2024-12-23
HomeEkintza SozialaDatozen ekimenak aurkeztu ditu G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen...

Datozen ekimenak aurkeztu ditu G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen plataformak


G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen Euskal Herriko plataformak agerraldia egin du gaur, Alternatives G7 Frantzia mailako plataformarekin batera heldu den abuztuan antolatuko dituen ekimenak aurkezteko.

IRAKURKETA

• Plataforma pasa den azaroan osatu zen Euskal Herri osoko eragileak bilduz, izan herri mugimendu, sindikatu edo alderdiak, G7 eta bere munduaren kontrako deialdia komun baten baitan (ikus http://g7ez.eus/deialdia/ ). Gaur egun, 49 eragilek osatzen dugu plataforma, baina gure erronka da bertako nahiz nazioarteko ahalik eta eragile gehienen atxikimendua jasotzea. Horretarako, atxikimendu dinamika bikoitza martxan jarri dugu eta datozen egunetan emaitza publiko egingo dugu.

• G7ak ordezkatzen duen kapitalismoaren kontra eta eredu berri batean oinarrituriko mundu bat eraikitzeko arrazoiak ugariak eta anitzak dira. Horrela laburbildu ditzakegu:

− Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da G7aren gailurra, kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea baita helburu nagusiena.

− G7a sinbolotzat duen munduaren egoera larria da oso: klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria matxistaren areagotzea, behartutako migrazioak, transnazionalen nagusitasuna, langileon lan zein bizi baldintzen prekarizazioa…

− G7 gailur horrek badu berezitasun handi bat: Euskal Herrian izango da, kapitalismoaren, hetero-patriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak eta bizirik diren lurraldean.

• Diru xahuketa eta setio egoera ekarriko duen gailur hori oroz gainetik munduko oligarkiaren komunikazio operazio bat da eta bereziki Macronentzat, frantses Estatuako egoera politikoa kontutan hartuz.

• Salaketa eta kontra borrokatzeaz haratago, antolatuko dugun kontra-gailurra aukera bat izango da desberdinkeriak, pobrezia eta hondamendi ekologiko zein klimatikoen aurrean, alternatibak partekatu eta eraldaketa posiblea dela ikusarazteko. Zentzu honetan, hiru helburu nagusi bete nahi ditugu jarraian aurkeztuko dugun programarekin:

− Bata, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ezetz esatea
− Bestea, mundu berri baten aldeko ahalik eta herritar gehien elkartzea, alternatibak partekatu eta eraldaketa aldarrikatuz.
− Azkenik, bertako zein nazioarteko eragile zein herritarren elkargune bilakatzea


Gure mobilizazio programa :

• Lehenik, salatu behar dugu kontra-gailurra modu duinean egiteko tokiak lortzeko autoritate frantses zein espainolen aldetik izan ditugun oztopoak. Aspalditik abiatu genituen harreman instituzionalak eta gaur egun, oraindik ez dakigu kontra-gailurra garatzeko izango ditugun azpiegitura guztiak. Zentzu horretan, programa neurriz kanpoko egoera batean, debeku eta oztopoak tarteko, berme hauskor batzuen barnean antolatzea lortu dugu. Ez dira baldintza egokienak, baina programa anitza, integrala eta bizia antolatzen ari gara.

Lehen hitzordua, Biarritzeko manifestazioa uztailaren 13an, 17:00tan Baratze publikoan/Midi geltokian (eta ez Loren hipodromoan)

Gailurra baino hilabete lehenago Miarritzeko karriketan ozenki aldarrikatu nahi dugu bestelako mundu bat eraikitzea urgentea bezain beharrezkoa dela eta G7 osatzen duten buruzagiak ez direla ongi etorriak.

Hendaia-Irungo kontra-gailurra, agorrilaren 19tik 23ra
− Irun eta Hendaia arteko eremu itxi zein irekietan gauzatuko dugu programa, Irun eta Hendaia artean Alternatiben Lurraldea irudikatuz.

Harrera eta kanpalekua. 19 eta 20an aterpetze gunea irekiko da eta kanpoko jendeari harrera egingo zaio. Bertan akanpatzeko oinarrizko beharrak asetuta egongo dira (ura, komunak, argindarra…), baita jateko aukera ere. Arratsaldean animazioak egongo dira eta egunero Hendaia edota Irunera joateko autobusak antolatuko ditugu. Lehen bi egunetan auzolanerako deialdiak egongo dira, kontragailurra baldintza egokietan burutzeko lanak modu kolektiboan eginez.

