Aresen dimisioa exijitzen du sindikatuak, neurrigabeko indarkeria erabiltzea bulegoetan diseinatzen den herritarren aurkako errepresio estrategiaren ondorio dela salatzearekin batera.
Lehehengo eta behin gure elkartasun eta besarkadarik estuena helarazi nahi diegu Cabacas Liceranzu familia osoari eta Iñigoren lagun guztiei saminez beteriko momentu hauetan.
Zoritxarrez ez da gure herria honelako jazoera baten aurrean dagoen lehen aldia. Ohikoa da Ertzaintzak neurrigabeko indarkeria erabiltzea eta, arrazoirik gabe, euskal herritarrak jipoitzea, larriki zauritzea eta, kasu honetan bezala, hiltzea ere. Ez da kasualitatea poliziak kargatu zuen tokian kargatu izana, herriko taberna baten alboan, eta, era berean, ez da kasualitatea gazte bat izatea eraila izan dena. Hortxe dauzkagu gogoan Gasteizen gazteen kontrako eraso polizialak, bai aurtengo martxoaren 3an, bai martxoaren 29ko greba egunean ere.
Neurrigabeko indarkeria erabiltzea ez da ertzaina baten edo besteren jokabide isolatua, baizik eta bulegoetan diseinatzen den herritarren kontrako errepresio estrategiari erantzuten dion erabakia. Entzuten ari garen gezurrak —hala nola pilotakada zuzenik ez botatzeko agindua daukatela, kontrakoa egiten dela jakinda eta ikusita karga ezberdinetan bideoetan grabaturikoa— ebidentzia ukatzeko ahalegin lotsagabea baino ez dira.
Hortxe dauzkagu Ertzaintzaren pilotakadek eragin dituzten bizi osorako lesio larriak eta bereziki gogoratu nahi ditugu pilotakadek eraildako Rosa Zarra eta Kontxi Sanchiz. Aresek zin egin duen ikerketa sakonak aurreko kasuetako “ikerketa sakonen” emaitza berbera izango al du? Gezurrezko bertsioak eta errudunetzako inpunitatea? Gure herriak jaso duen erantzunaren arabera, badirudi horrela izatea nahi dela, lehenbiziko erreakzioa lekukoen bertsioa ukatzea eta maltzurki zalantza piztea izan baita. Hala ere, ezer gutxi ukatu ahal da gazte bat burezurra hautsita sartzen denean ospitalera.
Ares barne kontseilariak, duintasun minimorik izanez gero, bere dimisioa aurkeztuta izan beharko luke honezkero, kasu honetan ez ezik, bere agintaldi osotik zehar izan duen jarduera ziniko eta manipulatzaileagatik ere: errealitateari buelta eman eta erasotuak kriminalizatzea izan da bere jokabidea hauetan urteotan. Honek, LAB, beste sindikatu batzuekin batera, pasa den urtean kereila kriminala sartzera eraman zuen.
Lehenago edo beranduago suertatu behar zen bueltarik ez daukan honelako gertaera lazgarri bat. Kasu hau, hala ere, ezin izango du euskal herritarren aurrean hain erraz estali. Ardura guztiak argitzea exijitzen dugu, baita politikoak ere, esan bezala, honelako jokabideak ez direlako kasu isolatuak, baizik eta errepresio estrategia oso bati erantzuten dioten emaitza.
Bilbon, 2012ko apirilaren 10ean