Europako zein Frantziako eta Espainiako Estatuetako migrazio politikak akusatzeko autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten azaro amaieran eta harekin bat egin dute hamarnaka eragile eta norbanakok.
Urtarrilaren 28an, Baionako epaitegian, 7 herritarrek etorkin batzuei beren migrazio prozesuan babesa ematea eta talde antolatuko kide izateko akusazioari aurre egin beharko diote. Haien aurkako epaiketa, 2024ko Korrika egunean Irun eta Hendaia arteko zubia migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igarotzeko ekintzan oinarritzen da.
Orduko ekintza hura hamarnaka eragile sindikal, sozial eta politikok bere egin zuten, “desobedientzia ariketa honekin Euskal Herria Harrera Herria izan nahi duela aldarrikatzeko”. Izan ere, gutxienez 9 dira haien migrazio prozesuan Bidasoako muga zeharkatzerakoan hil diren pertsonak. Europar migrazio politika arrazista eta hiltzaileak egin dituzte egoera honen erantzule J’accuse plataformaren baitan antolatu direnak. “Sei hilabetero aitzakia berri bat asmatzen du Frantziar Gobernuak muga ixteko. Horrela, kontrol arrazistak ezarri, eta migrazioan diren pertsonen ibilbidea jazartzen du, askotan hiltzera ere kondenatuz”.
Ezaguna da Irun eta Hendaia inguruetan ehunka direla elkartasuna antolatu eta migrazio politika ankerrei aurre egiten dieten boluntario konprometituak. Agintari politikoek eta haien legea betearazten duten polizien jazarpenaren aurrean, igarobide seguruen alde egin eta berauek eraikitzeko konpromisoa duten ekintzaileak dira. “Mugak apurtu eta zubiak eraikitzea aldarrikatzen dugu”.
Horregatik, epaiketaren karietara, hamarnaka eragile elkartu dira eta urtarrilaren 28an elkartasuna baino, migrazio politikak eta hauen atzean dauden agintariak akusatuen aulkian egon beharko luketela galdegiteko kanpaina jarri dute martxan: J’accuse.
Modu fisikoan, izen abizen eta nortasun agiria jarriz bat egindako 1.000 herritarren eta hainbat eragileren babesa jaso dute dagoeneko. “Oraindik izenpetzeko aukera dago, besteren artean urtarrilaren 26an egingo dugun mobilizazio jendetsuan ere”. Horrela, epaiketa baino bi egun lehenago, urtarrilaren 26an, Ficobatik goizeko 11:30ean aterako den manifestaziorako deia egin dute. Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak antolatzen ari dira, besteak beste Bilbo, Iruñea edota Durangaldetik.
“Urtarrilaren 26an milaka izango gara egungo migrazio politikak salatzeko Bidasoako muga zeharkatuko dugunak.” Modu berean, kanpaina finantzatzen laguntzeko aukera ere izango du hala nahi duenak —manifestazioan adieraziko da modua— eta aurreratu dute epaiketa egunean ere 13:00ean Baionako epaitegi aitzinean mobilizazioa egingo dutela jasotako autoinkulpazio guztiak epaitegiaren atarira eramateko.