2024-11-15
HomeEkintza SindikalaCENek argudio juridikoak erabili ditu aitzakiatzat, lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzeko

CENek argudio juridikoak erabili ditu aitzakiatzat, lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzeko

Nafarroako patronalak jakinarazi die ELAri eta LABi ez duela nahi Lanbidearteko Akordio bat, baldin eta horren helburua estatu-hitzarmenetako baldintza anitzez apalagoak Nafarroatik kanpo uztea bada.

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Hori horrela, UGT eta CCOO ari dira estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzen (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritza kolektiboan…), zenbaitetan soldatak erdira jaitsiz.

2017ko ekainean ELAk eta LABek proposamen bat helarazi zieten CENi eta UGT eta CCOO sindikatuei, Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenesteko, Madrilen sinatzen direnen aitzinetik. Ez dago beste helbururik langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzea uztea baino, Madrilgo esku-sartzerik gabe.

CENek ezetza eman dio gure proposamenari, legezkotasuna auzitan jarriz. ELAn eta LABen ez dugu uste benetako arrazoia hori denik. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da aurtengo urtarrilean ELAk, LABek, UGTk, CCOOek eta Confebaskek tankera bereko akordio bat sinatu zutela EAEn, eta ez du inork zalantzan jarri haren legezkotasuna.

ELAren eta LABen iritziz, benetako arrazoia da CEN guztiz bat datorrela azken lan-erreformekin, negoziazio kolektiboa ahultzea eta langileria pobretzea ekarri dituzten erreformekin.

ELAk eta LABek deitoratzen dute CENen jarrera hori, zeren horrela langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatu baitiete, eta negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu baitute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek greba eguna izan dute gaur, baldintza duinen eta benetako negoziazioaren alde

Goizean, mobilizazio bana egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta Tuteran, Foruen plazan. Arratsaldean ere mobilizatuko dira, Iruñean, Diputaziotik abiatuta, 18:00etan.