2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaBilboko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladak bere burua aurkeztu du

Bilboko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladak bere burua aurkeztu du


Bilboko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladak Bilbon landuko duen proiektuaren inguruan indarrak biltzeko agerpen masiboa eskaini du gaur Udalaren aurrean. Aurkezpena Bilboko aurrekontuak aurkeztu diren egunean egin dute, asanbladaren arabera eta orain ez bezala, "aurrekontuak egiterakoan hiritarren ahotsa entzun behar" baita.

Eskubide Sozialen Kartaren Bilboko aurkezpena
Bilboko Eskubide Sozialen Kartaren Asanblada

1. Nortzuk gara?
Hemen gaudenok Bilboko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladaren parte gara. Maiatzaren 30eko grebatik hona lanean ari gara indarrak biltzeko eta aurkeztu nahi dizuegun proiektua lantzeko.

2. Zergatik aurrekontuak?
Bilboko aurrekontuak aurkezten diren eguna aukeratu dugu, hain zuzen ere, aurrekontuak tresna baliotsua direlako erabakiak hartzeko orduan, eta erabaki horiek aldatu nahi ditugulako. Aurrekontuak egiterakoan hiritarren ahotsa entzun behar da, zeren eta gure dirua banatzeko moduak baldintzatuko baitu gure egoera soziala, ekonomikoa, kulturala eta abar etorkizunean; beraz, aurrekontuek bermatu behar dizkiete biztanle guztiei oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak.

3. Nolakoak dira Bilboko aurrekontuak?
Bilbon aurrekontu orokorrek %13ko hazkundea izan dute, baina gastu soziala %3 baino ez da hazi, esparru honetako beharrak biderkatu diren arren eta bazterketa soziala egunetik egunera hedatzen ari den arren.

Auzoetako inbertsioei eskeinitako dirua, bere jarduera kulturalei, bere ekipamendu eta azpiegiturei, negargarria da prozesu urbanistiko erraldoietara eta ekimen kultural pribatuetara bideratutakoekin konparatzen badugu. Era berean, beste herriekiko elkartasunaren atala %0,05 soilik igo da eta %0,39an geratu; nahiz eta udal honek harro dioen 0 defizita duela, aspalditik aldarrikatzen dugun %0,7tik oso urrun jarraitzen dugu.

Aurrekontu horietan inbertsioaren %75 hiru ataletara doa: Obra eta Zerbitzuetara, Hirigintzara, eta Ekonomia eta Ogasunera. Era berean, kontrol polizialean egiten den inbertsioa neurrigabekoa da, kontuan hartu gabe herri-segurtasuna ehundura soziala eta komunitatea hobetuz lortzen dela.

Bistan dago auzoen alde eta pertsonen alde egin beharrean, proiektu erraldoien eta suntsitzaileen alde egiten dutela aurrekontuek, irizpide horiekin ezin dira gehienen eskubideak bermatu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren osaketaren bidez nahi duguna da bertan jasotzen diren eskubide sozial guztiak pertsona guztientzako bermatzea. Horixe da gure helburua.

Gauzak horrela, hemen gaude erakunde sozialak eta sindikalak, kalean, eta gutxi batzuk udaletxe barruan, inorekin kontatu gabe, guztion dirua zertan gastatuko duten erabakitzen.

Kartaren bidez tresnak eman nahi dizkiegu gure buruei bizitza publikoan eta bertan hartzen diren erabaki eta kudeaketan parte hartzeko dugun eskubidea ahalbidetzeko. Karta osatzeko prozesuak bera modu zabal eta parte-hartzailean burutuko dugu Bilbon, bere auzoak kontuan hartuta.

Azken finean, konbentzituta gaude Bilbon eskubide sozialak bermatuko dituzten aurrekontu batzuk behar ditugula guztion parte-hartzearen bidez.

4. Zeren bila goaz Kartarekin?
Eskubide Sozialen Kartaren oinarrizko aldarrikapena da esparru publikoan eta horri dagozkion erabakietan pertsona orok dugun eskubidea baliatzea. Horregatik gure Kartaren prozesuan ahalik eta partaidetza zabalena bilatzen ari gara. Azken finean, guztion partaidetza nahi dugu guztion eskubideak garatzeko. Eztabaida prozesu zabala abiatu dugu Euskal Herrian, eskubideak definitzeko, eta horiek lortzeko behar ditugun tresnak zehazteko. Eztabaidatik haratago joan nahi dugu, noski, sektore guztietako pertsona eta eragile anitz biltzen ari gara iritziak eta ekarpenak elkartrukatzeko, indarrak metatzeko, eta, mobilizazioen bidez, gure errealitatea aldatzeko.

5. Nola egingo dugu?
Maiatzaren 30etik hona asanblada nazional batzuk, irekiak, egin ditugu. Talde sustatzailea eratu, eztabaidarako abiapuntua izango den zirriborroa adostu eta gida metodologikoa plazaratu dugu. Hori guztia www.eskubidesozialenkarta.com webgunean dago.

Pertsona eta erakunde asko gara gure ingurua hobetu nahian gabiltzanok eta sakoneko aldaketak sustatzen ditugunok: etxebizitza duinaren aldeko mugimenduak, auzo elkarteak, gazteak, feministak, ekologistak, sindikalistak, pentsionistak, nazioarteko elkartasun taldeak…

Bilboko taldea eratu genuen, eta hortik bultzatzen ari gara auzoetako batzordeak, aipatu ditugunak gehi interesa duten pertsona guztiak erakarri nahian. Dagoeneko San Inazion, Deustun Alde Zaharrean, Abusun, Bilbo Zaharren, Indautxun, Otxarkoagan, Errekalden, Santutxun edo Zorrotzan aurkitu ahal gaituzue, bilbotar guztientzat zabalik daude talde hauek, eta sortuko ditugunak.

Hemendik bilbotar guztiak animatu nahi ditugu euren kolektiboaren izenean edo norbanako moduan auzoetan edo Bilbo mailan hasi berria den prozesu ilusionagarri honetan parte hartzera.

Bilbon, 2013ko azaroaren 22an

 

LAB sarean
{module[111]}

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.