2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaBat egiten dugu Nafarroako Sindikatu Medikuak agertzen duen Nafarroako medikuntzaren egoeraren gaineko...

Bat egiten dugu Nafarroako Sindikatu Medikuak agertzen duen Nafarroako medikuntzaren egoeraren gaineko kezkarekin, baina ez errudunak zehazteko garaian

Greba deialdia dela eta, egoera hau sortu duena Gobernu espainola izan dela gogorarazi nahi du LABek, eta medikuntzako langileei modu positiboan aldarrikatzera dei egiten diegu. Gure ustean PP eta PSOEren Gobernu espainolak izan dira egungo egoerara eraman gaituztenak, haien agintaldietan ez baitzuten plantilen gaztetze eta zabaltzea ahalbidetu. SMN ez zen orduan mobilizatu. Zergatik orain bai?

SMN sindikatuak lanuzteak deitu ditu datozen asteotarako, argudiatuta lan-baldintza kaxkarrak dituztela eta Nafarroako Gobernuak ez duela borondaterik Osasunbideko premiak asetzeko: behin-behinekotasun handia, soldatetan galera, langile falta…

LABek bere egin ditu kezka horiek, baina gogorarazi nahi dugu soldaten murrizketa guztiak aurreko legealdian erabaki zirela, UPN alderdia Nafarroako Gobernuan eta PSOE/PP alderdiak Estatuaren Gobernuan zirela. Madrilgo gobernu horiek galarazi dute plantillak berritzeko eta zabaltzeko aukera; gobernu horiek mugatu dute langileon baldintzak kudeatzeko autogobernua Nafarroan.

Are gehiago, 2012. urtean, Marta Vera Osasunbideko kontseilaria zela UPNko gobernuan, 38 ordu igo ziguten urteko lanaldia eta plantillan 600 langile galdu genituen.
Garai hartan SMNk ez zuen mobilizaziorik antolatu; ez zuen deus esan kontseilariak ordezte-tasa erabili zuenean osasun arloko burutzak betetzeko eta, horrela, Osasunbideko Lan Eskaintza Publikoa hutsaren hurrengoa bihurtzeko (izan ere, burutza horiek langile finkoek betetzen zituzten jada, eta horren ondorioz, medikuntza arloko 89 postu galtzeko zorian egon ginen). Zorionez, egungo Gobernuak zuzendu zuen egoera, eta lanpostu horiek BFEko postu bihurtu zituen.

2018. urtean berreskuratu dute erosahalmena langile guztiek, 2009. urteaz geroztik lehen aldiz.

2018. urtean, soldata % 1,75 igo zen, eta inflazioa, berriz, % 1,2; beraz, soldatak % 0,55 hobera egin du. Horrez gain, kontseilari berriaren lehenbiziko neurrietako bat izan zen medikuntza eremuko langileei lanbide karrera ordaintzea, UPNk hainbat urtetan blokeatua izan zuen hura.

Plantillari dagokionez, berreskuratu eta gainditu dugu murrizketen aurreko langile kopurua; Lan Eskaintza Publikora atera dira mila bat lanpostu, eta horietatik ehunka dira medikuntza arlokoak, estamentu guztietan kopururik handiena.
Alabaina, agerian dago arazo handiak daudela oraindik, asko eta asko Madrilgo Gobernuak sortu eta ezarriak; zintzo jokatu behar dugu, ordea, bai arazoak azaltzen ditugunean, bai arduradunak nabarmen uzten ditugunean.

SMN orain kexu da profesional faltagatik; baina, orain 8 urte PPk, Medikuntzako Elkargo Nagusiak eta zientza-elkarte batzuek numerus clausus batzuk ezartzea adostu zuten eta ezarpen horrek berak sortu du egungo gabezia.

Egia da, bestalde, profesional faltaz gain, mediku askorentzat bere horretan daudela kontratu ezegonkorrak eta eskasak, batik bat Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuentzat. Gauzak horrela, egoera korapilatsua da; izan ere, urte askoan, mediku batzuek (finkoek) soldata ederrak pilatu izan dituzte –produktibitate-osagarrien bidez-, baina, bien bitartean, maila bereko lankide askok lanaldi partzialak edo zaintzak besterik ezin izan dute egin, kontratu kaxkarren bidez.

Gure iritziz, medikuntza arloko langileen egoera berrikusi beharra da, eta Geroa Bai-ren gobernuak ez du behar adina aurreratu horretan; alabaina, arazorik handiena Madrilen hartutako erabakien ondorioz dator: profesional falta.

Horregatik guztiagatik, LABek ez du bat eginen SMNren ekimenekin, interes partikular asko eta interes laboral eskasa dutelako. Horren aurrean, guk medikuntzako langileei dei egiten diegu beren aldarrikapenak modu positiboan bideratu ditzaten; esaterako, gure sindikatuak deitutako ekimenetan: lanbide karrera eta antzinatasun gradua zabaltzea aldi baterako langile kontratatuei, plantillak egonkortzeko LEP zabala, Laguntza Taldeen Ratioak Antolatzeko Legea ezartzea, murrizketengatik galdutako erosahalmena berreskuratzea…

Horiek guztiak lortzeko, elkarrekin lan egitera dei egiten dizuegu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...