Jardunaldiak. Abuztuaren 21, 22 eta 23an Irun eta Hendaiako toki desberdinetan gauzatuko da: Ficoba izango da gune zentrala, Oiaso museoa, Palmero montero kultur gunea, Hendaiako zinemak…). Bertan konferentziak, eztabaidak, tailerrak, jateko aukera, ekintza kulturalak, eragileentzat azoka… egingo dira gaurko munduaren arkitektura ulertu, borroka nagusien erronkak gertutik ezagutu eta bestelako ereduaz hausnartzeko. Euskal Herriko zein nazioarteko hizlari zein eragileen parte hartzea ziurtatua dago. Jorratuko diren gaiak honako 7 tematikatan bildu ditugu, horrela formulatuak:

1. Mundu berria eraiki, kapitalismoa eta multinazionalen diktadura gainditu!
2. Planetaren suntsiketa gelditu… lurra eta bizitzak zaindu!
3. Mundu feministaren alde, heteropatriarkatua harrakalatu
4. Herrien aniztasuna eta askatasuna defendatu ! diskriminazioarik gabeko mundu (dekolonial) baten alde
5. Demokrazia eta eskubide guztiok guztiontzat! Autoritarismoarekin amaitu!
6. Herrien arteko elkartasuna, gerra eta inperialismorik ez!
7. Inor ez da ilegala, mugak eraitsi

Abuztuaren 24ko manifestaldia, larunbata, Hendaian
− Goizeko 11:30tan bi zutabe abiatuko dira, Pausutik eta hondartzatik. Herri
zentroan elkartuko dira eta Santiago zubiraino joanen dira.

Abuztuaren 25eko ortzadarra eremua, igandean, 12:00etatik 16:00etara.
− Gure plataformaren printzipioetan agertzen diren irizpideei jarraiki, gure lan egiteko moldeak masa mobilizazioa, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila izango dira. Zentzu horretan, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismoari planto herritar masibo bat antolatuko dugu. Soilik bide baketsuak erabiliz eta ahalik eta herritar gehien biltzeko helburuarekin, G7-a egingo den eremuaren inguruan ortzadar bat irudikatuko dugu:

1. Biarritzeko Cité de l’océan ingurabidean
2. Bidarte Barroilhet ingurabidean (autopistako Biarritzeko irteera)
3. Angeluko Maignon ingurabidean
4. Angeluko Herriko Etxean
5. Baionako Herriko Etxean
6. Angeluko bost kantoinen plaza
7. Angeluko Chambre d’Amour hondartzan

− Bide berean, deia egiten diogu herriari (langileak, komertzioak, enpresak…) G7arekin ez kolaboratzera.

• Arestian aipaturiko oztopoek, programaren osaketan eragin kaltegarria izateaz gain, honen guztiaren antolaketa zaildu eta garestitu du. Gaurko agerraldia aprobetxatu nahi dugu lagundu nahi duen norbanako, eragile sozial, sindikatu, kooperatiba orori, bakoitzak ahal duen neurrian, premiazko diru-ekarpena egin dezan gonbidatzera (jarraian, kontu korrontea). Era berean, udan zehar hainbat ekimen martxan jarriko ditugu diru bilketa herritarra egiteko: pultserak, cofrowing kanpaina…
− CREDIT MUTUEL: FR76 1027 8022 7800 0443 5234 150

• Diru bilketan parte hartzeaz gain, ekimenak laguntzeko molde asko daude: itzultzaile lanak egiteko prestutasuna, animazioak proposatzea (musika eta beste…). Laguntza oro beharrezko eta ongi etorria da. Jarri zaitezke gurekin harremanetan: harremanak@g7ez.eus

• Azkenik, G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformek antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deialdi irmo bezain lasaia luzatzen diegu Euskal Herriko jendeari nahiz kanpotik etorriko diren guztiei, mundu sozial eta justua, parekide/feminista, ezberdintasunik gabea eta ingurumena errespetatzen duena, elkarrekin eraikitzeko.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...