2024-12-22
HomeIndustriaPapergintzaCEL Taldeko lantegietako industria proiektuaren defentsan egin dute protesta, Arangurenetik Bilboraino

CEL Taldeko lantegietako industria proiektuaren defentsan egin dute protesta, Arangurenetik Bilboraino

Enkarterrin zuzeneko enpleguko 254 lanpostu ditu, eta kontratak batuz 300eraino ere heltzen da. Bada, egoera larrian daude langileak eta euren familiak, ixteko arriskuan baitaude lantegiak. Oraingoz, hiru lantokietan argindarrik gabe eta lehengairik gabe jarraitzen dute, eta hori ez dute konpondu oraingo jabeek, ezta Eusko Jaurlaritzak edo Bizkaiko Aldundiak beren industria-politikekin ere. Hain zuzen ere, protesta Jaurlaritzaren eta aldundiaren egoitzen aurrera eraman dute gaur.

Hauxe da enpresa batzordeek kaleratutako agiria, gaurko mobilizazioaren harira:

CEL Taldearen enpresa guztiak papergintzan aritu dira joan diren 50 urteetan gure eskualdean. Iaz, 2016an, 62 milioi eurotik gorako fakturazioa izan dute, 1.2 milioi euroko EBITDA emaitzak, eta cash flow positiboa lortu. Eskualde honetan zuzeneko enpleguko 254 lanpostu ditu, eta kontratak batuz 300eraino ere heltzen da. Zeharka, gainera, eragin nabarmena du beste sektore batzuetan, besteak beste, Enkarterriko hornitzaileetan, ostalaritzan eta merkataritzan. Enpresa horiek ixten badira, kinka larrian geratuko dira ehunka familia, jarduera horrekin estu loturik baitaude.

Oraingo egoera oso larria da. Izan ere, ostiralean enpresak azaldu zizkigun irtenbideak ez dira gure gogokoak, ez baita kontuan hartu ekoizpenaren normalizazioa lantokietan.

Oraingoz hiru lantokietan argindarrik gabe eta lehengairik gabe jarraitzen dugu, eta hori ez dute konpondu oraingo jabeek, ezta Eusko Jaurlaritzak edo Bizkaiko Aldundiak beren industria-politikekin ere.

Erakundeen jokabidea etsigarria izan da, enpresen aldeko industria-politiketan ez dago edukirik, ez ezer, propaganda hutsaz besterik. Dagozkien erantzukizunak astintzen saiatu dira, lehen jabekideak baitziren, eta orain dela gutxi aldendu dira akziodunen artetik.

Zoritxarrez, erakundeekin izan ditugun bilera apurrak enpresa-batzordeen eskariz izan dira. Guk sinetsita geunden erakundeek zerbait egingo zutela, etorkizuna zuen proiektu errentagarri horren bideragarritasun-arazoa konpontzearren. Baina ustekabez ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak taldearen etxe nagusiaren akzioen %40 besterendu zituela maiatzaren 18an, industria- eta finantza-erantzukizunak saihestearren. Akzioak utzi eta bost egun geroago bilera bat izan genuen Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Arantza Tapiaren ardurapeko sailean, eta akzioak uztekotan zeudela esan ziguten. Baina engainatu gintuzten, ordurako akzioak utzita zeuzkaten; guk horren berri bi aste geroago jakin genuen enpresaren ahotik.

Urkullu lehendakaria bera, Turtziozen Agirre lehendakariaren euskal lurretan eman zuen azken hitzaldiaren oroitzapen-ekitaldian, ez zen makurtu guri entzutera, edo gure proiektuari nolabaiteko babesa ematera; alderantziz, bertan behera utzi gintuen, halabeharrak zer ekarriko digun zain.

Bizkaiko Aldundiak, Abellanedan bildurik, eta diputatu nagusi Unai Rementeriak adierazi digute ahal duten guztia egingo dutela geldirik geratu diren instalazioak berriro abiarazteko. Baina gu argindarra noiz jarriko diguten zain gaude. Areago, makineriaren egoera, ebaluazio eta diagnostikoari buruzko peritu-txostenak zer dioen ez digute jakinarazi, eta bitartean enplegua eta etorkizuna kolokan daude.

Konkurtso Administrazioak ostiralean adierazi zigunez, egoera ezin iraunezkoa da; inbertsiogilerik sartu ezean, ERTE edo EEE batera joango gara. Antza, bi inbertsiogile interesatu daude, aste hauetako batean enpresak bisitatuko dituztenak. Inbertsiogile horiei oraingo jabeek ez zieten sartzen utzi konkurtsoaren aurretik eta konkurtsoan zehar. Baina Eusko Jaurlaritzak bere akzioak oparitu dizkie. Oraingo jabeek gaurko egunean ez diete oraindik bideragarritasun-planik aurkeztu langileei, etorkizunari eusteko berme gisa.

Zuzendaritza hori, Zurbost Gestión, oraingo egoeraren errudunak dira, eta herri-erakundeek urte askotan sostengua eman diete, maiatzaren 18ra arte, industriaren, merkataritzaren eta finantzaren ibilbidean. Beraz, erakundeek ere badute beren erantzukizuna kudeaketa horretan, eta etorkizunari begirako irtenbidean parte hartu behar dute, Enkarterrian hain erroturik dagoen proiektu honi ─industriaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik─ industriaren eta finantzen estaldurak emanez.

CEL Taldeko enpresa-batzordeek ez dituzte ahaleginak xuhurtuko konponbide bat bilatzeko, baina aldi berean egoeraren errudunen jokabideak salatuko dituzte, harik eta industria-proiektuak bideragarritasuna izan arte.

Hori horrela, eta enpleguari eusteko asmoz eta CEL Taldeko lantegietako industria-proiektua bermatzeko helburuz, erakundeetan eta herrietan mobilizazioak antolatzen jarraituko dugu; eta ildo horretatik, gaur ibilaldi bat abiatu dute 06:00etan Arangurengo Ecofibras lantegitik (argindarrik gabe) Bilboraino, Eusko Jaurlaritzaren aurrean geldialdi bat eginez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...