2024-12-19
HomeEkintza SindikalaBorrokari esker, Bizkaiko ehun-merkataritzan aurre-akordioa #LortuDugu

Borrokari esker, Bizkaiko ehun-merkataritzan aurre-akordioa #LortuDugu

Lau urteko negoziazioaren ondoren, 10 greba egunen eta hamaika mobilizazioaren ondoren, lortu dugu patronala mugitzea eta azkenean aurreakordio bat lortzea.

Lehenik eta behin, patronalak jomugan zituen neurri erregresiboak geldiaraztea lortu dugu: udako larunbat arratsaldeak ezabatzea, antzinatasuna ezabatzea edo izoztea, bajen osagarriak murriztea…

Bigarrenik, sektore honetako langileek azken urteetan izan duten erosteko ahalmenaren galera izugarria izan da: 8 urtez soldata izoztuak. Urte honetarako %12ko igoera lortu dugu kolpean eta hitzarmena indarrean dagoen urteetarako KPIa bermatzen duten soldata-igoerak: 2024ean, %4ko igoera; 2025ean %3,50ekoa eta 2026an, 2,50%ekoa. Denbora tarte horretan KPIak %10eko igoera gaindituko balu, aldea bermatuko litzateke. Igoera hauekin, sektoreak LABek aldarrikatzen dugun 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatuko du.

Hirugarrenik, hitzarmenaren edukiaren alderdi batzuk hobetzea lortu dugu, hala nola legezko zaintzagatiko lanaldi-murrizketak 14 urtera arte luzatzeko aukera edo larunbat libreak oporralditik kanpo hartuko direla bermatzea.

Ildo horretan, online plusa azpimarratu nahi dugu: digitalizazioa sektorea sakonki eraldatzen ari da, eta LAB 2019ko udaberritik ari gara aldarrikatzen, besteak beste, online salmentarekin eta horiek sortzen duten lan-kargarekin lotutako zeregin berriak ordaindu egin behar direla. Lehenengo sindikatua izan ginen proposamena mahai gainean jartzen eta, lehen aldiz aipatu genuenean, patronalak ia barre egin zigun: harrezkero, mahaiko gainerako sindikatuek bere egin dute aldarrikapen hori, Gipuzkoako eta Arabako ehun-merkataritzako hitzarmenetan sartu da, eta gaur, denborak arrazoia eman digu Bizkaian ere.

Hitzarmen honek 4.000 pertsona ingururi eragiten die, gehienak emakumeak. Uste dugu negoziazio hau hain luzea eta hain zaila izateko arrazoi nagusia horixe dela: patronalek sektore feminizatuetako lana oraindik ere soldata osagarri gisa ulertzen dute.

Sektoreko hitzarmen honen balioa azpimarratu nahi dugu, enpresa handi asko, eta baita sindikatu batzuk ere, hitzarmen propioen edo estatu mailako akordioen alde egiten ari direlako. Ez da kasualitatea duela gutxi estatuko patronal berri bat sortu izana, Inditex, Tendam edo H&M bezalako enpresek osatua. Nahiz eta enpresa batzuk, fakturatzen dituzten milioiak direla eta, bereziki ikusgarriak izan, Bizkaiko ehun-merkataritzako sektorearen errealitatea da batez ere enpresa txiki eta ertainek osatzen dutela, langile gutxikoak eta sindikatu-ordezkaritzarik ez dutenak. Langile horientzat eta sektorearen gehiengoarentzat, sektoreko hitzarmena gutxieneko baldintzen lurzorua da. Hitzarmenik garrantzitsuena da, eta horregatik egiten dugu guk haren aldeko apustua.

2021eko ekainetik dinamika mobilizatzaile luzea egin dugu ELArekin batera. Lehen aldia da sektore honetan hainbeste greba egin ditugula hitzarmen baten alde, eta mahaian kolpe bat eman dugu. Patronalak amore eman behar izan du bere asmoetan eta gure marra gorriak onartu behar izan ditu: KPIari lotutako soldatak, udako larunbat arratsaldeak libre mantentzea eta online plusa.

Berriz ere, argi geratu da borroka dela bide bakarra.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.