2024-12-26
HomeEkintza SindikalaBost eguneko grebara deitu dute Arabako kirol jardueretako langileek, hitzarmen duin baten...

Bost eguneko grebara deitu dute Arabako kirol jardueretako langileek, hitzarmen duin baten defentsan

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Arabako kirol-jardueren sektoreko langileok 2 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Igaro den denbora luzea izan arren eta bilera ugari burutu diren arren, ez dugu lortu enpresek gure lan-baldintzak duintzeko plantillen eskaera nagusiei jaramonik egitea.

Enpresek gure soldata 2 urtez izoztea planteatzen dute, eta egiten dituzten eskaintza ekonomiko urriek ez dute loturarik KPIarekin. Gainera, proposatzen dituzten hobekuntza apurrak 2023ko urritik aurrera aplikatzea proposatzen dute.

Lan-baldintza duinik ez izateak benetako profesionalizazioa eragozten digu, eta, beraz, sektorean bizimodua aurrera ateratzea. Lankide batzuek soldatamileuristak dituzte eta lurraldeko urteko lanaldi luzeenetako bat dute; ez zaizkigu esperientzia-urteak konpentsatzen; gaixoaldi-bajan gaudenean zigortu egiten gaituzte; kasu askotan, enpresaren esanetara gaude goizetik gauera arte, egiazko lanordu gutxi batzuk egiteko,…

Negoziazio mahaian egin ditugun aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira: KPIari lotutako soldata igoerak; urteko lanaldiaren jaitsiera; joan-etorriak eta etenak saihesten dituzten koadranteak egitea; 1.200 €ko gutxieneko soldata; antzinatasun plusa izatea; ITgatiko osagarriak izatea…

Sektoreko langileok, borondate onaren erakusgarri eta akordio batera iristeko asmoarekin, hainbat zesio egin dizkiegu enpresei; besteak beste, gure soldata 2 urtez izoztuta mantentzea onartu dugu, urte honetarako proposatutako igoera urriak onartu ditugu, eta, beraz, gure baldintzen edozein hobekuntza 2023ra arte atzeratzea.

Baten batek iradoki lezake oraingo honetan ahalegin bat egin genezakeela eta patronalak planteatutako eskaintza ekonomikoarekin konformatu gaitezkeela, baina ahalegin hori azken hamarkadan honezkero egin dugu. Azken 12 urteetan eros-ahalmenaren %11 inguru galdu dugu; hurrengo 2 urteetarako patronalak egiten digun eskaintza ekonomikoarekin, KPIaren bilakaera ikusita, galera hori %20 ingurura igo daiteke. Pobretzen ari gara!

Egoera hori, besteak beste, administrazio publikoek (hauen artean Gasteizko Udalak) erabiltzen duten azpikontratazio-sistema negargarriaren ondorio da, non eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen duen kasu gehienetan. Horrek zuzenean eragiten die langileen lan-baldintzei; izan ere, enpresek ausarkeriaz jokatzen dute haien eskaintzak egiterakoan, eta, gero, zerbitzua eskuratzen dutenean, ez dute marjinarik plantillaren baldintzak duintzeko.

Modu horretan, gure gatazka azaltzeko Gasteizko udaletxeko Kirol Batzordean agerraldia egin genuen; hiria kanpora begira harro egoteko arrazoietako bat kirol-instalazioen eta kirol-eskaintzaren sare zabala da. Hala ere, erakusleiho horren atzean, lan-prekarietatea gero eta handiagoa da. Agerraldian, negoziazioak aurrera egiten ez bazuen, epe laburrean gatazkara joateko aukera mahai gainean jarri genuen, baina, zoritxarrez, udal- gobernuko taldeek emandako hitz onak alde batera utzita, blokeo-egoerak bere horretan dirau.

Egiten ari garen aldarrikapenak bidezkoak eta zentzuzkoak direla uste dugu. Hala jakinarazi ziguten Udaleko udal taldeek. Beste alde batetik, kirol-instalazioen erabiltzaileen babesa dugu. Azken 2 hilabeteetan egindako sinadurak biltzeko kanpainan gure aldarrikapenen aldeko 1.434 atxikimendu bildu ditugu!

Horregatik, sektoreko langileok nahikoa dela esan dugu. Pazientzia amaitu zaigu. Ezin dugu gehiago itxaron. Badakigu enpresek ez digutela ezer oparituko; ziur gaude ezinbestean lor ditzakegun hobekuntzak borroka kolektibotik baino ez direla etorriko. Eta zentzu horretan, Arabako kirol-jardueren sektoreko langileok lan-baldintza duinen alde borrokatzeko prest gaude. Horregatik iragartzen dugu 5 eguneko GREBA bat deitu dugula maiatzaren 10etik 14ra.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.