Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren laugarren bilera izan da. LABek azken bileran egindako balorazioa errepikatu du: gure ustez, Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM) puntu onartezinak proposatu ditu, eta atzerapausoak inposatu nahi ditu KPIren % 6,5eko zorra duen sektore batean.
Gainera, malgutasuna handitu nahi dute, neurri horrek lana eta familia bateragarri egitea zailtzen duenean, eta laneko bajen osagarriak okertu nahi dituzte, erabat onartezina dena lan istripuekin dagoen arazo soziala kontuan izanda.
Patronala ez da bileretara bertaratzen ari, eta horrek komunikazioa zaildu eta negoziazioa baldintzatzen du. Patronalari mugimendu bat egiteko ere eskatu diogu, aldeen arteko hurbilketa errazteko, baina FVEMek uko egin dio bere plataforman mugimendurik egiteari.
Patronalaren asmoa negoziazioa blokeatzea izan liteke, eta, beraz, sektorea gehiengo sindikal eta sozial ahalik eta zabalenetik aktibatu beharko genuke. LABentzat hori da hitzarmen duina lortzeko bidea.
Hurrengo bilera martxoaren 28an izango da.