6). Hitzarmen horretan sartuta dauden bertze enpresa batzuek dagoeneko eguneratu dituzte langileen nominak; ez, ordea, DomusVi eta Avanvida enpresek. Zergatik ez?

DomusVi-n eta Avanvidan ordezkaritza dugun sindikatuok —LAB, ELA, CCOO eta UGTk— azalpenak eskatu dizkiegu enpresei eta GPANAri, baina batzuek eta bertzeak pilota alde batetik bertzera pasatzen dute. Eta bitartean, langileek beti bezala jarraitzen dute lanean, baina ez dute kobratzen lan hori egiteagatik dagokien guztia.

Nork du langileen dirua? Bada, ez dakigu. Enpresa horiek hitz politez betetzen dute ahoa zaintza lanei buruz hitz egiteko, pertsonengan zentratutako arretari buruz, baina alderdi ekonomikoa kudeatzeko orduan, langileei ordaintzeko eta helburuak lortzeko, kasualitatez-edo atzeratu egiten dira.

Horregatik guztiagatik, GPANAri eskatzen diogu erakunde publiko kudeatzaile gisa ardura dadila enpresa horiek ikuskatzeaz eta mugak jartzeaz. Era berean, atzerapenak ordaintzeko eta nominak eguneratzeko berehalako konponbidea eskatzen dugu. Langile guztienganako errespetu kontua dela uste dugu, haien lanari balioa ematea, baita erantzukizun politiko eta soziala ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.