2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku dira antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile.
Euskal herritarrok 115 gailur argiztatuko ditugu Pirinioetako Bidean, Jaizkibeletik Benasqueraino. LABek bat egiten du ekimenarekin, horrela Txamantxoia eta Vignemale mendiak argiztatuko ditu eta ordezkaritza zabala izango du Jaizkibelen.
Ekimen honen helburuarekin bat egiten du LABek, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatu nahi dugulako herrion autodeterminazio eskubidearen alde.
LABentzat oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea behar dugu egoera laboral eta soziala errotik aldatzeko. Langileok erabaki, herriak erabaki, gure etorkizunaren jabe izateko.