LAB sindikatuak, Imanol Karrera bere bozeramailearen bidez, eskutitza bidali die Nafarroako talde parlamentario guztiei deslokalizazioaren aurkako lege proposamena aberasteko hainbat ekarpenekin. Gogoratzekoa denez, lege proposamen hori EH Bilduk egin zuen, Parlamentuaren gehiengoak tramitera onartu zuen, eta bihar (urriak 27) bukatzekoa da zuzenketak egiteko epea.
LABek ontzat jo zuen Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu izana enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruz aurkezturiko lege proposamena. Baina, era berean, oso garrantzitsutzat jo zuen proposamen hori edukiz ez hustea. Ildo horretan, talde parlamentarioei bidalitako LABen proposamen multzoak, hain zuzen ere, legearen espirituan sakondu nahi du; bertzeak bertze, azpikontrataturiko langileak kontuan har ditzan (batez ere enpresa nagusiaren deslokalizazioaren ondorioz enplegua suntsituta ikusten duten emakumeak), eta lana benetan eta eraginkortasunez betetzeko kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismo zorrotzak ezar ditzan.