2024-12-23
HomeEkintza SozialaCabieces kasua politikari batzuen onurarako ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasiko bat da

Cabieces kasua politikari batzuen onurarako ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasiko bat da

"Kutxabank Cabieces" auzian herri-akusazio gisa agertu garen alderdi sindical eta sozialek egun dagoen informazioaren arabera Cabieces kasua politiko batzuen onurarako ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasikoa dela ondorioztatzen dugu. Gure ustez, ez da inongo frogarik ekarri non ziurtatzen den Cabieces jaunak jasotzen zuen dirua lan-prestazio mota batekin bat zetorrela. Aitzitik, auditoretzaren txostenak zein alderdi honek eskatu lekukotasunek ziurtatu dute lan-prestaziorik ez dagoela.

CABIECES-KUTXABANK KASUAN HERRI-AKUSAZIOAREN BALORAZIOA

LAB, ESK, STEE-EILAS, Bizkaiko ENHE, HIRU, EKA eta Euskal Herriko pentsiodunen plataforma herri-akusazio gisa agertu gara Bilboko 4. instrukzioko epaitegian 2015eko 426 aurre-eginbideaz eta Kutxabanken jazo gertaerengatik fiskaltzak jarri duen salaketaren haritik burutzen ari den auzian, non ikerketaren ondorioz, Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafa Alcorta, besteak beste, inputatuak dauden.

Egun arte egin denaz akusazio honek iritsi duen ondorioa oso argia eta eztabaidaezina da:

Cabieces kasua ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasikoa dugu, beti ere, politikari gutxi batzuen onuran. Gure ustez, ez da inongo frogarik ekarri non ziurtatzen den Cabieces jaunak jasotzen zuen dirua lan-prestazio mota batekin bat zetorrela. Aitzitik, auditoretzaren txostenak zein alderdi honek eskatu lekukotasunek ziurtatu dute lan-prestaziorik ez dagoela.

Babes-harremana eta Kutxabanki egin omen zaion iruzurra Euskal Kutxak eta Kutxabank pribatizatzea erabaki dutenen erabaki politikoak dira.

Cabieces jaunak Kutxabanken, ia lanik egin gabe, hilero 6.000 bat euro kobratzen zituen. Aipatu ordainketak ez badatoz bat inongo lanarekin; ordainketa politikoez ari garela esan daiteke.

Ordainketok, Kutxabank pribatizatzeko prozesuan, EAJ-k, PP-k eta PSE-k lotu dituzten akordioen baitan gauzatu ziren; alderdi politiko horien ordezkariek eman beharko lituzkete azalpenak, eta hala balegokio, euren gain hartu beharko lituzkete ondoriozta daitezkeen ardura politikoak.

Cabieces jaunak Kutxabank eta Iberdrolatik 12.000 euro hilero kobratzen zuen bitartean, eskatu zuen langabezia-prestazioa kapitalizatuz, haren autonomo-kuotaren gizarte-segurantza finantzatu zuen. Litekeena da jarduera hori legezkoa izatea, hala ere, guztiz ezmorala deritzagu. Gure ustez, moralki onargarria izan daitekeen ekimen bakarra Cabieces jaunak bidegabeki jaso zuen kopurua itzultzea litzateke.

Akusazio gisa agertu izanari eraginkorra deritzagu eta gustura gaude horrekin, herri-akusazio honen jardunari esker lekukotzak jaso direlako, eta hauek dute zalantza izpirik uzten: laneko prestazio batengatik ez bada ordainik egin, interes politiko kutsuko ordaina dagoen adierazgarri.

Caja Surreko abokatuak, joan den astean, eman lekukotzaren arabera, zioen ez zuela inondik inora ezagutzen Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia, harekin ez telefonoz, ez posta elektronikoaz ere, ez zuela harremanik izan. Horrez gain, Alcorta jaunaren bulegoko lankideok baieztatu zuten epaitegiko egoitzan Cabieces jaunaren izendapena ezarri zutela, eta hautapenean ez zirela gaitasuna eta ezagutzak aintzakotzat hartu. Hortaz, ez digute Cabieces jaunak egindako lanen berri eman, eta kontuak honelakoak izanik, Caja Surreko abokatuarekin harremanik ez bazuen, nolatan justifika daitezke Andaluziara egindako bidaiak eta haiek eragindako gastuak? Gure zalantza zentzuzkoa da: zertan jardun da orduan Cabieces?

Herri-akusazioak bere buruari galdetzen dio nolatan egin dezakeen jaun honek lan, era berean, Iberdrolan eta Kutxabanken?

Gure ustez, behar beste zantzu daude epaitegiak instrukzioari eutsi diezaion eta prozedura aldatuko duen autoa eman dezan.

Azkenik, berriro ere, adierazi Kutxabanken pribatizazioa haztegi izan dela aipatu jokaerak eman daitezen, eta gure aburuz, erakunde publiko sortzaileei akzioak itzuliko ez balizkiete, antzeko egoera gertatuko lirateke etorkizunean.

Kutxabank publikoa izan dadila, pribatizazio prozesuak atzera egin dezala eskatzen dugu; euskal ekoizpen ehunak eta oro har, euskal gizarteak behar dute euskal finantza sistema publikoa sortzea. Horrela bakarrik, eskuartean daukagunaren antzeko iruzurrak saihestu daitezke.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...