2024-12-23
HomeEkintza SindikalaCONFEBASKek ELA eta LAB legez kanporatzeko bidea ireki dezan eskatzen dio Madrilgo...

CONFEBASKek ELA eta LAB legez kanporatzeko bidea ireki dezan eskatzen dio Madrilgo Gobernuari

LABek Confebasken barne dokumentu bat eskuratu du eta bertan iniziatiba berriak aipatzen dira, ELA eta LABen ilegalizazioa helburu luketenak.
Dokumentuan jasotzen dena laburtuz, badira bi sindikatu Confebaskek menderatu ezin dituenak, bidean galga egiten diotenak; dokumentuan jasotzen denez euskal enpresarientzat onena bi sindikatuok euskal eremu soziolaboraletik baztertzea litzateke, sindikatu izaera “kenduz”.

Dokumentua benetakoa bada, ELA eta LABen ilegalizazioa eskatzen ari da Confebask, sindikatu elkarte izaera kentzeak praktikan sindikatu gisa desagertzea baitakar. Sindikatuen ilegalizazioaz geroztik gaurdaino sindikatuon aurka egin den erasorik larrienaren aurrean geundeke, beraz.

Confebaskek guztiz mespretxatzen ditu gutxieneko arau demokratikoak: euskal jendarteari bakoitzak nahi duen sindikatuarekin antolatzeko eskubidea kendu nahi dio mekanismo administratibo baten bidez. Alegia, tramite administratibo batekin oinarrizkoa den eskubide bat desagerrarazi nahi du eta errealitate sindikala aldatu.
Zantzu guztien arabera dokumentu ofiziala da LABen eskuratu duguna. Tramitea martxan da (errege dekretu bidez) eta CEOEk lurralde-patronalei alegazioak egiteko eskatu die (ikus Alikanteko patronalaren web-a).

Eta larriena dena: dokumentuari sinesgarritasunik handiena Confebasken jarrera eta jokamoldeak berak ematen dio. Bere izarera autoritarioa behin eta berriz salatu dugu, langileen beharren aurrean etengabeko mespretxuzko jarrera du. Eskubideak soberan ditu eta demokrazioa ez du gogoko. Eskandalu hutsa da, bereziki honako arrazoiengatik:
Confebaskek eredu frankistara itzuli nahi du, orduan bezala, sindikatuak izan ala ez izan patronalaren erabakiek finkatu dezaten eta Estatuak arautu, langileak otzanduz eta patronalari bere erabakien garapenean lagunduz. Dokumentuak ez ditu oso toki onean uzten CCOO eta UGT.

Patronalak aukera ikusten badu bere grina frankistak aldarrikapen politiko bihurtzeko, egoerak laguntzen diolako da, eta hori bereziki larria da. Patronalak ikusten du baduela eremu politiko eta instituzionalean bere eskaerak non egin.

Dokumentu honekin 1999an enpleguaren mahaitik altxatzean hasitako bidea burutzen du Confebaskek. ELA eta LAB sindikatuok enpleguaren defentsan greba deitzean altxatu zen eta adierazi zuen bere boterearen kontra egiten zuten sindikatuekin ez zuela gehiago negoziatuko. Geroztik bere jarrera muturrera eraman du, bere interesak ororen gainetik jarriz, gehiago krisi garaian, non bere benetako altxorra eskuratu duen: euskal hitzarmenak deusezteko erreforma. Bien bitartean, alditik aldira gehiago, aurre egin diogun sindikatuon kontra aritu da, esaterako, LABek soluzioak posible egiteko proposamenak egin dituen bakoitzean.

Confebaskek ez du akordioa bilatzen, ez ditu arazo ekonomiko eta laboralak konpondu nahi. Bere arazoak konpondu nahi ditu, lan eskubideak ditu arazo, eta horien defentsan elkartu eta antolatzen diren langileak.

Herri honek krisiaren aurrean irtenbidea bilatzeko duen arazorik handiena patronal hau da. Ez LAB, ez euskal sindikalgintza, Confebask da hemen benetako arazoa, eta Eusko Jaurlaritzak harekiko duen menpekotasuna.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu patronal hau zilegiztatu eta babesteari uzteko behingoz. Gainera, ez dugu uste euskal enpresarien gehiengoak bat egiten duenik Confebasken jarrerarekin. Aspaldi utzi zion Confebaskek enpresa txiki eta ertainaren interesak defendatzeari, enpresa handien bozgorailu izateko.

Ordua da benetako eztabaida eta negoziazio bat irekitzeko behar dugun lan harreman esparruari buruz. Euskal instituzioen ardura da askatasun sindikala, antolatzeko eta gure interesen alde borrokatzeko eskubidea ziurtatzea.
ELArekin harremanetan gaude eta beste sindikatuekin ere egongo gara. Estatuko beste sindikatuei dokumentuaren berri emango diegu erantzun partekatu bat adoste aldera.

Amaitzeko, langileok osatzen dugun euskal gehiengo sozialaren interesen alde elkarrekin borrokatzeko antolatu diren langile guztien lana azpimarratu nahi dugu. Gure aitortza osoa LABen bat egin duten langileen lanari, sindikatu honetatik patronalari aurre egiten jarraitzen dutenei, lan eskubideak eta eskubide sozialak defendatuz. Ez dugu inolako asmorik eskubide horiei muzik egiteko. Lan zentruetan antolatzen jarraitzeko deia egiten dugu, baita jendartean ere, hori da bidea. Bai, galga gara, oztopoa, patronalarentzat, eta horrela izaten jarraituko dugu, lanean, enpresetan eta jendartean orohar erresistentzia gero eta handiagoa izan dadin.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...