2025-04-07
HomeEkintza SindikalaBeste murrizketa bat Arabako osasungintza publikoan, oraingoan ere osasun mentalean

Beste murrizketa bat Arabako osasungintza publikoan, oraingoan ere osasun mentalean

Jakin dugu Arabako ospitale psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan birmoldaketak egingo direla eta horrek lanpostuak desagertzea ekarriko duela.

Otsailaren 7an jakitera eman zen ospital horretako 43 ohe desagertu zirela, hau da, edukieraren ia laurdena. Gainera, eremuetako bat, Errehabilitazio Intentsibokoa, desagertu egin da, eta langileek ere jasan dituzte murrizketak, erizaintzako laguntzaileen kategoria izan delarik kaltetuena.

Komunikabideetan arreta mentalaren beharra areagotzen ari dela etengabe entzutea ohikoa den une honetan, eta duela bi hilabete zuzendaritzak berak aurkeztutako datuen arabera 35 urtetik beherakoetan arreta mentala %40 areagotu dela dakigun honetan, argi dago murrizketa-neurri horiek ezartzea pribatizazio-estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu. Horixe da osasun sailak osasun mentalerako duen eskaintza bakarra: murrizketak, desegitea eta pazienteak enpresa pribatuetara bideratzea.

Ekainaren 7an, Arabako osasun mentaleko sarearen zuzendaritzak jakinarazi zuen arlo bat birmoldatuko zela, kasu honetan gerontopsikiatriakoa, eta jarduera horren ondoren, erizaintza-laguntzako hiru tekniko desagertuko direla.

Bestalde, autokontzertazioari bide emango zaiola jakinarazi zuten. Horrek esan nahi du psikiatriako profesionalek ohiko lanaldiaz harago lan egingo dutela. Osasun Mentaleko Sarea profesional gehiagoz hornitu beharrean, aparteko orduetan oinarritutako aldi baterako neurriak hartzen dituzte.

Unitate horretako paziente batzuentzat dagoeneko hasiak dira egoitza pribatuetara lekualdatzeko kudeaketak. Itxura guztien arabera, ondo antolatutako estrategia da osasun arreta mentala desegiten eta pribatizatzen jarraitzeko.

Osasun mentalaren ustezko modernizazio baten mesedetan, arreta hori pribatizatzen ari da, enpresa pribatuen eskuetan pazienteak erabateko babesgabetasunean utzi eta enplegu publikoa suntsitzearen bidez. Hori dela eta, berriro ere animatu nahi ditugu pazienteak, senideak nahiz langileak mobilizazioekin jarraitzera, EAJk eta PSEk bultzatutako osasun-politiken ardatz den pribatizazio grina geldiarazteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko soldata eta pentsio duinak aldarrikatzera, orain, hemen eta denontzat

Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko...

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu...

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.