2024-12-23
HomeIndustriaMetalgintzaBizkaiko Metalgintzako grebalarien aurkako errepresioa salatu dugu Bilbon, epaitegien aurrean

Bizkaiko Metalgintzako grebalarien aurkako errepresioa salatu dugu Bilbon, epaitegien aurrean

Bizkaiko Metalgintzako borrokan aritutako grebalarien aurkako jazarpenak ez du etenik. Greba egunetan atxilotutako langile batek epaitegian deklaratu behar izan du Bilbon, eta langile honi babesa emateko elkarretaratzea egin dugu sindikatuok. Lan eskubideak defendatzea delitua ez dela aldarrikatu dugu.


 
LABeko Industria arloko ordezkari Iratxe Azkuek adierazpenak egin ditu epaitegi aurrean. Hauxe da bere hitzartzea:

Gaur 120 pertsona inguru mobilizatu gara Bilboko epaitegien aurrean, Bizkaiko metalgintzako grebetan parte hartu zuen langile batek bertan deklaratu behar izan duelako. Guztira 13 langile daude inputatuta Bizkaiko metalgintzako greben ondorioz eta aparte, isun ugari bota dituztela, hauetariko asko, Mozal legearen ezarpenaren ondorioz.

Azken grebetatik hilabeteak pasa direnean, inputazio berriak iristen jarraitzen dute. Salatu nahi dugu inputazio eta zigor ekonomiko hauen ostean erabaki politikoak daudela, interes argia dagoelako grebarako eskubidea eta Euskal Herriko langileen borroka kriminalizatzeko. Inputazio hauek ez dira kasualak.

Langileen eskubideak aldarrikatu eta defendatzea ez da inoiz delitua izango. Era berean, salatu nahi dugu ez dugula ikusi epaitegietan Bizkaiko metalgintzan grebarako eskubidea urratu zuten enpresaririk, eta egon badaude. Badaudelako langile kaleratuak, badaudelako greba eginez gero kaleratuak izatearen mehatxuak jaso dituzten langileak. Egunero langileen eskubideak urratzen dituzten enpresariak ere ez ditugu epaitegietan ikusi. Lan eta bizitza duinaren alde borrokan egitea erabakitzen duten langileak soilik ikusten ditugu epaitegietan.

Gaur deklaratu duen langilea ekainaren 28ko manifestazioan atxilotu zuten. Mobilizazio honetan basatia izan zen poliziaren errepresioa. Izan ere, sindikatu guztiok oharra kaleratu genuen arratsalde horretan bertan Ertzaintzak izandako jarrera salatuz, hala ere, inputatutako pertsona bakarra eta epaitegietara etorri behar izan duena langile bat da.

Neurri hauek guztiek ez gaituzte geratuko. Badakigu hauen atzean zer ezkutatzen den. Langileak kikildu nahi dituzte eta borroka kriminalizatu.

LABek borrokan jarraituko du enpresetan, sektoreetan eta orohar Euskal Herrian langile guztiok lan eta bizi duinak izan ditzagun.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...