Aste honetan, sindikatuok eta patronalak Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio kolektiboaren bosgarren bilera egin dugu. Bilera horretan, enpresetako ordezkariek proposamen bat aurkeztu dute, baina ez da nahikoa inondik inora ere.
CEBEKek aldaketa sinbolikoak ekarri ditu bere proposamenean. Soldata igoerari dagokionez, puntu bat gehitu du urte batean eta 0,5 beste batean, honela geratuko litzatekeelarik:
2023: %6-ko igoera 2011ko taulen gainean
2024: %3koa
2025: %2koa
2026: %1ekoa
Igoerak ez dira KPIarekin lotzen, ezta atzerapenak ere. Azken tauletatik, sektore honetan KPIak %20ko igoera izan du, eta, beraz, CEBEKek sektore horretako pertsonak pobretu nahi ditu.
Patronalak egin duen beste mugimendua lau orduko lanaldi-murrizketa izan da, honela banatuta: 2024rako bi ordu gutxiago eta 2025erako beste bi gutxiago.
Malgutasunari dagokionez, patronalak aurreko bilerako diskurtso bera errepikatu du, eta %13koa ezartzea proposatu du (221 ordu urtean). Lana eta familia uztartzea berez zaila bada lanaldi erregular batekin, are zailago bilakatzen da malgutasuna tartean badago. Gizartea zaintza eskubidea izatea eskatzen ari den honetan, patronalak lanaldien banaketaren neurrigabeko irregularizazioa eskatu du.
Gainerako gaietan, enpresen proposamenak berdin jarraitzen du: antzinatasunari topea jartzea, aldi baterako ezintasunagatiko osagarria mugatzea, kategoriak egonkortzea, etab.
Proposamen horrek akordio batetik urrundu egiten gaitu, eta CEBEK, negoziazioan laguntzen ez duela jakinda, erantzukizuna sindikatuen bizkar utzi nahian dabil. Mahai hori blokeatzeko saiakeren aurrean, sindikatuen plataformetan dauden beste gai batzuei buruz hitz egitea proposatu dugu, jarrerak zertxobait hurbildu ahal izateko.
Argi dago sektorea antolatzen hasi behar dela eta aliantzak beharrezkoak izango direla Bizkaiko grafikagintza sektoreko beharginen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektibo eguneratua erdiesteko.
Hurrengo bilera urriaren 27an izango da.