Foru Aldundiko eraikinak garbitzen dituzten langileentzako hitzarmena sinatu dugu Optima azpikontratarekin. Soldata igoera garrantzitsuez gain, bizitza erdigunean jartzeko, sektore feminizatu batean garrantzitsuak diren lan baldintzak lortu ditugu, hala nola, lanaldi partzialak atzean utzi ahal izateko bakante sistema eta zaintzarako lizentzia hobeak.
Apirilean, 6 greba egun eta bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, LAB, UGT eta ESK sindikatuek soldata igoerei buruzko aurreakordioa lortu genuen. 6 urtetan, soldata-igoera gutxienez %24,23koa izango da (funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe). Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehitzen badiogu, igoera % 50etik gorakoa ere izan daiteke. Langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran, Aldundiko garbitzaileekin ia edo erabat parekatuta egongo dira. Igoera horiekin Udalhitzen soldaten gainetik geratzen gara, udaletako langileei dagozkienak. Horrek garrantzi handia du sektore feminizatu eta partzializatu honetan.
Ordutik negoziatzen jarraitu dugu, eta soldata igoera horrez gain, gaur Enpresa Batzordeko sindikatu guztiok sinatu dugun akordioan, 2030etik aurrera funtzionarioen igoera garbiketako langileentzako bermatua egotea lortu dugu. Beraz, akordioak hortik gora izango dira eta akordiorik ezean, igoera hori bermatua izango dute, soldatak izoztu ez, eta gainera, langile publikoekiko arrakala sakonduko ez delarik.
Gainera, 2026ko urtarrilerako soldataren %9,8koa izango den ordainsari berezi bat lortu dugu: lanaldi osoko langile baten kasuan, 2.489,31 euro.
Baina lan baldintzetan dena ez da dirua: LABek bizitza eta zaintza jarri nahi digute negoziaketa kolektiboaren erdigunean eta akordio honekin urrats handiak eman ditugu norabide horretan.
Alde batetik, hitzarmen honek, bizitza erdigunean jartzen laguntzen du kalitatezko denbora eta zaintzarako lizentziak hobeak emanez.
• Urtean bi zubi, kalitatezko atsedena izateko.
• Eszedentzietan bi urteko lanpostu erreserba.
• Lizentzietan hobekuntzak:
▪ Bikote eta seme-alaben heriotza kasuan, 5 lan egun.
▪ Bigarren gradura arteko senideen kasuan, 3 lan egun.
▪ Urtean 50 ordu ordainduko lehen graduko senideak eta bizikideak mediku kontsultetara lagundu ahal izateko.
▪ Soldata gabeko baina kotizatutako astebete urtean, jarraian edo banatuta erabili ahal izateko.
Bestetik, hitzarmen honek partzialitatea borrokatzen du BAKANTE SISTEMAREN bidez. Normalean garbiketako enpresek erresistentzia handiak izaten dituzte sortzen diren lanpostuak nola bete adosteko. Kasu honetan, lanaldiak handitzeari begira, zentroko edo loteko antzinatasunean oinarritutako lehentasun sistema bat adostu dugu. Horrela, lanaldi txikiak dituzten langileek lanaldiak handiagoa izateko sortzen diren bakanteetara aldaketa edo postuen pilaketa eskatu ahalko dute.
Azken batean, LABentzat ospatzeko moduko akordioa da, nahiz eta jakin etorkizunean borrokan jarraitu beharko dela erabateko parekatzea lortzeko. Bidea urratsez urrats egiten da, bidea elkarrekin eginez garaiezinak garela jabetzen gara, horregatik borrokak merezi duela azpimarratzen dugu berriro. Eta borroka eta batasun sindikala dira akordio hau posible egin dutenak, langileok, grebalariok posible egin dugu, zorionak!