2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaDemokratizazio, babes sozial eta sektore publikoan aurrerapausu garrantzitsua Nafarroan, erreforma fiskal ez...

Demokratizazio, babes sozial eta sektore publikoan aurrerapausu garrantzitsua Nafarroan, erreforma fiskal ez nahikoa

Sindikatuaren baitan arloz alokako azterketa sektorial sakona egiteke badugu ere, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak adostutako Nafarroako Gobernurako Akordio Programatikoaren lehen balorazio publikoa egin nahi du LABek.

Demokratizazioan aurrerapausu nabarmena, arlo soziolaboralean bururaino eramateke badago ere
UPN eta PSNk hogeita hamar urte hauetan ezarritako salbuespen egoera bertan behera utzi eta Nafarroa demokratizatzeko neurriak biltzen ditu Akordio Programatikoak, besteak beste: hizkuntza eskubideen aldeko apustua (PAI gelditu, euskaltegiak sustatu, D eredua denontzat eskaini, administrazioan ibilbide elebiduna) behar-beharrezkoa den Euskararen Lege berria “desakordioen” atalean utzi bada ere; orain arte diskriminazioa pairatu duten pertsona migranteen eskubideen aldeko apustua; emakumeen parekidetasunerako eskubidearen aldeko nahiz abortoa egiteko eskubidea osasun sare publikoan bermatzeko apustua; LGTBQ kolektiboaren eskubideen aldeko apustua, zerbitzu eta programa espezifiko baten sorrerarekin; osasun sexual eta erreproduktiboaren aldeko apustua, COFESen eredua berreskuratuz.

Arlo sozioekonomikoan, txalotzekoak dira Moderna Fundazioaren bertan behera uztea, baita Lan Auzitegia eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua bezalako instituzioen demokratizatzea edota eskubide eta askatasun sindikalen Behatokiaren sorrera ere. Alabaina, prozesu demokratizatzailea osatu gabea da eremu soziolaboralean, lan prestakuntza eta bestelako enplegu politika aktiboen publifikazioa “desakordioen” atalean geratu baita. Ildo honetan, zera ohartarazi nahi diogu Nafarroako Gobernu berriari: LABek ez du inolaz ere onartuko diru publikoz Patronala, UGT eta CCOOen egitura klientelarra mantendu dadin.

Emergentzia sozialari aurre egiteko neurri egokiak, eredu berria eraikitzeko apustu estrategiko eza
PP eta UPNren politika neoliberalek eragindako hondamendi soziala zuzentzeko hainbat neurri jasotzen ditu programak, hala nola Oinarrizko Errenta, Menpekotasun arloko murrizketen ezabaketa, etxegabetzeen kontrako eta etxebizitza eskubidearen bermerako neurriak, pentsioekiko osagarria edota zerbitzu sozialen sustapena. Horiei esker, milaka lagunen pairamendua arindu egingo da.

Hala ere, horrelako egoerak eragiten dituen eredu ekonomiko eta sozialarekin amaitzea izan beharko litzateke Gobernuaren apustu estrategikoa. Programan ildo horretako neurriak izan badirela ukatu gabe, eredu berria eraikitzera baino egungo ereduaren keriak zuzentzera bideratuta dago. Ildo honetan, eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko apustu estrategikoaren beharra nabarmendu nahi du LABek. Eta noski, hori posible izateko Nafarroaren burujabetza ekonomiko eta soziala eskuratu beharra dago, ekonomi, lan eta babes sozialerako esparru propioa eratuz.

