2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBlokeoen eta immobilismoen aurrean, LABek greba deialdia egin du Gipuzkoako elikaduraren sektoreko...

Blokeoen eta immobilismoen aurrean, LABek greba deialdia egin du Gipuzkoako elikaduraren sektoreko hitzarmen duin baten alde

Gipuzkoako Elikagaien Industria eta Merkataritzaren sektoreko hitzarmenaren negoziazioan hamabost bilera egin ondotik, patronalek negoziazio-mahaia blokeatu dute eta gainerako sindikatuak immobilismoan daude, sindikatuak salatu duenez. Hori dela-eta, LABek bi greba egun iragarri ditu, bata apirilaren 29an eta bestea maiatzaren 2an.

Gipuzkoako Elikadura Hitzarmenaren negoziazio mahaiak urtebete baino gehiago negoziatu ondoren, patronalaren jarrera blokeatzailea dela-eta, ezinezkoa da akordio duina lortzea mobilizazioaren bidez ez bada.

Elikagaien Merkataritza eta Industria azken urteotan asko hazi den sektorea da, eta horren adierazle dira kate handiek Gipuzkoan ireki dituzten denda berri guztiak. Horrekin nahikoa ez, eta Covid19-aren izurriteak salmentak denbora oso murritzean biderkatzea ekarri zion sektoreari. Alarma-egoera deklaratu zutenean, supermerkatuak benetako kaos batean murgildu ziren. Ezjakintasunak eta gizartean zabaldutako beldurrak korridoreak hustu eta kutxazainak kolapsatu zituzten. Langileek, aldiz, beldur eta ezjakintasun horrekin, dendak aurrera atera zituzten. Gizarte guztia etxean konfinatuta zegoenean, elikadurako langileak egunero joaten ziren lanera, gainerako funtsezko sektoreekin batera, NBErik (Norbera Babesteko Ekipamendua) gabe, kutsatzeko beldurrez, senideak kutsatzeko beldurrez, egun batetik bestera aldatzen ziren protokolo eta neurriekin. Salmentak, aldiz, etengabeko gorakadan. Bene-benetako antsietatea.

Hilabete eta urte gogor horien ondoren, komunikabideetako lerroburuetan halako X enpresak ehundaka milioi fakturatu duela, irabaziak ehuneko handitan hazi direla edo denda berrien irekiera aurreikuspenak aurki ditzakegu.

Bada, langileek beren eguneroko lanari esker lortutako irabazi horiek beren lan eta ekonomia-baldintzetan isla izatea nahi dute: “Eros-ahalmena urtero bermatzea, urteko lanaldia murriztea, plus berriak sortzea eta lanaldi partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko bitartekoak jartzea nahi dugu. Gure txanda da!”.

LABek ez du amorerik emango bere aldarrikapenetan, eta mobilizazioaren aldeko hautua egin du: “LABen argi dugu ezin dugula geratu patronalek guk nahi duguna emateko zain. Exijitu egin behar dugu. Gure eskubideen alde borrokatu behar dugu”.

LAB sindikatuak behin baino gehiagotan proposatu die gainerako sindikatuei grebara modu bateratuan ateratzea, baina horiek immobilismoaren alde egin dute. LABentzat besoak gurutzatuta geratzea ez da aukera bat.

Horregatik, nahiz eta hirugarren indarra izan, erantzukizunez dei egiten die sektoreko langile guztiei datorren apirilaren 29an antolatutako grebara batzeko eta maiatzaren 2an antolatutako lan-uzteekin bat egiteko. Gainontzeko sindikatuei ere borrokara batzeko deia luzatu nahi izan die.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...