G7 EZ! plataformako eragileetako ordezkariok prentsa agerraldia egin dugu, Biarritzen dauden goi mandatariei mezu bat bidaltzeko, hauek euren herrialdeetara itzuli aurretik alternatiben alde borrokatzen jarraituko dugula garbi izan dezaten. Hain zuzen ere, hiriaren atarian egin dugu prentsaurrekoa, G7ren goi gailurraren azken egunean, eta zazpi aldarrikapenez osatutako adierazpen bat irakurri dugu. Agerraldia amaituta, Biarritzerako bidea hartu dugu, baina poliziak manifestazioa geldiarazi du. Hala, eserialdia egin dugu, neurri eta okupazio poliziala salatzeko eta asteburuan izandako atxiloketak eta jazarpena gaitzesteko. Irun eta Hendaiako kontragailurrean adostutako manifestua oinarri, zazpi puntuko adierazpena helarazi diogu segurtasun indarren artean azaldutako ordezkari bati, goi mandatariei helaraz diezaien.