2024-12-23
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Foru Aldundiko arduradun politikoen egoskorkeria gainditzeko beharrezkoa da langileak mobilizatzea

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun politikoen egoskorkeria gainditzeko beharrezkoa da langileak mobilizatzea

Joan den astean, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) langileen hitzarmenaren negoziazioak bukatutzat eman zituen Foru Aldundiak, 2019. urtearen amaieratik izoztuta daudenak. Horren ondorioz, hirugarren urtea da jada bi erakundeetako lan-harremanen esparrua berritu ez dela.

Negoziazioaren hasieran, 2021eko abenduan, LABen akordioa eta hitzarmena negoziatzeko lehentasunak ezarri genituen: enplegu publikoa sortu eta finkatzea, langile finkoen eta behin-behineko langileen arteko desberdintasunak ezabatzea, Madrileko aginduei men egin gabe soldata-igoera adostu eta berdintasunean, euskararen sustapenean, telelanean, lan-osasunean, lana eta familia bateragarri egiteko neurrietan eta beste lan- eskubide batzuetan aurrera pausuak egotea.

Hilabete hauetan, sindikatuok eta funtzio publikoko ordezkariak gai horietan aritu gara lanean, eta jarrerak hurbilduz joan gara, akordio bat lortzeko. Hala ere, gai batek edozein aurrerapen blokeatu du: soldaten auzia izan da, Foru Aldundiak ez baitu mugitu % 2 ko hasierako igoera-proposamena, Estatuko aurrekontu orokorretan finkatua. Gainera, ez zen aintzat hartzen soldaten erosteko ahalmenari eusteko inolako konpromisorik. Sindikatuok gure jarrera malgutu egin dugu % 2ko igoera onartuz, eta erosahalmena berreskuratzea atzeratu egiten dugu hitzarmenaren indarraldiaren amaierarako; aldiz, Funtzio Publikoko ordezkariek ez dute negoziazio- tarterik izan, Aldundiko arduradun politikoen kontsigna politiko argia zutelako: estatuko % 2 baino gehiagoko soldata igoerarik ez eta KPIren igoerari inolako erreferentziarik ere ez.

Gogoan izan behar dugu KPIa % 6,4 igo zela 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta martxoan urtetik urterako igoera % 9,5ekoa izan zela. Beraz, soldatek erosteko ahalmena galtzen dute, eta horrek eragina du herritarren bizi-kalitatean, elikadura, elektrizitatea, gasa eta oinarrizko beste produktu batzuk garestitu egin direlako. Langileen aldarrikapena aurreko krisietan gertatutakoa ez errepikatzea da, hau da, betikoek sortutako arazoen ondorioak (gerrak, ekoizpenaren deslokalizazioa, inperioen arteko liskarrak, hornidura falta…) betikook ordaintzea.

Langileen erosteko ahalmenari eusteko eskakizuna aho batekoa izan da Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, eta funtsezkoa izango da gobernu eta patronalen aurrean egingo diren aldarrikapenetan. Hala ere, ez da kasualitatea EAJk, Aldundia PSOEren mendetasunarekin zuzentzen duenak, patronalarekin bat egitea eta langileen bizi-kalitateari eusten dioten soldata-igoerei uko egitea. Beldurra ematen die sektore publikoan erreferentzia positiboa izatea eta horrek patronala haserrearaztea, igoera horien eskaerak sektore pribatura joan baitaitezke. Eta jarrera inmobilista horri eutsi diote, nahiz eta BPGri, diru-bilketaren igoerari, esportazioei eta abarri buruzko datu ekonomiko onak izan berri diren.

Diputazioaren blokeo-jarreraren ondorioz, Aldundiko eta GUFEko langileen erosteko ahalmena galtzeaz gain, ezin izan da aurrera egin beste arlo batzuetan, hala nola enpleguan, telelanean, lana eta familia bateragarri egiteko neurrietan, lan-osasunean, behin-behineko langileen diskriminazioa ezabatzean, etab. Gure jarrera aldarrikapen horien alde borrokatzea izango da, egunez egun, gai horietan akordioak lortzea eta hitzarmena lehenbailehen negoziatzea. Horretarako, ekintza sindikalaz eta negoziazioaz gain, ezinbestekoa da langileak inplikatzea eta mobilizatzea. LABek batasun sindikalaren aldeko apustua egingo du, mobilizazio hau ahalik eta zabalena eta eraginkorrena izan dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...