Eredu publikoaren aldeko apustu garrantzitsua, erreforma fiskal ez nahikoa
UPN-PSNren politika publiziden ostean, zerbitzu publikoak berreraikitzeko apostua nabarmendu beharra dago. Akordioak hainbat neurri jasotzen ditu norabide horretan: Menpekotasunean, Osasungintzan eta Hezkuntzan egindako murrizketak atzera botatzea; pribatizazioak bertan behera utzi eta pribatizatutako zerbitzu batzuk berriz publifikatu, hala nola Ospitaletako sukaldeak edota osasun garraioa; edota Osasunbidea eta Hezkuntzarako Enplegu Publikoaren Eskaintza, zehaztu gabea bada ere. Zehazteke geratzen da, halaber, erabat pribatizatutako zerbitzu sozialen eremuan nahitaezkoa den aldaketa sakona. Osasungintzan konbenioak berrikusi eta Odolaren Bankuaren nahiz Osasun Ikerketaren Instituaren izaera publikoa bermatzeaz hitz egiten da, baina ez da argi eta garbi adierazten klinika pribatuetarako deribazioekin amaitzeko apustua; hauxe izango da, hain zuzen ere, LABek gogor aldarrikatuko duen helburuetako bat. Nafarroako Gobernuaren lan osasunari dagokionez, publifikazioaren aukerak aztertzea adostu da, baina horren kontra dauden mutuei hitza emanez. Hezkuntzari dagokionez, LOMCEren aplikazioaren kontrako jarrera, sexuen araberako bereizketa egiten duten zentroak ez finantziatzea edota 0-3 sare publikoaren aldeko apustua nabarmentzekoak dira.

Alabaina, arazo potoloena planteatzen den erreforma fiskala ez nahikoan datza. Izan ere, diru-sarrerak nabarmen areagotu gabe, ezinezkoa da sektore publikoarekiko inbertsioa nabarmen areagotzea. Eta horixe da, hain zuzen ere, Akordio Programatikoaren punturik ilunena: ez da Nafarroan duela urte batzuk zeuden diru-sarrerak berdintzera iristen ere. Bereziki kezkagarria da Akordioan jasotzen den Elkarteen gaineko zerga. Nafarroako Produktu Gordinetik enpresariek eskuratzen duten zatia jada langileek soldata bidez jasotzen dutena baino handiagoa den bitartean, 2013an 917 milioi euro jaso ziren PFEZaren bidez eta 194 milioi euro Elkarteen Zergaren bidez. Akordio Programatikoan planteatutako aldaketa txikiek ez dute desproportzio basati hau zuzenduko. Elkarteen Zergan planteatzen den “gutxieneko zorua” %13koa da, gaur egun jada %12,9koa den bitartean (2013ko datua); gainera, ez da baztertzen txikiagoa izatea ikerkuntzan inbertituz gero edota enpresa txikiei dagokionez. Labur bilduz, Akordio Progaramatikoan planteatzen den fiskalitateak nafar Patronalarentzat oso mesedegarria izaten jarraitzen du eta zerbitzu publikoen nahiz politika sozialen garapena mugatu egiten du. Horregatik guztiagatik, beste sindikatu eta eragile sozialekin batera mobilizazioetara jotzeko asmoa adierazten du LABek.

Politika ekonomikoa: arazoak identifikatu bai baina irtenbideak ez dira garatzen
Begi onez ikusten dugu arazoa lan kostuetan baino (Patronalak maltzurki nahi duen bezala) internazionalizazioan, kostu energetikoetan edota finantziazio arazoetan kokatzea. Baita irtenbide bezala kalitatezko enplegua eta ikerkuntza planteatzea ere, lehenengoa definitzen ez bada ere. Gainontzeko euskal herrialdekiko Nafarroaren isolamendua haustea edota ekonomia sozialaren aldeko apustua egitea ere nabarmentzekoak dira, Sodenaren eginkizunaz gutxi hitz egiten bada ere. Lan banaketaz hitz egiten da baina zehaztapenak falta dira: soldata jaitsierarik gabeko 35 orduko lan astea aldarrikatu beharko litzateke. Era berean, lan erreformarekiko arbuioa adierazten da, berau desaktibatzeko neurri zehatzak garatu gabe. Labur bilduz, hainbat kontzeptu egoki jasotzen dira baina praktikan garatzen ez badira, honako arrisku hau dago: Madrilen zehaztutako politika ekonomikoa eta lan erreforma izatea de facto Nafarroako errealitate ekonomiko eta laborala determinatzen dutenak. Jakina, horretarako lan harremanen marko propioa eraikitzea baldintza ezinbestekoa da.

Gogoeta orokorra: mobilizazio sozial eta sindikalerako garaia da
Akordio Programatikoaren alde positiboak garatu daitezen, erreforma fiskala bezalako alde negatiboak zuzendu daitezen eta oro har Aldaketa Sozialean aurrera egiten jarrai dadin, mobilizazio sozial eta sindikalaren beharra nabarmendu nahi dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.