2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBorroka luze bezain eredugarriaren ostean, Bizkaiko metalean lortutako garaipenaz harro azaldu gara...

Borroka luze bezain eredugarriaren ostean, Bizkaiko metalean lortutako garaipenaz harro azaldu gara #LortuDugu

Sektoreko lan baldintzak hobetzen dituen akordioa erdietsi dute askotariko mobilizazio, greba eta ekintzen bidez, eta langile guztiak zoriondu nahi izan dituzte. Hala, borrokak merezi duela berretsi dute.

“Ezin dugu ezkutatu. Eta, ez dugu ezkutatu nahi. Harro gaude egindako borrokarekin, eta pozik, lortutako hitzarmenarekin”, adierazi dute LAB sindikatuko Bizkaiko metalgintzako ordezkariek gaur goizean hiriburuan egindako agerraldian.

Borrokaren balioa lehendik ere ezaguna zuela nabarmendu du LABek, gogorarazita urte luzez hilik egondako hitzarmena berreskuratzea lortu zutela 2019an, 10 greba egunen ostean. Orduz geroztik hiru urte pasata, borrokari berrekin zioten, eta hamaika greba egun eta hainbat mobilizazio eta ekintza gauzatu dituzte, “patronal zeken eta intransigentea” aurrean izanik. Baina, azkenean, garaipena iritsi da, eta patronalak ez ditu bere helburuak lortu; bai, ordea, langileek: “Aurrerapauso garrantzitsuak lortu ditugu, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzea dakarten neurriak, noiz eta testuinguru ekonomiko eta sozial konplexu honetan”.

36.000 langilek zuzenean sektoreko hitzarmena dute; beste 20.000 dira enpresa hitzarmena dutenak. Hitzarmen honek guztientzat zoru duin bat bermatzen du, oinarri on bat lantokietan hobekuntzak borrokatzen jarraitzeko.

Aurrerapauso garrantzitsuak jasotzen ditu hitzarmenak, besteak beste:

  • Soldatetan KPIa, eta beraz, eros-ahalmena bermatuko da

Hitzarmenaren indarraldian soldatetan %15eko igoera adostu da eta errebisio klausula bat txertatzea ere bai: horri esker, KPIa bermatuko da, eta beraz, eros-ahalmena. Igoera horiekin hitzarmenean gutxieneko soldata, 2023an, 1.505€ko soldata gordina izango da 14 ordainsaritan. Adibide zehatzera ekarrita: peoi espezialista batek 2.236€ gehiago jasoko ditu urtean.

  • Norberaren aukerako 8 ordu lortu dira, hauetako 4 errekuperagarriak ez direnak. 20 urtez patronalak uko egin dio hau bezalako aurrera pausoak onartzeari.
  • Subrogazio eskubidea zabaltzea

Agindutakoa bete dugu, subrogazio eskubidea gero eta kolektibo gehiagotara zabaltzen ari gara, eta hitzarmen honetan zuntz-optikoaren eta telefonia mugikorraren jarduerara zabalduko da. 2019an mantentze-lanetako beharginekin lortu genuen hobekuntza. Gero eta gehiago dira, beraz, onuradunak.

  • Gai sozialetan aurrerapausoak

Lizentziak eta baimen ordainduak; lan instripuengatiko aseguruetan hobekuntzak; edota sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloan LGTBI+ kolektiboa gehitzea.

LABek agerraldian nabarmendu duenez, borroka eta elkarlana izan dira garaipenaren oinarriak: “Borrokak ekarri gaitu honaino. Borrokatuta lortu ditugu hobekuntza guztiak. 2022ko ekainean deitu genituen lehen greba egunak. Ordurako negoziazioak 7 hilabete zeramatzan blokeatuta. Desberdinen arteko aliantza izan da borroka honen ezaugarrietako bat, indarrak batzea, eta babes soziala bigarren ezaugarri baliotsua, jaso izan dugu babes ikaragarria, besteak beste, pentsiodunen, gazteen eta eragile sozialen aldetik. Aliantzak eta babesa, bata zein bestea gakoak izan dira gure borrokan”.

Langileei inork ez die ezer oparitu. “ Bitartekaritza lehenik, eta akordioa gero, gure borrokari esker behartu eta lortu ditugu”, adierazi dute. Lan eta Enplegu Sailburuak, Idoia Mendiak, 11. greba egunaren ostean presioagatik eskaini behar izan zuen bitartekaritza, eta jaurlaritzak metaleko gatazkarekiko zeukan jarrera aldatzera behartuta ikusi zuen bere burua, “kolpeekin, isunekin eta bide judizialetik ez gintuztela geratuko ikusi zutenean”.

Hala ere, gogorarazi dute jazarpen horien ondorioak oraindik ez direla amaitu. Isun ekonomikoak ezartzeaz gain, zenbait lankide deklaratzera deitu dituzte, Ertzaintzak jarritako salaketak tarteko. Hala, Segurtasun Sailari exijitu diote horiek guztiak atzera bota ditzan: “ Borroka sindikala ez da delitua, borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa da”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...