2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaBorroka asteari ekin diote Heziketa Bereziko hezitzaileek

Borroka asteari ekin diote Heziketa Bereziko hezitzaileek

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok mobilizazio ugari deitu ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Urrian zehar hiru lurraldeetako hainbat ikastetxetan itxialdiak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu genituen Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Aurreko bi asteetan, Haurreskolak Partzuergoko Hezitzaile eta Kudeatzaile eta Sukaldari-Garbitzaileek izan dute borroka astea eta greba eguna. Bada, aste honetan, azaroaren 20tik 24ra, Heziketa Bereziko Hezitzaileen borroka astea egingo dugu eta datorren ostegunerako, azaroaren 23an, greba deitu dugu. Honen harira, agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, aste honetako protesten berri emateko.

Sektore honetan lan egiten dugun fisioterapeutok, lan terapeutok, gizarte langileok, transkriptoreok, zeinu hizkuntzako interpreteok eta hezkuntza laguntzako espezialistok agerian utzi nahi dugu administrazioaren aldetik pairatzen dugun utzikeria.

Heziketa Bereziko langileok, eskoletan, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen gara: zeinu hizkuntzako interpreteek eta hezkuntza laguntzako espezialistek gelan bertan jarduten, eta itinerantzian, berriz, fisioterapeutek, banakako saioetan, eta transkriptore eta lan terapeutek, gelako zein ikastetxeko materiala egokitzen.

2003tik hitzarmenik gabe gaude kolektibo honetan. Lehendik egoera larrian bageunden ere, azken urteetako murrizketek are egoera larriagoan utzi gaituzte, bai langile, bai ikasle, baita familiak ere.

-Hezkuntza Sailak hezkuntza premia bereziak izendatzeko eta baliabideak esleitzeko irizpideak gogortu ditu, lanpostuak murriztuz eta kasu batzuetan lanaldi partzialak bihurtuz: lanpostu guztien %19a, 150 lanpostutik gora. Ondorioz, hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasle askok ez dute behar besteko arreta jasotzen. Azken urteetan, behar bereziak dituzten ikasle gehiago matrikulatu badira ere, langile kopurua eta baliabideak ez dira, inolaz ere, proportzio berean handitu.

-Hezkuntza Laguntzako Espezialistok ez daukagu asteko jarduna zehaztuta, urteko ordu kopurua baizik. Horren ondorioz, hainbat kasutan gure asteko jardunak 40 orduak gainditzen ditu.

-Egiturazko 400 lanpostutik gora Lanpostu Zerrendatik kanpo daude. Eta behin-behinekotasuna %58koa da, hau da, 600dik gora langilek behin-behineko kontratua daukagu.

-Irakaskuntzan lan egin arren, Hezitzaileon soldatak, administrazioko maila bereko kategoria berdina daukaten langileen soldatak baino baxuagoak dira.

-Horri gehitu behar zaio soldaten murrizketa eta eros-ahalmenaren galera %12tik gorakoa izatea.

-Ordezkook, ikasturte osoan zehar lan egin arren ez dute uda kobratzen, ez puntuatzen ere.

-Bajak hartzea zigortuta dugu. Izan ere, 2012tik aurrera, sektore publiko osoan gertatzen den moduan, bajak hartzean soldatak osorik ez ordaintzea erabaki baitzuen administrazioak.

-Erretiroa hartzeko gero eta baldintza okerragoak ditugu, eta 2019tik aurrera erretiro partziala hartzeko aukera ere airean dugu.

Eta hau guztia, heziketa laguntza berezia behar duten ikasleei laguntza hori ematen dieten langileen kasuan, lan baldintzak bereziki zaindu beharko liratekeen esparru batean, hain zuzen.

Hezkuntza Sailak ez dio inola ere erantzuten egoera larri honi. Izan ditugun bi negoziazio mahaietan, gure oinarrizko aldarrikapenek ez dute erantzunik izan. Antza denez, Jaurlaritzak ez du lanpostu kopurua handitu nahi, horrek lan-kargak gutxitu eta heziketa arreta hobea bermatuko balu ere. Administrazioak 268 lanpostuko EPE bat baino ez du proposatu behin-behinekotasuna jaisteko, eta horrekin, kasurik onenean %36an geratuko litzateke. Hezkuntza Laguntzako Espezialiston asteko lanaldia 37,5 ordutan utzi nahi dute eta soldatetan, gradu titulazioa behar duten lanpostuen homologazioa soilik eskaintzen du administrazioak (60 langile inguru, ia 1.000 langileren soldata diskriminazioari aurre egin gabe).

Eusko Jaurlaritzak, sektoreetako Negoziazio Mahaiak deitzeko tramitea egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du jarri mahai gainean. Hori dela eta gure aldarrikapenak jasoko dituen negoziazio mahaia deitzea eskatzen diogu administrazioari. Pasa den astean heldu zaigu biltzeko deia, baina ordua eta lekua baino ez digute jakinarazi, eta ez zertaz hitz egingo den.

Ondorengo hauek dira LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon iritziz, egungo egoerari irtenbidea emateko adostu beharreko neurriak:

-2003tik berritu gabe dagoen hitzarmena negoziatu eta berritu, hau da funtzio publikoko lan hitzarmen zaharrena.

-Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak zabaldu eta ondorioz plantilla behar beste handitu. Lan-kargak arindu heziketa lana egoki egin ahal izateko.
Hezkuntza Laguntzako Espezialisten asteko jarduna murriztu, mugatu eta zehaztu.

-Lanaldi partzialak mugatu eta posible diren guztiak lanaldi oso bihurtu.

-Lanpostu Zerrendak benetako beharretara egokitu eta handitu.
Behin-behinekotasuna %6ra jaitsi, horretarako 400 lanpostutik gora egonkortu.

-Murrizturiko soldata eta galdutako eros-ahalmena berreskuratu.

-Hezitzaileok egiten dugun lanaren garrantzia aitortu soldatetan ere.

-165 egunetik gora lan egiten dugun ordezkoentzat, uda kobratzeko eta puntuatzeko eskubidea bermatu.

-Bajak bere osotasunean ordaindu, gaixotzen garen langileok zigortzeari utzi.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.

Hau guztia aditzera emateko, salatzeko eta egoera larri honetarako irtenbidea exijitzeko hainbat ekimen antolatu ditugu:

-Lehendabizikoa, gure egoeraren eta aldarrikapenen berri emateko egiten ari garen prentsaurreko hau bera.

-Jarraian Bilboko ordezkaritzara joango gara gure aldarrikapenak entzun arazteko.

-Asteartean Donostiako ordezkaritzara joango gara, bertan ere entzun gaitzaten.

-Asteazkenean Gasteizko Gorbeialde ikastetxean komunitate osoa batzeko aukera izango dugu antolatu dugun world-txokolatean. Bertan giro musikatu eta alai batean gure errealitateaz hitz egin ahal izango dugu.

-Ostegunean, sektoreko greba egingo dugu eta Lakua inguratuko dugu gure aldarrikapenak zuzenean entzun ditzaten.

-Ostiralean, ikastetxetako ohiko elkarretaratzeetan parte hartuko dugu, ostiral beltza.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urteetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Saileko arduradunei eskatzen diegu, orain arteko jarrera aldatzeaz gain, egoera larri honi heldu eta irtenbidea emateko proposamen zehatzak mahai gainean jarriz negoziatzeko borondatea ager dezatela.

Honela ez bada, iazko ikasturtean bezala ikasturte hasiera honetan gauzatzen ari garen mobilizazio eta grebei jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...