2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBorrokatzeko ahalmena da ezarri nahi diguten Negoziazio Kolektiboaren sistema indargabetu dezakeena

Borrokatzeko ahalmena da ezarri nahi diguten Negoziazio Kolektiboaren sistema indargabetu dezakeena

LAB sindikatua negoziazio kolektiboaren erreforma berrirako CEOE, CCOO eta UGTk Madrilen sinatu duten akoardioaren aurrean.

 Irakurketa PDF
2012ko urtarrilaren 20an CEOE, CCCO eta UGTk Madrilen sinatu duten akordioa, negoziazio kolektiboari buruzkoa, PSOEren gobernuak 2011ko ekainean onartu zuen erreforman hasitako erasoa sakontzea da; horri begira, espainiar sindikatuek onartu dute erreforma berria trabarik gabe erraztea patronalari eta PPko gobernuari. Jarrera sindikal horrek azalpen bakarra izan dezake, alegia, Madrilen une bakoitzean dagoen gobernuarekin dagoen erabateko mendetasuna, eta eredu sindikal itunzale eta agortu batek patronalaren aurrean aspalditik erakusten duen mendetasun jarrera.

Krisiaren ondorioak langile klaseak ordaindu behar ditugula ezarri duen erabakiak erreformen jomugan jarri du negoziazio kolektiboa. Horren helburuak aurreko erreformarenak bezain argiak dira: negoziazio kolektiboaren ahalmena indargabetzea, eta, hortaz, borroka sindikalarena, hitzarmen sektorialak gure esparruan lortzeari dagokionez, lantokietako lan baldintzak arautzeko eta hobetzeko tresna bezala.

Patronalak aspalditik lortu du gobernuek beren interes eta komenigarritasunaren zerbitzuan jartzea lanari buruzko legedia. Oraingo asmoa da hitzarmen kolektiboek ere xede horri mesede egitea. Horretarako, adostutako neurri berriek negoziazio kolektiboaren funtsezko elementuak ukitzen dituzte: negoziazio eremuak, mugikortasun funtzionala, ordutegiaren malgutasuna eta soldatak. Hitzartutako neurrien artean, honako hauek azpimarra daitezke:

• Madrildik gidatutako negoziazio kolektibo bat; izan ere, erabaki nahi dute zer gai negoziatu daitekeen esparru bakoitzean, eta horien artean daude probintziako hitzarmen sektorialetan negoziatu ahal izango direnak.

Hitzarmen sektorialaren eskuetan uzten den funtzio bat da hitzarmen hori enpresan ez aplikatzeko ahalmena ematea enpresari, horren ordez lan baldintza okerragoak jartzeko. Asmoa da hitzarmen sektorialak sektore osoarentzat gutxieneko baldintzak bermatzeko ahalmena galtzea.

• Mugikortasun funtzionala: lanbide-kategorien sistema ezabatzea, horren ordez lanbide-taldeak jartzeko. Asmoa da enpresak bere kabuz erabakitzeko duen ahalmena handitzea, polibalentzia funtzionalaren bidez, mugikortasun funtzionalaren alorrean.

• Lanaldia eta ordutegi-malgutasuna: “printzipio orokor” bezala, urteko lanaldia modu irregularrean banatzea planteatzen da. Horretarako, ohiko izaeraz:

– Hitzarmen kolektiboek ahalbidetu behar dute enpresak modu irregularrean banatu ahal izatea urteko lanaldi arruntaren % 10. Era horretan, lehengo erreforman ezarritako % 5 bikoizten da.
– Orain gehitu da hitzarmen kolektiboek bidea eman behar dutela enpresak bost eguneko (edo 40 orduko) poltsa bat izateko urtean, urteko egutegian aurreikusitako banaketa aldatzeko.

“Aparteko izaeraz”, aipatutako ehunekoak gainditzea baimentzen da.

• Soldatak. Soldataren zenbatekoa enpresaren egoera eta emaitzen mende jartzen da, osagarri aldakorren bidez; gainera, osagarri horiek eguneratzen dira enpresak “adierazten duen” produktibitatearen bilakaeraren eta emaitzen arabera. Horrez gain, soldatak ez aplikatzeko klausulak ere indartu nahi dira.

Gainera, akordioak irizpide jakin batzuk txertatu ditu soldaten alorrean, hots, eroste-ahalmena galtzen jarraitzea onartzera daramaten irizpideak:
– 2012: % 0,5
– 2013: % 0,6
– 2014: % 0,6 (BPGa % 1 baino gutxiago hazten bada); % 1 (2013ko BPGa % 1 eta % 2 bitartean hazten bada), edo % 1,5 (BPGa % 2 baino gehiago igotzen bada 2013an).

Datorkigun panorama horren aurrean, LAB sindikatuak garbi utzi nahi du krisia aprobetxatzen ari direla negoziazio kolektiboa Madrildik “telegidatutako” eta enpresarien nahien tresna huts bihurtzeko –soldatak murrizteko eta lan baldintzak orokorrean hondatzeko-, eta asmo horrek aurrez aurre izango dituela, Euskal Herriko lantokietan, konfrontazioa eta gatazka sindikala. Negoziazio kolektiboan borrokatzeko dugun ahalmena da, hain zuzen ere, ezarri nahi diguten negoziazio kolektiboaren sistema indargabetu dezakeena.

Euskal Herriari lanaren alorrean erabakitzeko ahalmena ematen dion lan harremanen euskal esparruaren aitortzarik ezak babesik gabe uzten gaitu Estatuak bata bestearen ondoren ezartzen dituen erreformen aurrean, horrek Euskal Herriko errealitate sozial, laboral, sindikal eta ekonomikoa ukatzen baitu. Horregatik, Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde euskal langileok egiten dugun aldarrikapenak esanahi handiagoa hartzen du oraingo krisiaren testuinguruan, eta inoiz baino beharrezkoago bihurtzen da.


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...