2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBorroka eta greba ugari piztuta, ekintza sindikal berritua emaitzak ematen hasi da

Borroka eta greba ugari piztuta, ekintza sindikal berritua emaitzak ematen hasi da


Azken Biltzar Nagusitik bueltan ekintza sindikal berrituan sakontzearen aldeko apustua egin dugu eta urte bete pasa denean bide onean goazela esateko moduan gaude. Gaur apustu horri eusteak urte honetan eman dituen fruituak azaltzen dituen txostena aurkeztu dugu. Ekintza sindikala berritu dugu eraginkortasuna irabazteko eta esparru ezberdinetan emaitzak ikusi ditugu.


Kurtso honetako LABen erronka nagusia, Biltzar Nagusian hartutako erabakiari jarraituz, lantokietako borrokak eta grebak areagotzea izan da, patronala eta botere politikoekiko gure indar korrelazioa aldatzeko. Helburua argia izan da: langileok pairatzen ari garen pobretze eta prekarizazioari aurre egin eta prozesu horrekin amaitzea.

Bide horretan pauso esanguratsuak eman ditugu, borroken eta greben berpiztea lortu dugu. Lantokietako borrokak areagotu ditugu, negoziaziotik harago prekarietatearen kontrako borrokak piztu dira, langile kolektibo berrientzako eskaintza zabaldu dugu, estatalizaziori aurre egin diogu, soldata arrakalaren kontrako dinamika bultzatu dugu eta gazteen prekarietateari aurre egiteko aliantzak lortu ditugu. 

Egindako bidea datuetara ekarrita:

  • 120 borroka piztu dira
  • 64 borroketan greba erabili da. Bi borrokatik bat (%54) grebak lagundua izan da.
  • 26 borroka lan zentru sektore feminizatuetakoak dira. Borroken %22 eremu feminizatuetakoak dira.
  • 85 borroka itxita daude, emaitzekin. Borroken %71 positiboki ebatzi dira.
  • 35 borroka (%29) irekita daude.
  • Sektore mailako borrokak 33 izan dira. Eremu feminizatuetakoak 11 borroka. 15 borroka oraindik indarrean dira. Grebak lagunduta 20 borroka gauzatu dira.
  • Enpresa mailako borrokak 87 izan dira. Eremu feminizatuetakoak 15 borroka. 20 borroka oraindik indarrean dira. Grebak lagunduta 44 borroka gauzatu dira.

Azken hamarkadetan jasan dugun inboluzio sozialari aurre egin beharra dago, erreformaz erreforma prekarietatea legeztatu dute, lan harreman eredu antidemokratikoa ezarri dute patronalaren aldebakartasuna indartuz eta sindikalgintza indargabetzeko erabakiak hartu dituzte.

Ekintza sindikal klasikoari topeak jarri dizkiote eta honi aurre egin behar diogu; horretan ari gara. Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak,  kontrabotere izaeran sakontzeko gako nagusia lantokietatako borrokak indartzeko gaitasunean kokatu du, eta "prekarizazio prozesuari mugak jarri eta langileen soldata eta lan baldintzak hobetzeko, lantokietako ekintza sindikala, lantokietako gatazkak indartu behar" direla esan du.

Langileok borrokarako dugun tresna nagusiena greba da eta grebak bi premisa izan behar ditu: patronalari ahalik eta kostu handiena eragitea eta langileei ahalik eta onura handiena ekartzea.

Bi premisa hauen arabera, langileen behar eta lehentasunak kontuan hartuta, sektore edota enpresa bakoitzeko errealitatearen araberako borroka diseinuak landu ditugu aurten. Eta lantokietako borrokak sozializatu eta beste langile edota herritarrengan elkartasuna bilatzea ere garrantzitsua izan da.

Borrokara modu egokiagoan iristeko "Borroka kutxa" indartu dugu Kobertura handitu da, egoera berriak aintzat hartuz, kutxatik laguntza jasotzeko beharrezkoak diren greba egunak murriztuz eta greba egun bakoitzeko jasoko den kopurua handituz.

Lantokiz lantoki egiten dugun borrokarekin batera, Aranburuk, alternatiba orokorrago bat eskatzen dutela adierazi du ere,  Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko borroka indartu beharra dugula aldarrikatuz.

Amaitzeko LABeko idazkari nagusiak egungo joko arauen topeak gainditzeko hemendik aurrera ere ekintza sindikal berrian sakontzen jarraituko dugula esan du, hartutako erabakiarekin "eraginkortasunean irabazten ari garelako".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...