2024-12-22
HomeEkintza SozialaCabieces-Kutxabank kasuan delitu egin zutenek ez ezik, delitu horiek sustatu zituztenek ere...

Cabieces-Kutxabank kasuan delitu egin zutenek ez ezik, delitu horiek sustatu zituztenek ere ordaindu behar dute


Cabieces-Kutxabank kasuan akusazio partikularra osatzen dugun eragileok (LAB, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV, PENSIONISTAK MARTXANek) agerraldia eskaini dugu gaur Bilbon Mario Fernandez Pelaz, Miguel Angel Cabieces Garcia eta Rafael Alcorta Callejari leporatzen dizkiegun delituen harira, ahozko epaiketari ekiteko eskatu dugula adierazteko eta epaitegian aurkeztu dugun kalifikazioaren berri emateko.

Lehenengo eta behin, azpimarratu nahi dugu delitu hauek eta Euskal Kutxak Kutxabanki banka negozioa transferitu izana aldi berean gertatu zirela. Izan ere, Euskal Kutxak likidatzea eta pribatizatzea da, hain zuzen, nahasturik dauden pertsona hauek delituok justifikatzeko erabiltzen ari diren argudioa.

Egia da Mario Fernandez, Rafael Alcorta eta Miguel Angel Cabieces jaunak egile materialak direla, baina, honekin ere, Euskal Kutxen likidazioa burutu duten alderdiek –PNVk,PPk, PSEk- ardura politiko ezin nabarmenagoa daukate, borondateak erosi eta mesede tratuetan nahasirik daude eta.

Horregatik, lehenik eta behin zera exijitzen dugu, erabaki politikoa hartu eta adostu zutenek euren erantzukizunak bere egin ditzaten, Mario Fernandez, Rafael Alcorta eta Miguel Angel Cabiecesi leporatzen zaizkien delituak betetzeko ezinbestekoak izan direla aitor dezaten eta ondorioak euren gain har ditzaten. Ezin da gardetasunaz berba egin eta, aldi berean, salatzen ditugun jokabideetan ibili, ezta eremu politiko-instituzional eta enpresa eremuaren arteko ate biribilkariak erabiltzen jarraitu ere.

Gure asmoa ez da gertakarien deskribapen sakona egitea, hala ere, bereziki esanguratsuak diren bi gai azpimarratu nahi genituzke:
Cabieces jaunaren merezimendu bakarra gobernuaren ordezkaria izatea izanda, 2008ko martxoaren amaiera eta 2014ko urria bitartean 243.492,02 euro jaso zituen, horren ordainez inolako lanik egin gabe.
Rafael Alcorta jaunaren bulegoak kontratatu zuen 5.783 eurotako iguala areagotzea amarru kontablea izan zen Cabieces jaunari iruzurrezko ordainketak ezkutatzeko.

Erabaki operatiboa Mario Fernandez jaunak aldebakarrez eta Kutxabankeko gobernu organoen inolako kontrolik gabe erabaki zuen.

Adierazitako gertakariak honakotzat har daitezke:

• Zigor kodearen 295. artikuluan jasotzen den administrazio desleialen delitutzat.
• Zigor kodearen 250.1 eta 5; 252 eta 74. artikuluetan jasotzen den etengabeko bidegabeko jabetze delitutzat.
• Zigor kodearen 27 eta 28. artikuluetan jasotzen den agiri-faltsutze delitutzat.

Hori dela eta, akusatuei honako hau ezartzeari zilegi deritzogu:

– Mario Fernandez Pelaz jaunari 2 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra, denbora tarte berean kargu politiko berezi moduan zein elkarte merkantiletako administrari edo kontsilukide moduan aritzeko inhabilitazioa; eta 9 hilabetez eguneko 100 euroko isuna

– Miguel Angel Cabieces jaunari 3urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra, denbora tarte honetan kargu politiko moduan eta abokatu moduan aritzeko inhabilitazioa, eta 12 hilabetez eguneko 100 euroko isuna.

– Rafael Alcorta jaunari 3 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra, denbora tarte honetan sufragio unibertsalaz hautatutako kargu politiko moduan eta abokatu moduan aritzeko inhabilitazioa, 12 hilabetez eguneko 100 euroko isuna.

Honez gain,akusatu guztiak prozesuko kostuak ordaintzera ere kondenatzea, herri akusazio honek eragindako kostuak barne.
Azkenik, ondoko froga hau gauzatu dadila eskatzen dugu:

Akusatuen aitortza

Herri akusazio honek orain arte egindako lanari ontzat deritzo eta uste dugu honelako jokabideak, politika eta enpresa eremuen artean lar ohikoak direnak, ezin direla zigor barik gelditu. Arduradun politikoak dira jokabide hauek sustatzen eta babesten dituztenak eta horrexegatik arduradun hauek eremu politikotik eta denonak diren instituzioetatik at bota behar direla uste dugu.

Amaitzeko, PNVk, PPk eta PSEk Euskal Kutxak likidatzeko eta, horrela, kapital pribatua eta espekulatzaileak saritzeko, burutu duten prozedura osoa salatu nahi dugu. Euskal Herrian finantza sektore publiko sendoa behar dugu eta likidazio zein pribatizazio prozesu hauek mota guztietako iruzurrak zein mesede tratuak egiteko eta borondateak erosteko ezinbesteko funtsa dira. Berriro ere, honelako jokabideak ezin dira zigor barik gelditu.

Gure esku dagoen neurrian, salaketetan jarraituko dugu Kutxabanken moduko gertaerak berriro erepika ez daitezen.

LAB, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV, PENSIONISTAK MARTXAN

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...