2024-12-22
HomeLAB SindikatuaLABBizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarriaren aldeko apustua berretsi dugu

Bizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarriaren aldeko apustua berretsi dugu

LABen Nazio Komiteak adierazpen bat kaleratu du gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira.

Kapitalismoa esplotazioan oinarritutako sistema da. Bere diru gosea mugagabea da eta ez dio inporta gure baliabideak, gure natura eta gure ekosistema mugatuak izatea. Sistema estraktibista da, bizitza modu guztien merkantilizazioa ardatz duena. Honela, txarto ulertutako aurrerabidearen izenean eta produktibitatearen mantrarekin, denon ondarea eta aberastasuna den bioaniztasuna, natura eta planeta bera arriskuan jartzen ari da.

Krisi ekologikoa eta bere ondorio izugarriak pairatzen hasiak gara: lehorteak, baliabide fosilen agorpena, kutsadura, aldaketa klimatikoa… ingurumenaren suntsiketak milaka lagun desplazatu ditu honezkero eta gero eta urriagoak diren baliabide naturalen kontrola eskuratzeko gerra inperialistek milioika lagun erailtzen dituzte.

Gure azken Biltzar Nagusian hartu genituen erabakietan eta finkatu genituen oinarrietan berresten gara, kapital- bizitza gatazkan ekosozialismorantz egitea hil ala bizikoa baita. Bizitza erdigunean kokatzen dugu eta, hortaz, gure lehentasuna pertsonen zein naturaren bizitzaren zaintza izan behar da. Euskal Herrian antolatu genituen Jardunaldi Ekosozialistetan azaldu bezala, aldaketari elkar osatzen duten hiru ikuspegiz ekin behar zaio: ekologikoa, soziala eta politikoa; ekologikoki iraunkorra, sozialki justua eta demokratikoki erabakia. Kapitalismo heteropatriarkalak dakarren suntsiketa geldiaraziko badugu, hau ekosozialismo eta feminismoaren bidetik izango da ezinbestez.

Enplegua bera ere, ekoizpen mailarekin erlazionatu beharrean, sozialki beharrezkoa den lanaren eta ondasunaren banaketarekin lotzea da erronka. Kultura sindikal ekosozialista sortu behar da horretarako. Jarrera indibidual nahiz kolektiboak aldatzen joan behar dugu, eredu berri bateranzko trantsizioa egiten. LABek bidea argi dauka, naturaren defentsa egingo dugu, jendartean eragile aktiboa izanda, baita lantokietako erabakietan parte hartuta.

Ekoizpen moduetan zein bitartekoetan eragin beharra dago eta langileok zeresan handia daukagu enpresen jarduera bizitzarako kaltegarria izan ez dadin. Era berean, herritarron ardura ere bada erakundeek ingurumena eta gu guztion osasuna errespeta dezaten, interes espekulatibo aseezinen gainetik. Horretarako, erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea guztiz beharrezkoa da komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.

Lelo ezagunak dioenez, orokor pentsatu eta tokian ekin behar dugu. Aldaketa erreal eta egingarriak planteatzen ditugu horretarako eta, bide horretan, jendarteko gainontzeko eragileekin aliantzak lotu eta elkarlana sustatuko dugu, orain arte egin izan dugun bezala.

Honen ildotik, gure lehentasunak argi marraztuak dauzkagu:
Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz herritarron eta langileon borrokari esker ez zen sekula martxan jarri, eta Garoña behin betiko ixtea lortu genuen. Orain, Euskal Herrian inoiz eraikitzea lortu ez duten zentral nuklearren energia Frantziatik Espainiako estatura Lemoiztik sartu nahi dute ur azpiko autopista elektrikoaren bidez. Iraingarria deritzogu honi, baita sinbolikoki ere.

Haustura hidraulikoa edo fracking-a Euskal Herrian erabil ez dadin lanean jarraituko dugu. Akuiferoen eta lurraren kutsadura eragiteaz gain, osasunerako guztiz kaltegarria dela frogaturik dago eta, horregatik, gero eta 2 toki gehiagotan debekatu da. Trantsizio energetikoa ezin da multinazional elektriko handien eskuetan utzi. Gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten energia berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egin beharra dago. Eta, honekin batera, monopolioekin amaitu, kontrol soziala areagotu eta energia ekoizpen modu komunitarioak bultzatu behar dira.

Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren makroproiektuaren obrak gelditzea eta auditoria soziala burutzea exijitzen dugu. AHTk ingurumena kaltetzeaz gain, euskal herritarroi kalte ekonomiko eta soziala ere ekarri digu. Garraiobide komunitario eta publikoaren alde egin behar da, desplazamentuak ahalik eta gehien gutxitzearekin batera, garraio pribatua kutsadura sorburu handienetako bat den heinean.

Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu. Gaur egun hondakin maila jasanezinera heldu gara eta hauxe da gelditu behar dena. Ekoizteko eta kontsumitzeko eredu berri bat dugu beharrezkoa, eredu arduratsua ingurumenarekin eta osasunarekin. Erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokienaren alde egingo dugu.

Elikadura burujabetzaren alde ere egiten dugu. Ingurumen zein osasun aldeko apostua izateaz gain, gure herriaren garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoa da. Euskal Herrian, gainera, arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza… guretzat betidanik estrategikoak izan diren sektoreei merezi duten garrantzia berriro emateko gakoa ere bada.

Sindikalismoak bizi eta lan baldintza duinak defendatu behar ditu. Bizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarria defendatu behar dugu gure herriarentzat, gure komunitatearentzat eta langile zein herritar guztiontzat. Hauxe izan da eta izango da beti LABen konpromisoa.

Ezin aipatu barik utzi alternatiben bidea jorratzeagatik, kapitalaren eta enpresen interesen jagoleak edozer egiteko prest daudela, baita zigor eredugarriak ezartzeko ere. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu Ainhoa Intxaurandietari eta Iñaki Errazkini. Iñakik berak esan bezala, “instituzioen eta botere judizialaren jabe dira, baina guk alternatibak badaudela erakutsi behar diegu”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...