2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBizkaiko ostalaritzan akordioa #LortuDugu: erronda hau beraien kontu!

Bizkaiko ostalaritzan akordioa #LortuDugu: erronda hau beraien kontu!

Soldatak desizozteaz gain, sektoreko urraketak, iruzurrak eta gehiegikeriak oztopatzen dituen akordioa lortu du LABek. Sektore gutxitan gertatzen dira honetan adina irregulartasun eta iruzur; hori dela eta, hitzarmena baldintzak erregularizatzeko tresna izan behar da, eta hori izan da bere lehentasuna negoziazio honetan.

Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena 2019az geroztik berritu gabe zegoen. 2020an, ELAk, CCOOk eta UGTk -sindikatu guztiek, LABek izan ezik- akordio bat sinatu zuten patronalarekin, soldatak izoztea onartzeko.

Joan den ikasturtean negoziazioari ekin zitzaion berriro, eta sindikatuek mobilizazio bateratuak hasi zituzten Frantziako Tourraren testuingurua aprobetxatuz. Ikasturte honetan bertan hainbat greba eta ekintza egin dira, eta gainerako sindikatuek mobilizazioak uztea erabaki dutenean, LABek bere kabuz mobilizatzen jarraitu du.

LABek egin du posible akordioa; izan ere, ordezkaritzaren gehiengoa ez badugu ere, gainerako sindikatuek ostalaritzako sektoreko hitzarmenaren alde egin duten apustua bigarren mailakoa izan da. Mobilizazioari dagokionez ez ezik, sektorearen prekarietatea mugatzeko proposamenak negoziazio-mahaira ekartzeko erantzukizunari dagokionez ere bai.

CCOOk eta UGTk, berriz, Estatuko hitzarmen espezifikoagoak sinatu dituzte, hainbat kolektibo Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenetik atera eta prekaritatera kondenatzen dituztenak, hala nola Sukaldaritza Modernoko (janari azkarra zerbitzatzen duten kateei dagokiena) eta Estatuko Kolektibitateetako hitzarmenetara. ELAk, bere aldetik, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa eta borroka puri-purian zegoela, enpresa-hitzarmenetarako negoziazioak ireki ditu plantilla indartsuenak dauden tokietan, eta gainerakoak alde batera utzi ditu. Non eta plantilla gehienak oso txikiak diren eta ordezkaritza sindikala lortzeko eta beren hobekuntzen alde borrokatzeko aukerarik ez duten sektore honetan. Horregatik, LABek Bizkaiko Ostalaritzaren sektoreko hitzarmenaren aldeko apustua egin du, sektoreko langile guztientzat baldintza duinak bermatzen dituen bakarra delako.

Akordioak azken urteetako KPIa berreskuratzea bermatzen du, maiatzetik soldatari aplikatuz, eta hurrengo urteetarako igoeretan KPIa zuzenean soldatan bertan (ez berrikuspenen bidez indarraldian edo indarraldiaren amaieran) bermatzen duen hitzarmen sektorial bakanetarikoa da.

Lanaldiari dagokionez, 4 orduko murrizketa lortu da, eta gutxieneko lanaldi bat ezartzen da aldizkako finko partzialentzat: astean 10 ordu kolektibitateetan eta egunean 4 ordu gainerako ostalaritzan. Orduak betetzen ez badira, soldata lanaldi horri dagokiona izango da.

LABen bereziki borrokatu gara hitzarmena langile gehiagoren aterkia izan dadin:

  • Sukaldaritza modernoa: 2022an CCOOk eta UGTk janari azkarreko kateetarako Estatu mailako hitzarmena sinatu zuten. Horrek ekarri zuen kate hauetan lanaldia igotzea eta soldata ia Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren parera jaistea, gainerako baldintzak aipatu gabe. Hemen sartuta, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena aplika diezaieten bidea has daiteke.
  • Rider-ak: Hau izango da euren hitzarmena, eta gainera 60 euroko arrisku-plusa jasoko dute.
  • Kolektibitateak: Autonomia Erkidegoko Kolektibitateen Hitzarmen bat negoziatuz gero, honek lehentasuna izango luke Estatukoaren eta Bizkaiko Ostalaritzakoaren aurrean, jangeletako langileek beti aldarrikatu izan duten bezala.
  • Nahitaezko fitxaketa elektronikoa enpresa guztietan. Sektore honetan fitxaketa mitoa da oraindik, eta tranpekin egiten da. Fitxaketa-sistema elektronikoen bidez, aparteko orduen erabilera, gehiegizko lanaldiak, nahitaezko atsedenak eta abar errazago kontrola daitezke.
  • Aldizkako kontratu finkoak erregularizatzea, iruzurrak saihesteko, horien erabilera mugatzeko eta gutxieneko lanaldia igotzeko. Askotan iruzurrez erabiltzen dira, eta araurik ezak abusuak errazten ditu. Bada, halakoak erabil daitezkeen kasuak mugatzen ditu hitzarmenak, deialdia arautzen du, lanpostu huts arruntetarako lehentasunak, gutxieneko lanaldia ezarri…

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...