2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBizkaiko metalgintzan borroka sindikala ez da delitua

Bizkaiko metalgintzan borroka sindikala ez da delitua

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean. Bizkaiko metalgintzako langile bat epaitu dute gaur eta langileari babesa erakutsi diogu eta borroka sindikala delitua ez dela adierazi.

Epaiketa, 2022an Bizkaiko metalgintzan izandako 11 greba egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik izan da. Bizkaiko metalgintzan egindako borroka dela eta, oraingoz 22 prozesu judizial ireki dira, batzuk artxibatu egin dira, eta oraindik 4 pertsona epaiketaren zain daude. Desorden publikoak, koakzioak, erresistentzia eta agintearen aurkako erasoa izaten ari dira akusazioak. Gainera, 15 isun ekonomiko baino gehiago jaso dira, 91 €-tik 1.200 €-ra bitartekoak. Badakigu ez direla azkenak izango. 2019ko grebetan 17 pertsona pasatu behar izan ziren epaitegietatik (batzuek espetxe eskaerekin), eta zigor ekonomikoak ugariak izan ziren.

Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu. Bizkaiko metalgintzako gatazkan langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen, eta 8 pertsonak ospitaletik pasatu behar izan ziren, greba eskubidea zapaltzeko erabilitako basakeria polizialaren ondorioz.

Ertzaintza, patronalaren aginduz, Greba Batzordea enpresetara sar ez zedin saiatu zenean gertatu ziren jarduera horietako gehienak. Zenbait enpresak ukatu egin zioten Batzordeari greba egunetan barrura sartzea, enpresen barruan eskubiderik urratzen ez zela egiaztatzeko.

 Salatu nahi dugu, halaber, patronalaren jarrera argi eta jarduteko modu hori eta Ertzaintzaren inpunitatea erabaki politikoak direla. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabakia, eta zalantzarik gabe, Lehendakariaren onespena duena. Metalgintzako milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu zuten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren estrategia Bizkaiko metalaren borrokaren arrakasta borobila ezkutatzeko. Beharrezkoa da eskuin politikoak eta poliziek langile klase antolatu eta mobilizatuari eraso egiteko erabiltzen duten Mozal Legearekin amaitzea.

Bizkaiko metaleko gatazka 2023ko otsailaren 3an amaitu zen, akordio bat sinatuta, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jarduera errepresibo eta mendekatzailea ez da amaitu. Akordioa sinatu ondoren, oraindik ere salaketak eta zigor ekonomikoak iristen zaizkie langileei.

Argi daukagu errepresio dinamika honen helburua dela lan baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan egiten den edozein borroka kriminalizatzea, 2019an eta 2023an Bizkaiko metalgintzan eta beste gatazka batzuetan gertatu den bezala: Alconza, Gaude, Tubacex, PCB, Petronor, Artiach, Osakidetzako garbiketako azpikontratak..

Amaitzeko, Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu jarritako salaketa guztiak eta isun ekonomiko guztiak kentzeko. Langileen eskubideak eta gure eskubideak defendatzea ez da inoiz delitu izango. Hori dela eta, argi eta garbi diogu salaketek, isunek eta errepresioak ez dituztela geldituko lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak. Borroka sindikala ez da delitua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...