Pasadan asteazkenean, hilak 17, Legution dagoen Condesa Fabrileko langileek ezezkoa eman zioten zuzendaritzak aurkeztutako EREari. Condesako LABek eta ELAk Zuzendaritzak akordio bat erdiesteko erakutsitako borondate eza salatu nahi dugu. Ez dute enpleguari buruzko konpromisorik lotu nahi izan, ezta aipatutako EREaren ondorioak mugatzeko ere.
Aurreko guztiak berresten gaitu enpresaren epe motzeko geroaz daukagun kezkan.
Bitartean, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako gobernuak ezikusiarena egiten dute. Hauekin biltzeko LABek eta ELAk egindako eskaeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak erantzun digunez, zain dago Condesak Bankarekin zein Arcelorrekin adostutako akordioaren berri izan arte. Bitartean, ez daukate ezer berririk gurekin partekatzeko. Hau posible al da? Hau da merezi dugun Eusko Jaurlaritza? Nafarroako gobernuak, aldiz, ez digu erantzun ere egin.
Honelakoa da, tamalez, Condesako langileok bizi dugun errealitatea. Honengatik guztiarengatik, Condesako ELAk eta LABek bat egiten dugu larunbat honetan enpleguaren defentsan eta benetako politika industriala exijitzeko Gasteizen antolatu den manifestazioarekin. Bidenabar, herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egiten diegu.