2024-11-16
HomeEkintza SindikalaBETI ON telelaguntza zerbitzuko grebak 2022ko KPIa onartzera behartu du enpresa #LortuDugu

BETI ON telelaguntza zerbitzuko grebak 2022ko KPIa onartzera behartu du enpresa #LortuDugu

LABek eta ELAk, gehiengoa dutenak enpresa-batzordean eta lau hilabetetik gorako grebaren
bultzatzaile izan direnek, honako hau adierazi nahi dute:

Telelaguntza zerbitzu publikoak 63.000 erabiltzaile baino gehiago ditu EAEn. LABek eta ELAk
Eusko Jaurlaritzaren pribatizazio politika salatzen dute. Pribatizazioak prekarizatu egiten ditu
plantillaren lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea, enpresa pribatuen esku uzten dutenak.
Hauek, euren irabaziak lehenesten dituzte edozein interesen gainetik.

LABentzat eta ELArentzat, zerbitzua irailaren 30era arte esleitu zaion TUNSTALL enpresak,
negoziatzeko borondaterik ez izateaz gain, gaitasun falta izugarria erakutsi du, ez baitu lizitazio
berrirako lehiaketan parte hartzeko behar den dokumentazioa epe barruan aurkeztu.

TUNSTALLeko Zuzendaritzaren lardaskeriak Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko zuzeneko
interlokuziorik gabe uzten du, zerbitzu publikoaren azken esleipenduna nor den erabakitzen
duen enpresak jarritako errekurtsoa argitu arte. Orain arte aurkeztutako eskaintza bakarra
Ilunionek eta Ibermáticak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartearena da.

Enpresak egoera hori baliatu du hitzarmenaren negoziazioa irteerarik gabeko kale itsu batera
eramateko.

Hala ere, grebalarien erabakiak TUNSTALL enpresa, LABek eta ELAk osatutako greba
batzordearekin akordio batera iristera behartu du.

Akordio honek hurrengora behartzen ditu:

• Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berrestea, enpresa esleipenduna edozein dela ere.
• Oinarrizko soldatan 2022 osoko KPIaren igoera onartzea, hau da, % 6,4koa.
• Soldata-igoera horren erdia linealki aplikatzea. Formula horri esker, kategoria baxuenen eta
altuenen arteko aldeak murriztu egiten dira.
• Hobekuntza hau, zenbatekoa eta aplikatzeko modua, hitzarmenaren kontura mantenduko
da, enpresa esleipenduna nor den argitu eta negoziazioari berriro ekin arte.

LABek eta ELAk BETI ONen greban egon diren langileak zoriontzen dituzte egindako
borrokagatik , eta merezi duten Hitzarmen Kolektiboaren aldeko borrokan jarraitzeko indarrak
berritzera animatzen dituzte, enpresa esleipenduna heltzen denerako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.