2025-12-15
HomeEkintza SindikalaBerako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Berako San Jose zahar etxearen patronatuaren asmo murriztaileen berri iragan urtearen bukaeran izan zuen LABek ‒Enpresa Batzordeko hiru delegatuak bereak dira‒. Izan ere, patronatuak indarrean zegoen hitzarmena salatu zuen hitzarmenaren negoziazio-mahaia irekitzeko. Eta negoziazioa irekitzearekin batera, zenbait murrizketa ezarri zituen aldebakarrez: aplikatu beharreko soldata igoerak (KPIaren eguneratzea) aplikatzeari utzi zion; egutegian markaturiko jaiegunen harira langileek urte luzez kobratu izan duten plusa kendu zuen; bajan egoteagatik kobratu beharreko osagarria murriztu zuen; eta urtean zituzten bortz egun pertsonalak berreskuratuarazi zizkien.

Murrizketa horien aitzinean, elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera azaldu izan du beti LABek, eta negoziazio mahaian murrizketa horiekiko bere desadostasuna agertu zuen. Udan, patronatuak KPIren eguneratzea aplikatu zuen, langile bakoitzaren erreklamazioaren ondorioz. Baina ez du bertze hiru murrizketetan gibelera egin.

Zaintza pertsona guztiak zeharkatzen dituen gaia izanik, LABek ezin du onartu egoera ekonomiko zehatz bat konpondu nahi izatea sektore feminizatu hau prekarizatzeko neurriak hartuz. Langileen lan baldintzetan gibelera egiten ari da patronatua, hitzarmenean jasota dauden eskubideak urratzen ari baita.

Horregatik guztiagatik, langileek sinadura bilketa abiatu dute, Berako herritarrei zuzendua, patronatuari murrizketak alde batera utz ditzan exijitzeko. Eta ez badu egiten, langileek mobilizatzen jarraituko dute, ez baitute inongo eskubide urraketarik onartuko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko. ELAk,...

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...