Debaldea eskualdeko LABek agerraldia egin du Bergarako Kultur Etxean, hurrengo igandean Bergaran eta Eskoriatzen zabor bilketa sistemaren inguruan egin behar den kontsultaren harira. LABek zabor bilketa sistemaren balizko aldaketarekin egon daitekeen lanpostuen galeraren gaineko kezka adierazi eta hondakinen bilketa selektiboa bultzatze eta egitearen aldeko apustua zuzena egin du, gehien birziklatzen duen sistema eta gutxien kutsatzen duen sistema delako.
GALDEKETA DELA ETA
Gure eskualdean hondakinen bilketa selektiboa martxan jarri zen, sistema desberdinekin eta emaitza oso onak ematen ditu birziklatze tasari dagokionez. Atez ateko sistemak (Eskoriatza) eta sistema mistoak (Bergara) gainera, lanpostuak sortzen ditu. Orain, eskualdeko bi herriotan, eta beranduago Aretxabaletan, herri galdeketak planteatzen dira, sistemokin jarraitu edo bostgarren kontenedorearen sistema ipini behar den erabakitzeko. Gure aburuz, erabakiko denak berebiziko garrantzia dauka; alde batetik erabakiko denak ondorio zuzenak izango dituelako ingurugiroan, eta bestetik, atez ateko sistemak eta sistema mistoak sortu dituzten hainbat lanpostu kolokan ipini daitezkelako. Hori dela eta, LAB sindikatutik gure ikuspegia jakinarazi nahi diogu iritzi publikoari, eta bereziki galdeketan parte hartu behar duten Bergarako zein Eskoriatzako herritarrei.
1- Hondakinen bilketa selektiboa bultzatzea eta egitea zuzena dela deritzogu, gehien birziklatzen duen sistema eta gutxien kutsatzen duen sistema delako. Gizakiok ingurumenaren parte gara eta berau ahalik eta gutxien kaltetzea guztion zeregina da.
2- Atez ateko sistemak, zein sistema mistoak, lanpostuak sortzen dituzte. Gai honekiko gure kezka adierazi nahi dugu, galdeketa egingo den herrietan sortu diren 8 lanpostu kolokan egon daitezkeelako. LAB sindikatuarentzat, lanpostuen mantentzea eta berauen defentsa, lehentasuna da. Une honetan, jakin badakigu egoera honek ezinegona sortzen duela atez ateko eta sistema mistoko langileen artean, inork ez bait die lanpostua mantenduko dutenik bermatu. Hori dela eta Debagoieneko Mankomunitateari egoera honekin bukatzeko eskatzen diogu. Langileak ezin dira egoera honetan eduki.
3- Herritarrei galdeketa egitea begi onez ikusten dugu, herritarren parte hartzea sustatzen duelako eta demokrazian sakontzen duelako.
4- Gai honen erabilpen politikoa egitea, ordea, ez dugu begi onez ikusten eta azken aldian gai honekiko ingurumen irizpideak erabili beharrean, irizpide politiko eta elektoralak lehenestea erabat arbuiagarria dela deritzogu.
5- Hurrengo urteotan Europar Batasunetik gutxien kutsatzen duen sistema ezartzeko agindua egongo da, partaide diren estatuentzako. Horregatik errauskailuaren aldeko apustua egitea zentzugabea, diru publikoaren xahuketa, eta biztanleon osasunarentzat kaltegarria dela deritzogu.
6- Hurrengo igandean, Bergaran eta Eskoriatzan ariketa demokratiko bat egitera deituak daude herritarrak. Horregatik, herritarrei mezu bat luzatu nahi diegu: atez ateko sistemak, zein sistema mistoak, gehiago birziklatu eta gutxiago kutsatzeaz ezezik, lanpostuak ere sortzen ditu. Une honetan, 8 lanpostu kolokan daude eta bozkatzeko orduan egitate hori ere kontutan hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Enpleguak sortzea ez da bat ere gauza erreza. Urrats handia izan zen lanpostu hauek sortzea eta ikaragarrizko galera litzateke berauek desagertzea, batez ere kale gorrian geratu daitezkeen langileentzat.