2024-12-22
HomeUncategorizedBorrokarako tresna izango gara riderrentzat, besteren konturako langileak izan daitezen eta lan...

Borrokarako tresna izango gara riderrentzat, besteren konturako langileak izan daitezen eta lan baldintza duinak izan ditzaten

Agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, Uberizazioaren balizko Lege Erregulatzailearen aitzinean sindikatuak egiten duen azterketa azaltzeko. Hain zuzen ere, LABek riderrekin martxan jarriko duen dinamikaren berri eman dugu, sektoreko hainbat langileren parte-hartzearekin; Glovo enpresako LABen sail sindikal sortu berriko hainbat kideren parte hartzearekin, Iruñeko agerraldiaren kasuan.

Pandemia honek Kapitalismo neoliberalaren ofentsiba hainbat arlotan areagotu egin du, esaterako plataforma digitalen zabaltzean. Hilabete hauetan, inork kalera atera nahi ez zuenean, gure kaleetan ikusi ditugu “rider” bezala ezagunak direnak, alde batetik bestera, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen, etxeetaraino kutxa batean sartzen den edozer eramaten.

LABek Euskal Herriko 4 hiriburuetan salaketak sartu zituen, langile hauen lan osasuna arriskuan jartzen ari zirelako Glovo, Delivero eta antzeko plataformek. Lan ikuskaritzaren ebazpen ezberdinak daude langile hauek besteren konturako langileak direla esaten dutenak, baina gaur gaurkoz, Ridersen egoerak erregularizatu gabe jarraitzen du. Testuinguru honetan, ohiko antolakuntza sindikalaren mugak gainditzen dituen ‘Riders X Derechos’ plataformak, pandemia honetan Espainiar Gobernuarekin intorlokuzioa izan du, Uberizazioaren balizko Lege Erregulatzaile baten harira. LABek parte hartze aktiboa dauka plataforma honetan, eta orain, Espainiar Estatuari ateratako lege konpromiso hori Euskal Herrirako eskaintza batekin ekartzea dagokigu.

LABek abian jarriko duen dinamikaren xehetasunak:

1. Langile hauek, autoantolakuntzara behartuak izan dira, lan araudi orokorretatik kanpo utzi dituztelako eta beraz, sindikalismo klasikoaren eskaintzarik gabe ikusi direlako. Horregatik, gure babes osoa ‘Riders X Derechos’ plataformak egiten duen lanari, riderrak antolatzeko eta borrokatzeko espazioak eskaintzeagatik, bai eta mundu mailako beste hainbat eragileri ere. LAB bidelagun izango da.

2. Ez dugu onartzen langile hauek Erregimen Orokorretik kanpo egotea. Argi eta garbi diogu, langile hauek plataforma konkretuentzat lan egiten dutela, esklabotzara hurbiltzen den prekarietatezko baldintzetan egiten dutela lan. Urgentziazkoa da langile hauek besteren konturako langile bezala aitortzea eta beraien baldintzak duintzea. Horretarako ondorengo interpelazioa egiten dugu:

> Euskal instituzio publikoei eta bertan parte hartzen duten alderdiei: euren esku dagoena egitea langile hauen aldarrikapenei lege forma emateko eta horrela babesteko edozein espazio instituzionaletan, aipatutako Madrilen eztabaidagai dagoen Lege Proiektuan adibidez. Aldi berean, ikuskaritzaren lana gogortzea eskatzen diegu, plataforma hauek darabilten iruzurrari jarraipena egitearekin batera.

> Patronalei: langile hauei besteren konturako kontratuak egitea eta euren lan baldintzak arautu eta duintzeko langileokin esertzea.

3. LAB sindikatuak langile hauen bidelagun izateko bokazioa du eta aipatutako bi helburuak lortzeko, hau da, langile hauek besteren konturako langileak izan daitezen eta euren lan baldintzak duintzeko, orain arte bezala, borrokarako tresna izango gara, bai eta, autoantolakuntza espazioen bidelagun ere.

Nafarroan, abian
Nafarroari dagokionez, LABen Glovoko atal sindikala eratu dugu jada afiliatuta dauden langileekin, enpresarekin elkarrizketa ofiziala egin ahal izateko eta dagozkien eskubideak defendatzeko.

Gainerako riderrei informazioa eman eta afiliatzeko gonbitea egingo diegu, Espainiako Gobernuak langile gisa aitortzen dituen legea ematen duenean irekitzen diren egoera juridikoak modu kolektiboan kudeatzeko. Laster izango dela espero da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...