Bilboko Udalak ikastetxeetan garbiketa eta desinfekzioa indartzeko kurtso hasieran iragarri zuen ordu osagarriak murriztea erabaki du.
Ikasturtearen hasieran, Bilboko Udalak 200.000 euroko inbertsioa iragarri zuen herriko eskola publikoetako garbiketa zerbitzua indartzeko. Inbertsio hori ez zen nahikoa izan, pertsona bakarra edo bi kontratatu ziren ehunka ikasle hartzen zituzten zentroetarako. Gainera, hasierako iraupena 15 egunekoa izango zela estimatu zen. Kontratu horiek lehen hilabetean luzatu ziren, baina urrian jada lehen murrizketak etorri ziren; hasieran 7 ordu/eguneko lanaldiak zirenak, aste batetik bestera, 4 ordu izatera pasa ziren; zentroetako benetako garbiketa-beharrak gaindimentsionatu zituztela argudiatuz.
Aste hauetan guztietan, ez da ikastetxerik egon kasu susmagarriengatik edo zuzenean baieztatutako positiboagatik covid protokoloa aktibatu ez duenik.
Joan den ostiralean jakin genuen zerbitzua berriro doitu zela, kontratatutako orduen kopurua berriro murriztuz. Gaur egun, zentro batzuetan egiten ari diren garbiketa-errefortzua hasieran iragarritako orduen erdia ingurukoa da. Zenbait langile kaleratu dituzte.
LAB sindikatutik Udalaren jarrera arduragabea salatu nahi dugu; izan ere, kutsatze-kopuruaren gorakadak geldiarazten ez den momentu hauetan, aldebakartasunez erabaki du eskoletan garbiketa-errefortzua murriztea. Udalari eskatzen diogu bere erabakian atzera egin dezala, manten dezala hasiera batean iragarritako inbertsioa eta ez dezala lagundu garbitzaileen lan-baldintzak prekarizatzen. Horrela, azpikontratatutako enpresari, UTE INTERIORES BILBAO IIri, langileen lanaldiak handitzeko eska diezaiola, kontratu horiek mugagabe bihurtzea eta kontratazioa handitzea, esleitutako lan-karga jasanezina izan ez dadin.