2024-12-22
HomeIndustriaMetalgintzaLanuzte eta greba klabeetan jartzera deitu ditugu sindikatuak, Bizkaiko Metalgintzako egoerari konponbidea...

Lanuzte eta greba klabeetan jartzera deitu ditugu sindikatuak, Bizkaiko Metalgintzako egoerari konponbidea emateko

Agerraldi bat egin dugu komunikabideen aurrean, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren egoera jasanezina dela salatzeko. Otsailean urtebete beteko da mahaia ireki zenetik, eta, ordutik patronalak, hitzarmen berri eta duin bat izateko borondate falta eta langileekiko errespetu falta izan du behin eta berriro.

Atzo, urtarrilaren 15ean, mahaiaren 15. bilera izan zen. Bilera horretan Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM), hazkunde ekonomikoa eta irabazi erraldoiak biltzen ari den garaian, murrizketak eta eskubide galerak proposatu ditu oraindik ere. Gainera, sindikatuok mahai gainean jarritako prekarietatearen kontrako neurririk ez du jaso. Mahaian eserita dauden ELA, CCOO eta UGT sindikatuek proposamena txartzat jo dute. Gainera, negoziazio mahaian eserita dauden sindikatuak mehatxatu ditu patronalak txantaia eginez: otsailaren 15ean negoziazioa bukatutzat emango duela jakinarazi du.

LABek, antzerki hau salatuz, gure parte hartzea eten genuen 2018ko ekainean, ez zegoelako benetako negoziaziorik. Gure asmoa, nahia eta beharra negoziaketan aurrera pausuak bultzatu eta lehenbailehen mahaira bueltatzea zen. Horretarako, langileak aktibatu eta informatu behar genituela jakinik, helburua hori jarri genuen, eta, ordutik, ugari izan dira egin ditugun asanblada, bilera, agerraldi eta euskarri ideologikoen sorkuntza. Egoerak, ordea, aurrera egin ordez, atzera egin du mahaian.

Aspaldi esan genuen, eta zoritxarrez asmatu egin dugu. FVEMek ez du hitzarmen berririk nahi; mahaian duen jarrera da horren adierazle nagusia. Proposamen hutsalak egin ditu. Ez ditu sektoreko langileen beharrak kontutan hartu eta, gainera, azken proposamenetan adierazi duenez, sektorea gehiago estatalizatzea nahi du. Argi diosku, proposamen gehienetan, Espainiako Estatuko legeek diotena jaso nahiko lukeela. Beraz, orain arte eduki dugun blokeo egoerari estatalizazioaren mehatxua gehitu zaio.

FVEMen mendekua
LABek jarrera irmoa eduki du patronalaren aurrean. Behin eta berriro adierazi dio hitzarmena nahi eta behar dutela langile guztiek; baina ez dugula edonolako hitzarmenik onartuko. Eduki duinak eta sektore kaltetuenak babestuko dituen hitzarmena izango da Bizkaiko metalgintzak edukiko duena. Horregatik eta horren alde borrokatzea erabakia dugu. Denbora luzea daramagu mobilizazioetan, eta azken hilabeteotan, gainera, gora egin dute deialdi ezberdinek. Sektoreko enpresa ezberdinen aurrean mobilizatu gara, manifestazioak eta kontzentrazioak egin ditugu.

Eta lortu dugu, ardi-larruz mozorrotutako otsoaren benetako aurpegia erakutsi dugu. Mobilizazio hauetako batengatik salatu egin gaitu. Oraindik ez dugu epaiketa datarik, ezta salaketaren inguruko informaziorik, baina jakin badakigu epaituak izango garela hitzarmen duina aldarrikatzeagatik.

Jakin dezatela bada, ez gaituztela kikilduko. LAB sindikatua ez duzue isilduko, ez gaituzue geldituko. Sektoreko langile ebentualek, azpikontratetako langileek, ABLEtakoek, emakumeek edo gazteek bizi duten egoera latzak eta prekarizazioak arduratzen gaituzte, ez zuen salaketak eta mendekuak. Epaitegiko jakinarazpena jasoko dugu, baina, bitartea,n borrokan jarraituko dugu, hitzarmen duina helburu. Orain, badakigu patronala ezeroso egoteko bidea zein den, eta, ondorioz, nola mugiarazi dezakegun FVEM.

Aurrera begira, elkarlana eta borroka
Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak 45.000 langile ingururi eragiten dio, herrialdeko hitzarmen garrantzitsuena da. Ardura eta erantzukizun horretatik eman behar dugu gure erantzuna. Mahaian gertatzen dena ikusirik, sindikatu guztiok argi dugu patronalak ez duela negoziatzeko borondaterik, bertan jarraitzen duten sindikatuek ere behin eta berriro errepikatzen baitute gauza bera.

Metalgintzako langile guztiak defendatu behar ditugu, lan eta bizi baldintza duinak lortu behar ditugu. Sindikatu bezala hori da gure zeregina eta betebeharra; bai enpresaz enpresa borrokak piztuz zein sektoreko hitzarmenaren defentsan.

Eta, orduan, zer? Bi aukera daude, Patronalaren egoera eroso horri kobertura ematen jarraitu edota, borroka klabeetan, sindikatuok bat egitea.

Gure esku dago estatalizazioaren aurka, blokeoaren aurka eta eduki duinen aldeko olatu indartsu bat sortzea Bizkaian. Beste sektore batzuetan egin dugu, gai izan gara sindikatu guztiak elkartu eta borroka klabeetan langile guztiak aktibatzeko.

Metalgintza bezalako sektore batean, mahaian gertatzen ari dena ikusita, patronalaren jarrerak eta benetan hitzarmena nahi izateak, urrats hori ematea ezinbestekoa dugu LABen. Denok elkartuz, denon konpromisoz eta denon borrokarekin hitzarmen berri eta duina lortu dezakegu. Gure eskua zabalik daukagu denekin elkarlana abiatzeko; ELA, CCOO, UGT eta sindikatu guztiok bidea egin behar dugu.

Erasoen aurrean tamaina bereko erantzuna eman behar dugu, sindikatu guztiok batera. Patronala mugiarazteko bide bakarra, denok batera lanuzte eta greba klabeetan jartzea da. Sektoreko greba indartsuak baino ez dute hitzarmen duina ahalbidetuko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...